GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

J. Ortuñez | Errepresaliatua

Ikusi eta ikasi

 

Hilabete luze baten ondoren, Josu Uribetxebarriak baldintzapeko askatasuna eskuratu zuen. Ez dut oraindik perspektiba handirik sakonki aztertzeko, eta gainera gogoeta batzuen berri eman nuen jada aurreko artikulutxoan. Halere, Josuri ezarritako hainbeste izapide, helegite eta joan-etorri administratibo eta gero, beste zenbait irakaspen atera behar dudala uste dut. Izan ere, agerikoa iruditu zait Gobernuaren aldetik botatako pultsua; eta ez Josuk ez ezker abertzaleak ere inolako pultsurik inori ez diotenez bota, jakingura dut espainiar agintariek Josuren hilzoria luzatzeko zeuzkaten interesen gainean. Hipotesi ezberdinak otutzen zaizkit...

Baliteke espainiar Gobernuak horrelako kartarik aldez aurretik prest izan izana. Behingo kontua badirudi ere, lehenengo unetatik oilategi politiko-mediatiko espainiarra bat etorri zen Josu bere bigarren abizenez deitzeko eta kartzelarien borrerotzat aurkezteko. Inori ez zitzaion eskapatu, bestalde, hirugarren graduaren osteko mugimenduen geldotasuna ezin motelagoa zela, baita norbaitek nonbait behartutakoa ere. Horregatik, uste dut Gobernuak gisa horretako jokaldia prest zeukala aurkeztuko zitzaion lehenengo abagunerako. Eta aukera hori, abuztua hasi berria zelarik etorri zitzaion.

Esanguratsua izan da oso, Gobernuaren kudeaketaren eragina Genovako kaleko alderdian. Hasieran, garai bateko EBBk astebururo egiten zuen erako lan banaketa hutsa zela askok pentsatzen bagenuen ere, pitzadura bikoitzaren antzera agertzen zait gaur: PPko sektore pragmatikoen eta neofrankisten artean bata, eta Gobernuaren eta lobby biktimarioaren artean (Pagazaurtundua, Alcaraz, Pedraza...) bestea. Haustura ez da inolaz eman, baina pentsa liteke PPko sektore -oraindik txiki- batean lehentasunen inguruko aldaketaren bat ferekatzen hasi bide dela, eremu ekonomikoari protagonismo handiagoa emanez eta, lurraldetasun kontuetan, irtenbide erregionalista eta periferikoa (PNV, CiU) eskainiz. Jakina, oraindik goiz izan daiteke ibilbide hori behar den moduan zehazteko.

Josurengana itzuliz eta Gobernu espainiarrak, euskal herritar honetaz baliaturik, gizarteko sektore soberanistei eta batik bat bere ezker independentistari kristoren erronka planteatu zienez, iruditzen zait Gobernuak bere bidea erakutsi eta are azpimarratu nahi izan duela. Josurena pil-pilean zegoela hedabideek filtratu zuten errefuxiatuentzat Gobernuak prestaturiko ustezko plana, funtsean, hipotesi hura indartzera dator. Honela, Gobernuak Kolektiboari erantzun nahi izan dio eta erantzun dio, gainera, dakien modu bakarraz: krudelkeria amaigabearekin batera doan gozoki pozoidunaz, alegia. Beste hitzekin esanda eta era laburrean formulatuta, «hauxe da nire bidea eta ez dut besterik eskainiko».

Ildo beretik doazke orain arteko politikari jarraituko diola esatea eta politika honek legearen aplikazio hertsian oinarri duela etengabe zehaztuz Barne Ministerioa erakusten ari den temakeria ia patologikoa. Hartara, legearen aplikazioa hizpide dugun bakoitzean arreta handiz ibili beharra ekarri nahi genuke, berriro, denon gogora. Bai, legediak dozenaka euskal herritar kaleratzeko hainbat zirrikitu baditu izan, baina legedi espainiarrak bere jurisprudentzia nahiago du, batere axolarik ez dion Europako epaileen ebazpena baino, Zuzenbidearen ohizko oinarrien aurkako desmasiak onartu dituelarik (are batzuetan goraipatu). Zuzenbide Estatuan baino, Estatu Zuzenbidean gaude. Eta autorearen Zigor Zuzenbidearen biktima garen guztiok ondo dakigunez, hori zeharo arriskutsua izan ez ezik, aurrerantzean Frantziak edota Espainiak kontrajar diezazkiguketen erronkei begira Pandoraren kutxa ere bihur daiteke. Eta lehia gehiago botako dizkigutenik ez izan zalantza izpirik!

Ez gaitezen nahastu, pultsu horiek ez zaizkigu bakarrik PPtik etorriko. Izan ere, kudeaketa soilaren inguruan erakutsitako hitz trukea gorabehera, PSE bere betiko papera jokatzera mugatu da Josuren aferan: baldintza gabeko babesa Gobernuaren politika «antiterrorista»-ri, nazio mailako batasun espainiarra eta soberanismoaren kontrako apartheid-a. Datorren urrian hauteskundek izango dira CAV delakoan, eta pilota alderdien teilatura igaro da. Orduan ikusiko dugu presoen gaia hauteskunde kanpainaren erdian jartzeko borondaterik ote duten, baita horretara behartzeko euskal gizartea gauza den ere. Benetan ikasi al dugu azkenean? Baikor nauzue, berez eta izatez, baina iragan abuztuak zalantza dezente piztu dizkidala aitortu beharrean nagokizue.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo