GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Hurley Pro 2012 Slater irabazle eta Fanning buru

Kelly Slaterrek irabazi du WCT itzuliko seigarren txapelketa, baina rankingeko lehen postuan Mick Fanning australiarrak jarraitzen du.

p044_f01_199x148.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Kelly Slaterrek irabazi du munduko azken txapelketa. Kalifornian izan da WCT itzuliko seigarren geldialdia, eta seigarrenez irabazi du Floridakoak. Gainera, garaipen honekin, 50. aldiz irabazi du maila goreneko txapelketa bat.

2000. urtean hasi ziren Trestleseko txapelketa egiten eta ordutik oso leku ezaguna da. Gainera, azken hamabi urteotan WCT zirkuitua osatzen duten leku finkoetako bat bilakatu da. Kalifornian, Los Angeles eta San Diego artean, dago Trestles, Mexikoko mugatik nahiko hurbil; leku oso lasaia da.

Trestleseko kostaldean urautsi bat baino gehiago daude, bata bestetik nahiko gertu. Harea eta harrizko hondoak dituzten urautsiak dira, beraz, nahiz eta olatuaren forma sasoian sasoiko hondar kopuruaren arabera aldatzen den, urautsien kokapena zehatza da.

Goitik behera, Cotton Point, Upper Trestles, Lower Trestles eta Church urautsiak daude. Bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta itsaskien norabideak desberdin eragiten du urautsi bakoitzean. Luzaroan sarrera debekatua egon zen Trestlesen, AEBetako Itsas Armadaren menpeko eremua baitzen.

1971. urtean Kaliforniako estatuaren lur eremu bilakatu zen kostaldea eta ordutik surflarientzako ohiko helmuga da. Data horren aurretik bertan surf egiteagatik atxilotutako surflarien kontakizunak ugariak dira. Lekua zaintzen zuten soldaduek taulak kentzen zizkieten surf egiten antzematen zituzten surflariei; diotenez, ebatsitako taulen kopurua izugarria zen, eta, hala, taula haiek guztiak gordetzeko lekua bere ere txiki geratu omen zitzaien soldaduei.

Rolf Aurnes surflari estatubatuarrak mundu mailako txapelketetan arrakasta itzela izan zuen 1969an eta ezagun egin zen. Bere aita, James Gunsmoke Aurnes, telebistako izar famatua zen eta Cotton izeneko jauregi batean bizi zen Kalifornian. Jauregiaren inguruan bazen hondartza bat eta hura ere berea zen.

Behin, Rolf Aurnes gazteak Corky Carroll surflaria gonbidatu zuen bere aitaren hondartzara, eta, hortik aurrera, denbora batez, Cottons Point guneaz gozatu ahal izan zuten bi surflari bakarrak izan ziren.

Aurnes jaunaren jabetzako sailaz harago, inguruko eremu guztia Estatuarena zen. Richord Nixon presidenteak han zuen bere bigarren «Etxe Zuria»; hala, inguruko olatuetara surf egitera joaten ziren Rolf eta Corkyk taula bat oparitu omen zioten behin AEBetako presidenteari. Beraz, surflarion eta presidentearen arteko harremana adeitsua ei zen.

Hain ezagunak ez zirenek, ordea, ez zuten halako zorterik. Egun batean, inork ikusten ez zituelakoan, surflari batzuk Trestlesen bi metroko olatu bikainen gainean gozatzen ari ziren. Halako batean, ezustean harrapatu zituen itsasontzi bat agertu zen; 26 metroko luzera zuen itsasontzi militar bat zen. Burdinazko ontzi grisak indarrez bultzarazi zituen surflariak itsasbazterrera, eta hondartzan zain zituzten polizia militarrek atxilotu egin zituzten. Taulak kendu zizkieten eta hor amaitu zen afera.

Aurnes jaunak izen txarra hartu zuen, ordea, jendeak ez baitzuen begi onez ikusten publikoa behar lukeen hondartza bat jabetza pribatuko eremua izatea. Hori dela eta, pixkanaka, surflari klandestino kopurua ugarituz joan zen.

Egun jende andana biltzen da Trestleseko urautsietan, baina nahiko leku lasaia dela esan daiteke, hirigunetik urrun baitago. Olatu mota asko aurki daitezke eremu nahiko murritzean, eta kalitate onekoak gainera. Ezker-eskuin luze eta dibertigarriak.

Ez da olatu handiak hartzeko lekua, baina mota guztietako ariketak egiteko aukera ematen du. Beraz, ikuskizun polita izaten da, munduko surflari onenen maila tekniko altua agerian geratzen baita.

Azken txapelketan, aurtengoan lehen postuei eusten ari diren punta-puntako lehiakideak izan dira nagusi. Finalerdietan, rankingeko lehen bost postuetan dauden lau surflari izan ziren lehian. Batetik, Kelly Slater eta Mick Fanning, eta, bestetik, Joel Parkinson eta Adriano de Souza. Bai Slaterrek bai Parkinsonek alde handiarekin irabazi zituzten beraien txandak.

Finalerdietan izan ziren lau lehiakidetatik hiruk, aurrez noizbait txapela eskuratua zuten Trestlesen bertan. Mick Fanningek 2009an eskuratu zuen. Joel Parkinsonek, berriz, 2004an. Eta Kelly Slaterrek, aurtengoarekin, sei aldiz irabazi du txapelketa, 2005ean, 2007an, 2008an, 2010ean eta baita iaz ere.

Finalean, beraz, australiar bat eta estatubatuar bat izan ziren. Lehia bizia izan zen, lehentasuna zuenak oso ongi kudeatu behar zuen olatu hautaketa, eta, zentzu horretan, hotz jokatu zuten bi lehiakideek. Aldiz, Slaterrek olatu hobeak hartzea lortu zuen, eta, ondorioz, puntu gehiago biltzeko aukera ere izan zuen. Trestlesekoa aurtengo itzulian irabazten duen bigarren txapelketa da Slaterrentzat, itzuliko laugarren proba ere, Tavaruakoa, berak irabazi baitzuen.

Honela mintzo zen Slater behin proba amaituta: «Banekien finalak datorren hilabeteetarako nigan izan zezakeen eragina; sailkapenean hondoratu edo aurrera egiteko erabakigarria zen. Parkok irabaziz gero, oso lagungarri izan zekizkiokeen 2.000 puntu gehiago izango lituzke eta zail izango litzateke niretzat berau gainditzea. Horregatik, datozen asteetan Europan izango diren txapelketei begira, emaitza bikaina da».

Lower Trestles beretzat leku berezia dela ere argi utzi zuen: «Lowersen emaitza oso onak lortu izan ditut, eta, hala ere, final bakoitzean presioak hor jarraitzen duela sentitzen dut. Munduko itzulia egiten hasi nintzenean bezala da. Profesional gisa nire lehen txapelketa hemen irabazi nuen eta 50. ere bertan irabazi izana aparta da».

Joel Parkinsonek erraz menderatu zituen txandak txapelketan zehar, puntu asko lortu zituen bere estilo lasai eta surf bortitzarekin, baina finalean ez zen aurreko txandetan hartu zituen olatuak hartzeko gai izan. Hala ere, ranking orokorreko bigarren postuari eutsi ahal izan dio eta hori lagungarri izango zaio.

Honela mintzo zen australiarra: «Finalera iristea emaitza ona da, dudarik gabe. Tahitik min egin zidan. Aste honetan, ordea, gustura sentitu naiz. Dena ongi zioan: arraun egiten nuen bakoitzean olatu bikainak nituen, Kellyk olatu gabeko tarte handiak izan ditu... Baina, badakizu, naturaren erdian sentitzen zara, eta bat-batean ama naturak kale egiten dizu».

Horrenbestez, ranking orokorrean Mick Fanning australiarra da buru. Aurtengo itzuliko bi txapelketa irabazi ditu: Australian Bells Beacheko txapelketa eta Tahitikoa, Teahupoo olatu beldurgarrian egiten dena, hain zuzen ere. Atzetik, bigarren postuan, bere aberkide eta lagun Joel Parkinson dago uneotan. Hirugarren postuan Kelly Slater dago, eta, laugarren postuan, berriz, John John Florence hawaiiar gaztea, itzuliko hirugarren proba, Brasileko Rio de Janeiron estatuan jokatu zen txapelketa, irabazi zuen lehiakidea.

Orain munduko itzulia Europa aldera mugituko da. Hurrengo txapelketa Hossegorren izango da, irailaren 28an hasi eta urriaren 8a bitartean. Eta segidan, urriaren 10etik 21era bitartean, munduko txapelketak Portugal aldera joko du. Han izango da WCT itzuliko zortzigarren proba.

LOWERS, PRIBATUA

Aurnes jaunaren jabetzako sailaz harago, inguruko eremu guztia Estatuarena zen. Richard Nixonek han zuen bere bigarren «Etxe Zuria»; hala, inguruko olatuetara surf egitera joaten ziren Rolf eta Corkyk taula bat oparitu omen zioten behin AEBetako presidenteari.

Kelly Slater

Sei aldiz irabazi du Lower Trestleseko txapelketa Slaterrek. Azken garaipenarekin WCT mailako 50 txapelketa bereganatu ditu jada. Profesional gisa irabazi zuen lehen txapela ere bertan eskuratu zuen. Dudarik gabe, Lower Trestles Slaterren neurrira eginda dagoela dirudi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo