GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Karakorum | Jarduera

Nahaspilaren erdian 500 metro berri Brakk Zang-en

Raul Gonzalez eta Mikel Saez de Urabainek «Insurgente» aldaera sortu dute Pakistango erpinaren hego paretan (7a zailtasuna librean eta A1 artifizialean). Oso estilo arina eta alpinoa erabili dute. Sokadak gailurra zapaltzea lortu du; ziur aski, italiarren bidetik igota.

p040_f01_250x176.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Pakistango Nagma bailarak «iturri» izugarri oparoa eskaintzen die alpinistei zein eskalatzaileei. Eremu hartan altxatzen diren mendi eta erpinen izenak aipatze hutsarekin argi geratzen da aipatutakoa: K6, Amin Brakk, Changui Tower, Singu Charpa, Brakk Zang...

Bada, izar horien deiari erantzunez, Raul Gonzalez eta Mikel Saez de Urabainek kokagune horretan jardun dute. Pasa den uztailean izan zen, eta ez zitzaien asko kosta helburu zehatz bat hautatzea. Saez de Urabainek aurreratu digunez, argi zuten Brakk Zangen saiatuko zirela: «Mendi batzuetan eskalatzeko baimena behar duzu; ordaindu egin behar duzu, alegia. Baina ez genuen ordaintzerik nahi, horrek bidaia asko baldintzatzen duelako. Azkar, arin eta baimenik behar ez zuen mendi bat eskalatu nahi genuen, eta aukeratutako erpinak hori guztia betetzen zuen. Avilako laguna dut Raul, eta iaz mendigune horretara joateko gogoa zuen. Baina, azkenean, hango egoera politikoa zela eta, bidaia bertan behera utzi zuen».

Orriotako protagonistek Brakk Zangeko hego paretan bide berri bat sortu nahi zuten. Saiatu direla argi asko dago, baina, zoritxarrez, aldaera batekin konformatu behar izan dute. «Erpinak hiruzpalau bide omen zituen, baina ohartu gara gehiago daudela, han eta hemen makina bat arrasto ikusi ditugulako. Hego pareta horretan marra bat zabaldu nahi genuen, eta, azkenean, 500 metro berri egin ditugu. `Insurgente' deitu diogu», aurreratu digu alpinista gipuzkoarrak.

Bai, ezusteko galanta hartu zuten beste marra ezezagun batzuetako iltzeekin eta espitekin egin zutenean topo. Izan ere, horren berri ez zuten. Ez zuten bide oso bat zabaltzeko aukerarik izan, eta «Insurgente» aldaera (500 m, 7a/A1) izan da azken emaitza. Hori bai, 500 metro berri zabaldu eta gailurrera igotzeko aukera izan zuten: «Uste dugu italiarren bidetik igo ginela. Ez dakigu oso ziur, paretan nahiko nahaspila zegoelako. Hala ere, oso pozik gaude eginiko lanarekin. Eskalada ederra da, era askean igotzeko oso aproposa. Eskaladaz gain, bidaia borobila izan zen. Raul laguna dut, eta denbora asko neraman harekin egon gabe; ederra baino ederragoa izan zen Raulekin berriro eskalatzea».

Bi saio

Garaierara egokitzeko ohiko fasea igaro eta gero, sokada buru-belarri sartu zen helburuan. Arestian aipatu dugunez, oso era alpinoan eskalatu zuten. Ia-ia etxean bezala: eskaladarako bi soka eta petatea igotzeko 5,5 mm-tako beste bat. Lehen ezustekoa lehen luzean hartu zuten, izan ere, lau txapekin egin zuten topo: «6c gradukoa izango da. Ondoren, Raulek beste luze bat zabaldu zuen, eta iltze eta parabolt bana utzi zituen. Hortik aurrera ez genuen deus ere utzi. Zortzigarren bileran gauak harrapatu gintuen; oso bibak deserosoa izan zen. Biharamunean, petatea han utzi eta oso arin eskalatu genuen; etxeko paretetan bezala, alegia. Hamargarren bileran beste iltze bat aurkitu genuen. Beraz, gailurrera eramango zigun bide berriaren asmoa zapuztu egin zen. Hurrengo luzean, plaka batean, espit bat zegoen. Aurreraxeago, bi luze motz eskalatu ondoren, beste bilera bat. Beste irtenbiderik ikusi ez genuenez, rapelatu eta plakan aurkitutako espitera iritsi ginen. Eskuinera jo eta soka finko batzuk zeuden. Hainbeste nahaspila ikusita, gora jotzeko saioa bertan behera utzi genuen».

Kanpalekura iritsi eta hainbat egunez geldirik izan ziren eguraldiak okerrera egin zuelako. Baldintzek beste aurpegi bat erakutsi zutenean, orduan bai, bigarren saiorako prest zeuden. Eskalatzaileok, jakina, oraindik hasierako erronka buruan zuten. Beraz, bide berri bat zabaltzeko aukera ez zuten baztertzen. Lehen saioan, bederen, zortzi luze berri sinatu zituzten. Hara iritsi, eta ezkerretara jo zuten. Eguraldia lagun zutela, lotarako materiala bertan utzi eta arin abiatu ziren.

Segituan, bederatzigarren luzearekin egin ziren: «Hurrengo luzea hasi orduko, ohartu ginen bost metro ezkerretara beste bilera bat antolatuta zegoela. Beste ezusteko bat, besteak beste, hortik jarraitzeko asmoa genuelako. Hainbeste arrasto ikusi ondoren, zera galdetu genien geure buruei: zer demontre egingo dugu? Erantzuna argi genuen: bide berri baten asmoa utzi eta gailurra bilakatu zen helburua». Azkenean, italiarren bidetik ziurrenik, Gonzalez eta Saez de Urabainek tontorra egin zuten. Ilunabarreko azken argiekin bibakera heldu ziren.

Nahiz eta etxean jarritako helburua ez bete, alpinista gipuzkoarrak baieztatu du pozik direla eginiko lanarekin: «Oso eskalada ederra da, artesi sistema piloa du, paraje ikusgarria du... Arrokaren kalitatea ez da ona, zati askotan puskatzen delako. Uste dut zabaldutako aldaera hori oso ederra dela. Azkenean 500 metro berri dira. Inguruan ze bide dauden ikusirik, uste dugu guk eginiko proposamena aukera polita dela gailurrera era askean igo ahal izateko».

bi saio

Bi saio behar izan dituzte aldaera zabaldu ahal izateko. Azkenean, gailurra zapaltzea lortu dute; ziur aski, italiarren bidetik igota.

aldaera

Raul Gonzalez eta Mikel Saez de Urabainek 500 metroko aldaera berri bat zabaldu dute Brakk Zang mendian: «Insurgente» (7a/A1).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo