GARA > Idatzia > Mundua

30 urteren ostean, ez da justiziarik Sabra eta Xatilako palestinarrentzat

Hiru hamarkada igaro dira 1982ko irailaren 16 eta 18a bitarte Israelgo Armadaren agindupean Libanoko Elie Hobeika kristau falange taldeak Beirut kanpoaldean kokatutako Sabra eta Xatila palestinar errefuxiatu esparruen aurka erasoan jo eta 3.000 hildako utzi zituztenetik.

GARA | BEIRUT

1982ko irailaren 16 eta 18 bitartean, Libanoko kristau falangista talde batek palestinarren errefuxiatu esparruen aurkako erasoak egin zituen, Israelgo Armadaren aginduz eta haren kolaborazio osoaz -Ariel Sharon buru-. Suzko arma, labana eta aizkorekin 3.000 hildako eragin zituzten, bortxatu, torturatu eta elbarritutako gorpuak. Hiru hamarkada geroago ez da genozidio honen errudunik epaitu.

Israelgo Armadak bonbardaketa gogorrekin zigortu zuen Libano 1982an. Palestina Askatzeko Erakundearen (PAE) presentzia zen aitzakia. Bitartean, palestinarrei etxeak utzarazi eta beren lurretatik bidaltzen zituen. 350 mila errefuxiatu inguru Libanon babestu ziren.

Gosetean eta ur eta sendagai faltan murgildutako Libanoko herriari su-eten eskaintza egin zion Israelek orduan; ordainetan PAEko kide ziren guztiak herrialdetik bota behar zituzten. Israelen gezurretako promes bat baino ez. Hiru asteren buruan berriro piztu zuten sua. Milaka palestinar sendi beste behin ere suntsituta.

Bakea bermatzeko nazioarteko indarrek, su-eten itunaren arabera Beiruteko herritarrak babestu behar zituztenak, erretiratu egin ziren bat-batean. Irailaren 15ean Israelgo ehunka tanke Beirut mendebalde eta hegoaldean sartu ziren. Horietako batzuek Xatilako errefuxiatu esparrua itxi zuten. Israelgo Armadak, Ariel Sharon Defentsa ministro zutela, bere aliatuak bidali zituen orduan errefuxiatu esparruak suntsitzera: Elie Hobeika kristau falangekoak.

Sarraskiak 72 ordu iraun zituen. Kale estuak gorpuz bete ziren. Hildakoak, pilatuta, bortxatuak, torturatuak eta mutilatuak izan ziren. Haurrak euren senideen bila zebiltzan gorpuen artean. Une haietan Xatilako Gaza ospitalean lanean ari zen Ang Swee Chai sendagile britainiarrak, 72 ordu lanean geratu gabe aritu ostean, «pistolarekin apuntatuz» lana utzi eta errefuxiatu esparrutik joatera behartu zituztela dakar gogora. Bertatik irtetean, «benetako egoera zein zen konturatu nintzen: gu pertsona gutxi batzuen bizia salbatu nahian genbiltzan bitartean, kanpoan milaka hil zituzten. Gorpu batzuk jada Beiruteko eguzki indartsuaren azpian usteltzen hasiak zeuden».

Kahan batzordea

Nazioarteko presioa zela-eta, Israelek Kahan izeneko ikerketa batzorde bat osatu zuen.

Osatutako txostenean Ariel Sharon Defentsa ministroa zeharkako erruduna zela zioten, bertako arduraduna izanik sarraskia ez ekiditeagatik. Sharonek bere kargua utzi zuen, baina ez zuten sekula epaitu.

errudunak

Kahan ikerketa batzordeak aurkeztutako txostenaren arabera, Menahem Begin lehen ministroak, Ariel Sharon Defentsa ministroak eta Rafael Eitan Armadako buruak hartu zuten irailaren 15ean Israelgo Armada Beiruten sartzeko erabakia, Sabra eta Xatilako errefuxiatu esparruak zeuden lekura tankeak eramanez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo