GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herrian euskaraz bizitzeko nahia adierazi dute milaka lagunek, lasterka

Kontseiluak antolatuta, euskararen aldeko herri lasterketak ospatu ziren atzo Euskal Herriko berrogei herritan. Ekimenak milaka lagun bildu zituen eta herri guztietan adin guztientzat egokitutako ibilbideak izan ziren. Lasterketak girotzeko kale animazioa ere izan zen.

p022_f02_222x222.jpg

GARA | BILBO

Milaka eta milaka lagun bildu ziren atzo Euskal Herriko berrogei herritako kaleetan zehar «Euskaraz bizi nahi dut» ekimenaren barruan Kontseiluak antolatu zituen herri-lasterketetan. Hartara, parte hartu zuten haur, gazte zein helduek euskaraz bizitzeko nahia, lasterka eta familia giroan adierazi zuten.

Kontseiluko kideek herri-lasterketa hauekin zein helburu duten argi utzi zuten aurkezpenean; «lasterketa ez lehiakorren bitartez kirola eginez eta beraz ekimen osasungarri baten bidez ehunka, milaka, herritarrek batera euskaraz bizitzeko dugun nahia, une berean eta modu berean adieraztea». Bada asmo horiek guztiak bikain bete ziren izandako parte hartze handiari esker.

40 herritan eta adin ororentzat

Atzokoan, herri lasterketak ospatu ziren, besteak beste, Arrasaten, Abadiñon, Azpeitian, Barakaldon, Baztanen, Eibarren, Iruñean, Sestaon... guztira Euskal Herriko berrogei herritan. Lasterketa batzuk goizean ospatu ziren, eta beste batzuk arratsaldean; bestalde, herrialde guztietan adin guztientzat egokitutako ibilbideak izan ziren.

Iruñean, San Frantzisko plazatik abiatuta eta Eibarren Untzaga plazatik hasita, goizeko hamaiketan ospatu ziren herri-lasterketak. Bi herrialdeetan, beste askotan bezalaxe, 0 eta 6 urte arteko umeek 200 metro egin zuten korrika; 7 eta 11 bitartekoek kilometro erdiko lasterketa burutu zuten; 12tik 17ra artekoek kilometroa bete zuten korrika euskararen alde, eta azkenik, 18 urtetik gorakoek 4,5 kilometroko ibilbidea egin zuten.

Beste hainbat lekutan, arratsaldean ekin zioten korrika egiteari, Barakaldon, Leitzan edo Zestoan adibidez. Halaber, zenbait herritan ere, lasterketak girotzeko hainbat ekimen antolatu ziren, Sopuertan «bide berdea» eginez, parte hartzaileek bizikletaz joateko aukera izan zuten eta Abadiñon Udalaren babesarekin eta herriko hainbat talderen parte-hartzearekin, jolasak, musika eta dantza emanaldiak izan ziren.

Bestalde, herri lasterketak zirela-eta, Euskotrenek zenbait herritan autobusen ibilbideak aldatu zituen, Zestoan edo Eibarren esaterako.

helburua lortuta

Kontseiluak herritarrek euskaraz bizitzeko nahia une berean eta modu berean adierazteko proposatu zituen herri-lasterketak. Atzo, Euskal Herriko txoko ugaritan izandako parte hartze zabalari esker ezin hobeto bete zuen helburu hori.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo