Julen MURGOITIO
Kimera? Bai zera!
Ia! Pirinioetako larreak atzean utzita artaldeek Errege Bardea helburu hartzen duten sasoia. Mendiarteko abelbideetako uraskak helbide, autobideetako zerbitzugune bailiren. Heldulekura iritsi eta errieta, abeltzainak batetik, nekazariak bestetik, ura gozatzeko iritzi desberdinean. Badu bai, izan ere, zer izan eta zer egin elikadura burujabetasunak gurean. Nonbait larreak, belazeak, zelaiak edota belardiak sekula, santa izanda ere, zapaldu ez dituzten eragile batzuen arteko lerrokatzeak indartzen du ika-mika interesatua, astroen arteko lerrokatzeak mareen bizitasuna indartu legez. Portzierto, eragile batzuek eragin egiten dute, beste batzuek ez bezala; bada horretan ere zer findu hizkeran. Tira, harira! hango lur nabar zabaletan hizka-mizka diren bitartean gaineko zeru-alde are zabalagoan beheko Estatuaren aire-armadako eskoadroia ari eta ari; han-hemen gizaldeko eskuartzeak prestatzen edo, Katalunian kasurako. Ama, ama!
Esparru batzuetan zer inportantea den ez izatea, edo izatekotan isilik irautea. Orain ez asko marasma-sare batean, erriflea besopean, kulunkatzen zebilen monarka sarez aldatu da. Eta horra! internauta!. Isilik oraingoan, baina mezu-banatzaile oraindik. Nonbait, errege-etxeak paperak Botswanako zoo batean galduta pantailan idaztera egin du jauzia; jausiko ote horretan ere?. Eta euren hiztegiari aspaldiko partez astindua emanez hitz erdi galduak ekarri ditu gaurkora eta maila politikora igo. Kimera!. Ameskeria!. Lurralde bateko lurtarrek hitza eta erabakia hartzea, eta biak zein biak eginetan, omen da kimera XXI mendean odola gorputz batzuetan urdina dela sinistuta daudenentzat. Bai zera! kimera!. Kostaldea eta barnealdea dituzten periferiako lurraldeak kosta ahala kosta erdiaren besopeko airetik osasuntsu bizi daitezkeela pentsatzea da kimera. Errealagoa da 2020ko joko olinpikoak Perrexil uhartean izatea. Zentrifugoa izatea amets bizia da, eta mugimenduaren seinale; zentripetu izatea amesgaizto hila, eta mugiezinaren isla. Eta peto-peto gara gu zentrifugo, ez zentripetu. Ameskeria? Euren beroketa globaleko gauetan loa ezin harturik dauden horiena. Esaerak berak dio: txerri goseak ezkurrak amets!. Nork bere txerriak eta bere ezkurrak. Kimera? Bai zera!.