Iñaki Soto | GARAko zuzendaria
Gure erabakia
Hemendik gutxira Aieteko Konferentziaren eta ETAren adierazpenaren urtemuga beteko da. Testuinguru hartan, etorriko zenaren jakitun, adierazpen horrekin egunkarian zerbait berezia egin behar genuela pentsatu genuen. Gutako batek ideia distiratsua izan zuen: guretzat 50 urte iraun duen ziklo baten amaiera da eta ziklo horren irudi esanguratsuenetakoa Gernika da. Biak, Gernika eta «Guernica». Zumetarekin dugun harreman berezia kontuan hartuta eta guretzat bere «Gernika» margolanak duen esanahi sakonagatik, GARAko lehendabiziko zuzendari izan zenak, Mertxe Aizpuruak, eta biok Zumetari deitu eta berarekin bildu nahi genuela esan genion. Uitzin egin genuen zita. Gure hasierako ideia egunkari berezi hartan «Gernika» margolana egiteko erabili zituen bozetoak erabiltzea zen. Baina, tamalez, Zumeta ez zen oroitzen arkatzez egindako trazu haiek non egon zitezkeen. Denbora gehiago izanez gero berri batzuk egingo zituela esan zigun, baina aipatutako norabidean lehenago edo geroago ETAren erabakia etorriko zela jakinda, egun batetik bestera izan zitekeela baina noiz etorriko zen jakin gabe, horretara ezin ginela arriskatu erabaki genuen.
Ondorioz, aukera bakarra koadroko irudiak hartzea zen. Hartara, bere tailerrera bozetoak bilatzera alfer-alferrik joan ondoren, guk eraman genuen lamina baten gainean errotuladore batekin hauta zitezkeen irudiak markatzen hasi ginen. Jakina, irudiok egunkari formatura egokitu beharra zegoen eta ez zen lan erraza. Hasi eta berehala Zumetak errotuladorea gorde eta berak lan hura gure esku uzten zuela esan zigun, konfiantza zuela gugan eta guk geuk egiteko. Gutxi gorabehera, honela mintzatu zen: «Erabakiak hartzea beti da zaila, baina norbaitek hartu behar ditu; eta zuei dagokizue erabaki hau hartzea». Ardura handia zen, baina beste irtenbiderik ikusten ez genuenez, bere baimenarekin eta konfiantzarekin pozik bueltatu ginen Donostia aldera. Ondorengoa egun berezi hartako GARAren ale berezi hartan ikus daiteke. Zumeta pozik geratu zen emaitzarekin eta gu oso harro gaude egindako lanaz.
Sarri pentsatzen dut hitz haietan. Izan ere, bizitzarako lezio bat direla uste dut. Lan honetan, baita ardura honetan ere, egunero hartu behar dira erabakiak, eta ia sekula ez da erraza izaten. Jakina, batzuetan asmatu egiten dugu eta bestetan ez. Jakina, ardura gurea da, beste inorena ez.
Fermin Munarrizek Arnaldo Otegiri egindako elkarrizketarekin osatu dugun «Argien aroa» liburuarekin honelako erabakiak hartu behar izan ditugu. Zuzen edo oker, baina hartu behar genituen. Liburua testuinguru jakin batean egin da -lehenik eta behin, Arnaldo espetxean dela, horrek dituen ondorio guztiekin-, baita egoera politiko jakin batean ere -adibidez, Patxi Lopezek hauteskundeak aurreratzea erabaki du eta horrek eragina izan du guk hartu beharreko erabakietan-. Euskarazko bertsioa gaztelerazkoaren ondoren ateratzea da erabaki horien ondorioetako bat, eta zenbait jende horrekin asaldatu egin da.
Horregatik guztiagatik azalpen bat zor dugula uste dugu. Nolanahi ere, gure erabakien azalpen hau ez dago orokorrean asaldatu diren horiei guztiei zuzenduta, hor denetik baitago; alegia, fede onenetik borondate txarreneraino izan duen jendea dago horien artean. Batzuek euskara eta soilik euskara dute buruan, beste zenbaitek Arnaldo du jomuga, beste zenbait GARAri dioten herraren ondorioz ari dira honela... Hartara, azalpen hau zentzu orokor batean emanda inor ase eta denak mintzeko arriskua dago. Ondorioz, azalpena zeini zuzenduta dagoen argitu nahi dugu lehenik eta behin: gure ildo editoriala eta proiektua babesten dutenei ematen diegu azalpena, beste inori ez. Gure ardura horiekin da, proiektu hau sostengatzen duten herritarrekin. Izan ere, horien kasuan, badakigu azalpen hau emanda gurekin ados egon daitezkeela, edo ez, baina ez dira minduko, ez digute traiziorik aurpegiratuko, ez gaituzte irainduko... Ados ez badaude ere, badakigu errespetuz esango digutela, harrokeriarik gabe, okertuta gaudela esanez eta gauzak hobeto egiten ahalegintzeko exijituz, baina gezurrik esan gabe, eta, adibidez, «kolono» edo «kolonizatzaile» deitu gabe.
«Argien aroa» bezalako liburu bat egitea ez da, berez, lan zaila. Alegia, ohiko liburu bat idazteak suposatzen duen lan eskergarekin konparatuz, elkarrizketa liburu bat egitea askoz errazagoa da. Jakina, baldin eta elkarrizketatua kartzelan eta dispertsatuta ez badago; baldin eta epaiketaren zain ez badago; baldin eta kartzelatik mugitzen ez badute; baldin eta komunikazioak interbenituta ez baditu; baldin eta esateko dituenak etsaiarentzat hain garrantzitsuak ez baldin badira... Alegia, liburu hau hilabete gutxi batzue- tan egin daitekeen lana da, baldin eta elkarrizketatua ez baldin bada euskal preso politiko bat, eta, zehatzago, Arnaldo Otegi.
Baina, dakizuenez, «Argien aroa» Arnaldori egindako elkarrizketa liburua da. Liburuaren ideia eta proposamena aurretik zetorren, baina aipatutako baldintzengatik -batez ere epaiketagatik eta, ondoren, baita epaiarengatik ere- atzeratzen joan da. Ahal den neurrian elkarrizketa libreki egin ahal izateko, ez dira ohiko bideak erabili. Otegik ez du ordenagailurik, eta, ondorioz, eskuz eta boligrafo batekin erantzun ditu galderak. Ez dakigu lan honetan zenbat boligrafo hustu dituen, baina badira batzuk. Gertakizunen arabera galderak gehitzen joan dira. Erantzunak bueltatzen zirenerako gertakizun berriak zeuden eta horrek berriro dena konplikatzen zuen. Otegik zuzenketak buruz egin behar izan ditu, alegia, aurrean aurretik idatzitakoaren kopia izan gabe. Zehaztasun gehiagorik eman gabe, edonork uler dezake ze puntutaraino izan den lan zaila.
Gainera, liburuaren proiektua abiatu zenean, hau argitaratzerako Otegi kalean egongo zela pentsatzen genuen. Benetan, hori sinesten genuen. Ondoren ezker abertzalearen estrategia aldaketa bultzatu zuten lagunen aurkako kondena etorri zen, eta, ondorioz, Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto kartzelan daude egun. Zalantzarik gabe, eta izan dituen ondorio guztien artean gutxienekoa izan arren, egitate horrek guztiz baldintzatu du liburuaren garapena eta amaiera. Bestela, imajinatu une batez Arnaldo eta besteak kalean izanez gero zenbat gauza izango liratekeen desberdin, liburu hau barne.
Hori guztia kontuan hartuta, epemuga bat jartzea erabaki genuen. Udarako liburuak amaituta egon behar zuela erabaki genuen. Gauza bat eta bestearen artean, udara joan zaigu eta abuztuaren erdialderako eskuizkribua eskuartean genuen. Gure helburua, jakina, bi edizioak, jatorrizkoa eta euskarazkoa, batera ateratzea zen, aurreko liburuarekin, «Bihar, Euskal Herria» lanarekin, egin genuen bezala. Noizko? Itzulpena egiten eta zuzentzen genuenerako. Une horretan, ordea, Patxi Lopezek hauteskundeen aurrerapena iragarri zuen eta gure egutegia zapuztu zuen. Azken moldaketak egin eta Gerry Adamsen hitzaurrea itzultzen genuen bitartean, erabaki bat hartzeko tartea hartu genuen. Aldeko zein kontrako argumentuak baloratu genituen. Azkenean, hauteskundeen ondorenerako utziz gero liburua erabat moldatu beharko zela aurreikusi genuen, eta, ondorioz, gaztelerazko bertsioa behintzat ahal bezain pronto kaleratzea erabaki genuen, euskarazko bertsioa ondoren kaleratzeko utzita. Erabakia Otegirekin eta berak ordezkatzen duen mugimendu politikoarekin kontrastatu genuen. Bagenekien batzuen batzuk ez zirela ados egongo; baina liburua egiteko baldintzak eta egoera kontuan hartuta, erabaki onik ez zegoela ere nabarmena da guretzat.
Beste aukera batzuk baloratu ditugu, adibidez, itzulpenaren denborak azkartzea edota euskarazko bertsioa Internet bidez debalde banatzea ere. Baina euskararen kalitatea eta testuaren doitasuna ziurtatu gabe benetako ekarpenik ez genuela egiten pentsatu genuen. Eta Internetez eta debalde banatuz, paperezko bertsiorik gabe, euskara benetan bigarren mailako hizkuntzatzat hartzen genuela iruditzen zitzaigun (Interneterako bertsioa bi hizkuntzetan egongo da). Berriro ere, agian, erabaki okerrak hartu ditugu hemen, baina norbaitek hartu behar ditu; ez da erraza eta gure ardura da.
Zergatik idatzi duen Otegik liburua gazteleraz? Arnaldok berak erantzun beharko luke, baina hizkuntza horretan duen zehaztasuna euskaraz ez duela nabarmena da. Eta zehaztasunak liburu honetan duen garrantzia ere nabarmena da. Bide batez, idazlanen bat euskaraz argitaratu duen edonorentzat (hizkuntzalaritzan aditua ez denarentzat bederen), nabarmena da autoreak aurkeztu- tako testuaren eta zuzentzaileak ondutakoaren arteko aldea. Izan ere, Euskaltzaindiaren arauak betetzeko eta irakurgarritasuna errazteko oso ohikoa da euskal liburugintzan jatorrizko testuak nabarmen moldatzea.
Beste alde batetik, Arnaldok euskararekin duen konpromisoa ezin da zalantzan jarri, maila pertsonaletik hasi eta alor ideologikoraino joanda. Hemen koherentzia faltaren adibide bat topatu nahi duenak gezurra esan behar du. Eztabaida honetan mezuaren hartzailea zein den ere aipa daiteke, baina hori ez da gure ardura eta testu honen helburua ez da hori azaltzea, baizik eta gure jendeari guk hartu ditugun erabakiak zergatik hartu ditugun esplikatzea, besterik ez.
Badira ere ezker abertzalea interpelatu duten pertsonak. Jakina, ezker abertzaleak erantzun beharko du, baina edizio hau lehenbailehen argitaratzeari betoa jarriz gero liburuaren funtzioari eta mezuari mesede eskasa egingo lioketela esan behar dugu. Eta horixe da honetan guztian guretzat garrantzitsua: Arnaldo Otegik zerbait du kontatzeko, bere burkideei, bere aberkideei, bere areriori, atzerritarrei... eta kontatzeko duen hori garrantzitsua da guretzat. Irizpide hori lehenetsita, hartu ditugun erabakiak hartu ditugu, zuzen edo oker, baina hemen azaldu dugun bezala, zintzo eta ondorioez kontziente.