Surflari Ernegatua
Bainujantzian
Itsaski hotzei aurre egiteko gure gailu zorrotzari so, neguko egun gris eta bakartiekin amesten dugu, eta jarraian argizaria bigunago ematen diogu taulari, momentua iristean prest egoteko. Ez gaitezen labaindu.
Ura ia inoiz baina beroago dago, ordea, eta eguraldia ere lagun dugu. Ez dugu aipatutako ezer behar, baina hala tokatzen da, iragarkiek diote, eta hala egiten dugu, mekanikoki, gauzak egiten irakatsi diguten moduan; alegia, pentsatu gabe. Izan ere, guk aurrerakoiok, Mendebaldeko orojakileok, irakatsi diguten eta irakasten dugun modu berean jarduten dugu, zuzen. Zuzenegi.
Sorosle talaiak nonahi eraiki eta parean korronteak izango direla uste dugu. Neguko neoprenoa jantzi eta derrigor urak hotz egon behar du. Eta udako bisitariak joaterekin batera, ezinbestean, neguan sartzen gara. Ez dugu ikasten, naiz eta bestela pentsatu behar dela diogun.
Irauli nahi nukeen sistema horren ordena miresten dut. Errespetu handia diot, ezinbestean, berau aldatu nahi badut.
Ezarritako ordenaren seme-alabak gara. «Ezberdina» proposatzeko ere, leku beretik abiatzen gara, oharkabean. «Berdina» proposatzeko ere, beste ikuspegi batetik abiatzen garen egunean bakarrik bereizi ahal izango gara.
Beraz, sentitzen dut, fede oneko guraso eta hiritar onak, nik oraindik ez dut neguko ur jantzia ateratzeko asmorik, tuboak, oraindik, bainujantzian egitera noa.