GARA > Idatzia > Kultura

Zulotik argitara eman du Fermin Muguruzak «Zuloak»-en sekretua

Zabaltegi sailean estreinatu zuen atzo gauerdian Fermin Muguruzak «Zuloak» filma. Aurretik, ordea, orain arte isilpean izan duen sekretua eman zuen argitara: pelikulako talde protagonista berak asmatua da. Euskal Herriko eszena musikaleko emakumeez hitz egin nahi zuen eta horixe egin du, errealitatea eta fikzioa nahasten dituen «sorkuntzazko dokumentala»-ren formula erabilita. Urriaren 5ean estreinatuko da zinema aretoetan.

p046_f02_152x108.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Muga oso labainkorra da benetakoaren eta faltsuaren artean. Dokumentaletan esaten da agertzen dena erreala dela, baina beti dago eszenaratze bat. Egia beti da eraikuntza bat eta guk hemen hainbat gauza asmatu egin ditugu», aitortuz egin zuen publiko Fermin Muguruzak azken hilabeteotan gordetako sekretua: atzo Zinemaldian aurkeztu zuen pelikula «sorkuntzazko dokumentala» dela, fikziozko dokumentala, alegia.

Hitz gutxitan esateko, Zuloak taldea berak -Eider eta Arrate Rodriguezen laguntzaz- sortu duela, pelikularen haria eraman zezan eta, bide batez, interesatzen zaizkion gaiak jorratu ahal izateko. «Dokudrama deitu izan zaio, nahastu egiten dituelako dokumental klasikoaren zenbait atal eta fikziozko beste zenbait; antigenero ere entzun izan dut... eta nire kalea Kontrakalea izanik, imajina ezazue zenbat erakartzen ninduen horrelako kontzeptu batek».

Palestinan lehenengo eta ondoren Al Jazeera telebistarekin aritu ostean, musikari eta zinemagile irundarrak Euskal Herriko eszenari buruzko zerbait egiteko gogoa zeukala azaldu zuen aurkezpenean. «Musikari emakumeekin egin nahi nuen, banituen batzuk buruan, baina ardatz ezberdinak ikusten nituen. Elkarrizketa horiek norbaitek egin behar zituen baina zuzeneko musika ere nahi nuen». Hortik otu zitzaion talde bat sortzea, zuzeneko kontzertuak muntatu eta istorioaren haria taldeak berak eramatea. Ideia horiek guztiak borborka zituela «laguntza behar nuela ikusi nuen», eta Eider Rodriguez idazlearengana jo zuen; baiezkoa eman zion hasieratik.

«Hainbeste denbora kanpoan eman eta gero Euskal Herriko eszenan zertxobait galduta nengoen», aitortu zuen Muguruzak, baita Eiderrek ere. Orduan Arrate, Eiderren ahizpa, «musikazale amorratua», sartu zuten proiektuan, emakume musikariak topa zitzan. Baina, «informatzaile huts baino gehiago, segituan txertatu genuen traman», esan zuen Eiderrek.

Honela joan ziren proiektura neskak batzen, Eider eta Fermin gidoia idazten ari ziren bitartean. «Oso proiektu dinamikoa izan da, hasieran aurreikusten genuenetik forma aldatzen joan da eta hauxe da emaitza».

Eredu ugari

Dena den, Muguruzak ez du ezer berria asmatu eta horrela aitortu zuen atzo ere. Hainbat herrialdetan egin izan dira horrelako esperimentuak, eta bere ideiaren oinarrian izan dituen adibide batzuk aipatu zituen. «Duela lau urte soinu banda bat eskatu zidaten Jesus Garay zuzendariaren `Mirant al cel' pelikularako. 1938an Bartzelonan izandako bonbardaketak kontatzen zituen baina testigantzak jasotzeko beste fikziozko trama bat asmatzen zuen».

Horretaz gain, beste zenbait erreferentzia ere izan ditu: Banksyren «Exit through the gift shop», Orson Wellesen «F for fake» edo Michael Winterbottonen «9 songs». Musika arloan, hala ere, 1984an Rob Reinerrek egindako «This is Spinal Tap» izan da sonatuena, Spinal Tap heavy talde asmatuaren inguruan egindakoa.

Baina errealitatetik ere badu «Zuloak»-ek. Muguruzak hasieran buruan zuen bezala, sei musikarirekin elkarrizketak egin ditu -Anari, Aiora Renteria, Afrika, Ines Osinaga, Marieder Sparteens eta Mursego- eta Euskal Herriko musika eszenan emakumeak duen lekuaren inguruan hitz egin dute. Protagonisten egunerokoa ere gidoian txertatuz joan dira Eider eta Fermin. Hasierako abeslariak, Izaskun Muruagak, taldea uztea erabaki zuen eta hori ere ikusten da pelikulan; Naiara Goikoetxea bateria jotzailea ere haurdun gelditu zen eta eszena batean taldeari nola esaten dion grabatu dute. Azkenean, Ainhoa Unzuetak, Tania de Sousak eta Ursula Strong-ek osatu dute hirukotea eta Mai Bass ere izan dute pare bat kantutan baxua jotzen.

Muguruzak honelako proiektu bat aurrera eramatea bideragarri egin duen jendearen ezinbesteko inplikazioa azpimarratu zuen: «500 pertsonatik gora sartu dira honetan; zuzenekoak muntatu ditugu, teknikariekin, argazkilariekin eta publikoarekin; grabaketa estudioak; entseguak egiteko goizetan ibili gara jendea kontura ez zedin; kazetari gehienek ere bazekiten eta sekretua gorde digute...».

Victoria Eugenian egin zuten atzo estreinaldia eta sarrerak salgai jarri ziren lehen egunetik agortu ziren. Orain Zuloak bandak kontzertu bira bat egingo du pelikularen aurkezpenarekin batera -www.zuloak.com-en daude data guztiak-. Zinema aretoetan, berriz, urriaren 5ean estreinatuko da pelikula: Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Madrilen eta Bartzelonan banatuko du Barton Filmsek.

«KONPLIZEAK»

500 pertsonatik gora inplikatu dira proiektuan: aretoetako jendea, musikariak, teknikariak, kazetariak... Fermin Muguruzak guztien konpromisoa azpimarratu eta eskertu zuen sekretua estreinaldira arte mantentzen lagundu izanagatik.

URRIAREN 5A

Zinemaldian gaur, bihar eta etzi izango da «Zuloak» ikusteko aukera, nahiz eta sarrera gutxi gelditzen diren. Zinema aretoetan urriaren 5ean estreinatuko da, oraingoz, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, Madrilen eta Bartzelonan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo