ARNALDO OTEGI | Logroñoko espetxetik, elkarrizketa
«Aldebakarreko ekimenekin prozesuaren erritmo eta edukiak kontrola daitezke»
“Argien aroa” elkarrizketa-liburua argitara irtetear denean –GARAk publikatuko du eta hilaren 28tik aurrera izango da salgai–, lan horretan jorratutako zenbait gairen gainean gogoeta egin du buruzagi abertzaleak Logroñoko espetxetik, baita azkenaldi honetan iritzi publikoaren arreta piztu duten beste batzuen inguruan ere. Idatziz igorritako galdetegi baten bitartez egin da elkarrizketa.
Fermin MUNARRIZ | DONOSTIA
«Argien aroa» liburuan, ezker abertzaleak bere estrategia berbideratzeko gauzatutako prozesuaren eta Euskal Herrian zabaldutako aro berriaren gaineko kontakizun zehatza egiten duzu. Nolakoa izan da gaur arteko bide hori?
Nire ikuspuntutik, ezker abertzaleak modu antolatuan osatu du estrategia aldaketa, eta esango nuke bikain egin duela. Are gehiago, kontuan hartzen baditugu gainditu behar izan ditugun oztopo guztiak. Hala ere, ez dugu izan behar inongo autokonplazentzia jarrerarik.
Azken urte hauetako aurrerapausoak oso azpimarragarriak dira: indar batuketa (hauteskunde mailakoa eta herritarrena), akordio estrategikoak, nazioartean lortutako konplizitate maila, Sorturen legeztatzea, «Parot doktrinaren» gainean Estrasburgoko Auzitegiak emandako azken epaia, ezkerreko independentismoa herri honetako nagusitasun politikoa lortzeko lehian jarri izana... hor dira. Dena den, oraindik ez gara gauza izan, adibidez, estatuekin konfrontazio demokratiko eta desobedientea garatu ahal izateko eskaintza bat osatzeko; horrek jauzi kualitatibo handia ematea ekarriko liguke. Hori gabe, oso zaila egingo zaigu bakearen etsaiek praktikan jartzen duten sabotaje eta blokeo estrategia aldatzea.
Aldebakartasunak lanabes eragingarria izaten jarraitzen al du, gaur egun ere?
Aldebakartasuna da gure estrategia berriaren giltzarria. Fase politiko berri honetako egiturazko faktorea izan zen, horrela da oraindik ere, eta izaten segitu behar du.
Gutxienez, bi arrazoi dauzkagu horrela izan dadin: batetik, aldebakartasunaren aldeko gure apustua ez delako izan konponbide demokratikoak oinarri izango dituen prozesuari Estatuak emandako ezezkoaren ondorio, baizik eta erabateko uste batera heldu ginelako: Estatuak ez zuela eta ez duela inongo interesik konponbiderako prozesu bati aurre egiteko.
Eta bigarrenik, aldebakarreko ekimenek prozesuaren erritmo eta edukiak kontrolatzea ahalbidetzen dutelako, eta modu horretan euskal gizartean eta nazioartekoan baldintza zehatz batzuk sor daitezke, bakearen etsaien sabotaje jarrerak gero eta eutsiezinago bihurtuko dituzten baldintzak.
Urratsak egiten jarraitu behar du ezker abertzaleak? Zein norabidetan?
Guztiz ezinbestekoa iruditzen zait ezker abertzaleak eta ezkerreko mugimendu independentista osoak aldebakarreko izaera hori duen edozein ekimen aurrera eramatea, Euskal Herriaren baitan eta nazioarteko komunitatean geure jarrerak indartzeko eta Estatuarenak ahultzeko balio duten neurrian.
Maila estrategikoago batean, behar-beharrezkoa da ezker abertzaleak eztabaida eta elkarrizketa eremu ezberdinei espiritu eraikitzailearekin ekitea, beharrezkoak izango baitira datozkigun erronkei aurre egiteko.
Lehenengo kasuan, eztabaida eremu ireki, lasai, sakon eta parte-hartzaile bati buruz ari naiz, Euskal Herriarentzako alternatiba independentista eta klasekoa defenditzen dugunontzako tresna politiko, organizatibo eta ideologikoak (Sortu) sortzea helburu izango duena. Bigarrengoa, elkarrizketa eremu zintzo, ireki eta konplexurik gabea da, burujabetzaren aldeko sektore aurrerakoi guztiekin jorratu beharrekoa Euskal Herria Bildu izaera nazional eta antioligarkikodun «Fronte Zabal» handi gisa indartzearren. Hirugarren eremua, gatazkari irtenbidea bilatzeko interesa duten sektoreekin osatu beharrekoa da, bazterketarik gabe.
Azkenik, eskoziarrek egin duten tankerako «Elkarrizketa Prozesu Nazional» handi bati aurre egin behar diogu gure etorkizun ekonomiko, politiko, kulturalaren... gainean, geure herriko eragile esanguratsu guztiekin (sindikatuak, enpresariak, alderdi politikoak, Eliza, herri mugimenduak...). Eta hor, dauzkagun arazo sozial eta nazionalei irtenbidea aurkitzeko benetako alternatiba bakarra erabateko burujabetza dela jarriko dugu mahai gainean.
Gainera, arrazoizko epe batean, ezinbestekoa deritzot beste elkarrizketa eremu bat irekitzeari, nazioarte mailakoa bera, burujabetzaren eta sozialismoaren alde borrokan ari diren sektoreekin, Herrien eta Langileen Internazional berri eta berrituaren (Bosgarrena) eraikuntza abiatzearren.
Zein neurritan izan du eragina ezker abertzalearen berbideratzeak Euskal Herriaren egungo egoera politikoan? Zein ekarpen egin dio ezker abertzaleak bakegintzari eta normalizazio politikoari?
Geure berbideratze estrategikoak erabateko lurrikara politikoa eragin du Euskal Herrian eta bi estatuetan. Gaur egungo agertoki hau berbideratze horrek baino ez du posible egin.
Normalizazio demokratikoari egin diogun ekarpenari dagokionez, argi, zehatz eta irmo hitz egingo dut: ETAren borroka armatua euskal ekuazio politikotik desagertu bada, soil-soilik bide baketsuak erabiltzeko hartu genuen erabakiagatik izan da, eta ETA konbentzitzeko gai izan ginelako bide desiragarri bakarra hori zela. Hartu genuen erabaki hori gabe eta konbentzimendu lan hori gabe, borroka armatuak euskal agertoki politikoaren parte izaten jarraituko luke gaur.
Ezker abertzalea aldatu egin da. Iraganeko formulek, antolaketa ereduek eta lan moldeek balio al dute aro berri honetarako?
Zehaztasun eta irmotasun berarekin erantzungo dut: ez. Aurrekoekin alderatuta ezberdina den antolaketa eta politika eredua eraikitzea eskatzen du estrategia aldaketa horrek. Egitura eredu berri horrek gizarteari eskaintzen diogun proiektuaren balio alternatiboen isla izan behar du. Abangoardismo faltsuei ihes egin behar die (abangoardia izateari uko egin gabe), baita tentazio fiskalizatzaileei ere, behetik gora eraikiz eta bere izaera herrikoi eta iraultzailearen bermetzat parte-hartze demokratiko iraunkorra jarriz.
Zein ondorio atera daiteke Iosu Uribetxebarriaren askatasuna dela-eta bizi izan dugun prozesu politiko eta sozial horretatik?
Edozein ondorio politikoren aurretik, aro politiko berri honekiko Iosu Uribetxebarriak, mutur-muturreko egoeran egon arren, erakutsi duen ardura eta konpromiso maila nabarmendu nahiko nuke: bere patua eta ezker abertzalea iraganeko estrategietara eraman zezakeen edozein ekintza (berak erokeriatzat definitu zituen) banandu zituen. Jarrera horrek are nabarmenago uzten du herra, gorrotoa eta mendekua bandera politiko bakartzat duten ordezkari politikoen (izan euskal herritarrak edo izan espainolak) doilorkeria.
Atera litezkeen ondorio politikoei dagokienez, berretsita geratu da Estatuaren apustua zein den: arazoak (presoak...) konpontzeko bere parte-hartzea beharrezkoa den eremuan, prozesua saboteatzeko ahalegina egingo du. Bere baitan kontraesanak eragin dituen jarrera hori konponbide ezaren aldeko apustuaren parte da, eta erakusten du Estatuan badirela sektore garrantzitsuak Iosuren egoera agertokirik txarrenera eramateko prest zirenak.
Adierazgarria iruditu zait, aldi berean, EAJ eta, bereziki, EAEko eta Nafarroako Elizaren hierarkia berritua beren burua auzi honetatik kanpo kokatu direla, erabat. Adierazgarria diot, aldarrikapen hori ez baitzen soilik politikoa, giza mailakoa baizik.
Nola baloratzen duzu auzi honek Euskal Herrian zein EPPKren barruan eragin duen aktibazioa?
Aurrekoan aipatzen nuenaren aurka, giza mailako aldarrikapen honen inguruan sortu den herri aktibazioak gure estrategia berriaren oinarrizko elementu guztiak era pedagogikoan bildu ditu. Lehenik eta behin, aipatuko nuke bai kartzeletan bai kalean era boluntarioan eta tamaina ezberdinetan ageri den borrokarako gogoa, desobedientzia zibilaren bitartez: gose grebak direla, enkarteladak direla, manifestazioak, kateatzeak... Horiek guztiek gauza bat adierazten dute, alegia, konfrontazio zibilerako eta demokratikorako guneak sortzeko beharra, askotan planteatu duguna, euskal gizartean errealitate izaten hasi dela. Paulo Agirrebalzategiren irudiak [Iosu Uribetxebarriaren aulkia besoetan zeramala] milaka hitzek baino gehiago balio du, hori da bidea!
Honekin batera, eurek euren legeak errespetatzeko beharraren aldarrikapena txertatu dugu, eta honek beren maniobratzeko tartea txikitzeaz gain, euskal herritarren aurrean eta nazioarteko komunitatearen aurrean beren benetako aurpegia agerian uzten du. Esparru juridiko eta legalak ere, konfrontaziorako eta konponbiderako tarte horren parte izan behar du.
Azkenik, nazioarteko komunitatean konplizitate batzuk gehitu zaizkigu eta mundu mailan oihartzuna izan du. Orain eta etorkizunean kontuan hartu beharko ditugu ondorio hauek, gure aldarrikapen eta ekimenak planteatzeko orduan. Irakaspen hauek guztiak baliatu behar ditugu, etorkizunari begira gure estrategia eraginkorragoa izan dadin.
Ez dut erantzun hau bukatutzat eman nahi Iosuri eta bere familiari besarkada handi bat eman gabe, bai eta bera askatzeko borrokan parte hartu duten guztiei ere. Seguru nago bakearen etsaiek ez dutela Euskal Herrian beren helburu bakar bat ere lortuko. Sufriaraziko digute, baina etsiarazi, inoiz ez!
2008. urtean, espetxetik atera ostean «estrategia eraginkorraren» diskurtsoa egituratzen hasi zinenean, nazioarteko egoera nabarmentzen zenuen elementu erabakigarri gisa. Prozesu independentistak aipatzen zenituen (Eskozia, Quebec...), bai eta Latinoamerikako erakunde armatuak alternatiba herrikoi eta elektoralak bilakatzen ari zirela ere, FARC salbuespena zela. Lau urte geroago, Parti Quebecois independentista hauteskundeetan nagusitu da eta bake prozesu bati ekin dio FARCek. Zein ondorio ateratzen duzu hortik?
Orduan egiten genituen analisiak, aldaketa estrategikoa egitera eraman gintuztenak, errealitateak egiaztatzen dituela. Aukera hau aprobetxatuz, batetik, Quebec-eko independentistei zorionak bidali nahi dizkiet, eta, bestetik, Kolonbian abiatu behar duten elkarrizketa prozesuari atxikimendu osoa ematen diot. Nire nahia litzateke bertan akordio bidezkoa, egonkorra eta iraunkorra eskuratzea, Kolonbiako herriaren gehiengoaren zerbitzurako eredu sozial eta politikoa lortzeko bidean aurreko agertoki gisa. Ea elkarrizketa horrek fruituak ematen dituen eta Kolonbiako herriaren nahiak guztiz asetzen dituen. Horretarako gogo biziz nago.
Hauteskundeen atarian gaude, zer du jokoan herri honek urriaren 21ean?
Gure herriak (bere lurraldearen parte batek), historian lehenengo aldiz, bere konfiantza ezkerreko independentismoari emateko aukera paregabea dauka, eta mugarri historikoa litzateke hori. Baina honekin batera jokoan dagoena da herritarrek zein alternatibaren bidez egin nahi dieten aurre bakearen eta krisialdi ekonomikoaren erronkei: alderdi tradizionalek (EAJ, PSOE...) eskaintzen dituzten errezeta neoliberalen eta autonomisten bidez, edo burujabetzaren aldeko eta ezkerreko irizpideen bitartez konponbide eraginkor eta berriak eskaintzen dituen alternatiba oso baten bidez, azken hau elkarrizketatik, konpromisotik eta tinkotasunetik eraikitakoa.
Eta ezker abertzaleak zer du jokoan?
Ezker abertzaleak ez du interes propiorik, euskal herritarren interesak baino ez dira bereak. Ez dugu inorekin inolako hipotekarik, ez dugu Administrazioan inor «kokatu» behar... Eta hau da gure sendotasunaren sekretu handia, gure iraunkortasunarena, gure atzoko eta oraingo indarrarena. Oraindik bada hori irensteko eta ulertzeko gai ez denik...
EH Bilduren inguruan eratu den aliantza independentista oso zabala da soziologikoki. Zein da espetxetik bidaltzen diozun mezua?
Lehenik eta behin, konfiantza helarazi nahi nieke «ezkerreko herri abertzalea» esaten diodan hori osatzen duten Euskal Herriko gizon eta emakume guztiei. Eta honekin batera, anbizioz aritzeko deia egingo nieke: irabazteko jaio gara eta irabazteko prest gaude. Bigarrenik ere, nire maitasun, babes eta begirune osoa, politikoa zein pertsonala, gure lehendakarigai Laura Mintegiri eta inguruan bildu duen gobernu talde osoari doazkie. Zintzotasunaren eta konpromisoaren bermea dira guzti-guztiak. Maite zaituztet!