APUSTUA | ZIZURKIL
Alkortak segako saioan erabaki du neurketa
Amaieran ia 200 kiloko tartea kendu dio Asteasun bizi den donostiarrak Jexuxmari Ormaetxeari.
Jon LEUNDA
Mikel Alkortak irabazi zuen atzo Zizurkilgo Zaldu baserriko belardietan jokatu zen apustu mistoa. Asteasun bizi den donostiarrak ia 200 kilo kendu zizkion Jexuxmari Ormaetxeari. Kirolari bakoitzak bost kilometro egin behar izan zituen korrika eta ondoren ordu eta erdi bete bitarte segan. Bakoitzak 3.000 euro jokatzen zituen dirutan. 1.000 ikusle inguru bertaratu ziren apustua ikustera. Dirua oso nabarmen atera zen Orendaingo kirolariaren alde saioaren hasieran.
Aurrez iragartzen zen bezalaxe, atzoko apustua segan erabaki zen, korrikako bost kilometroetan ez baitzen ezer erabaki. Korrikako saioan denbora ona egin zuten, inork uste baino hobeagoa. Kontuan hartuta gero zer egin behar zuten, askoren ustez azkarregi ibili ziren korrika, baina bi kirolariek lan guztia oso ongi bete zuten.
Korrikako saioan bakoitzak bost kilometro egin behar izan zituen, eta 125 metroko sail bat hartu zuten horretarako. Bakoitza alde banatan aterata abiatu ziren. Alkortaren nahia Ormaetxea harrapatu eta gainditzekoa zela azkar ikusi zen; nahiko erritmo bizian abiatu zen donostiarra. Ormaetxeak, aldiz, erritmo bat hartu eta han jarraitzen zuen. Lehen kilometroa 3 minutu eta 32 segundoan egin zuen Mikel Alkortak, eta 30 segundo kendu zizkion Jexuxmari Ormaetxeari. Ordurako Orendaingoa harrapatu eta pasatuta zeukan Alkortak.
Hortik aurrera gauzak aldatzen hasi ziren. Irabazlea erritmoa jaisten hasi zen, eta apurka-apurka Orendaingoak aldea murrizteari ekin zion. Bigarren kilometroa 7 minutu eta 22 segundoan burutu zuen Alkortak, eta 20 segundo ateratzen zizkion aurkariari. Hirugarrena, berriz, 11 minutu eta 26 segundoan egin zuen Alkortak, eta aldea 17 segundokoa zen.
Alkorta korrika gero eta justuago zihoala zirudien, eta Ormaetxea, berriz, gero eta gertuago zeukan. Laugarren kilometroa 15 minutu eta 40 segundoan amaitu zuen irabazleak, eta aldea 15 segundokoa bakarrik zen. Amaieran, bost kilometroak 19 minutu eta 56 segundoan amaitu zituen Mikel Alkortak, eta 20 minutuan, berriz, Jexuxmari Ormaetxeak.
Ondoren, segako saioa zuten, ordu eta hamar minutu zituzten aurrean. Biak nahikoa beteta bezala joan ziren bigarren lanera, baina apurka-apurka bere onera etortzen joan ziren. Hor saio oso polita izan zen, hori bai, hasieratik Alkorta hobeto ari ote zen errezeloa zegoen. Segan bakoitzak 2.000 metro zeuzkan prestatuta, hamar sailetan banatuta.
Alkorta aldea ateratzen hasi zen, eta bi mailako tartea ere izan zuen alde, nahiz eta amaieran Ormaetxeak pixka bat jan zion. Amaieran ez zirudien alde handia egongo zenik, baina egon zen; Alkortak 2.841 kilo ebaki zituen, eta Jexuxmari Ormaetxeak, berriz, 2.649 kilo.
Udan euri gutxi egin du, eta bazegoen belarrarekin kezka apur bat, baina segalariak sailak ureztatzen aritu dira belar ona izateko, eta atzo primerakoa izan zuten segan aritzeko.
«Egia esan, korrika biziegi hasi garela iruditzen zait. Hasieran aldea atera nahi nion, baina ikusi dut gainean neukala, eta orduan lana lasaiago egitera joan naiz. Segako lanean, berriz, gozatu egin dut», esan zuen Mikel Alkortak saioaren amaieran.
«Korrika ongi aritu naiz, gustura, eta gehiegi jo gabe hasi naiz segan. Han ere ustez ongi ekin diot, baina, egia esan, gero ez naiz batere ongi jardun. Ez dakit zer gertatu zaidan, agian zegoen beroa kontuan hartuta ur gutxiegi edango nuen, baina kontua da ez naizela ongi jardun. Gorputzari buelta eman ezinik aritu naiz», esan zuen Jexuxmari Ormaetxeak. J.L.
Atzoko saioa amaitu ostean, bertso dotoreak entzun zituzten lanean aritu ziren bi kirolariek. Irazu, Solozabal eta Telleria aritu ziren kantari, eta saioa amaitu eta ebakitako belarrak ongi pisatu eta kontuak atera bitarte jardun ziren lanean aipaturiko hiru bertsolariak.
Atzoko apustuak ikusmin handia piztu zuen, eta saioa ikusten aurpegi ezagun asko izan ziren. Mugertza, Etxebeste, Irazu eta Arrospide aizkolariak, Lizaso segalaria edo Aimar Irigoien harri-jasotzailea bertan izan ziren. Denek ere gozatu ederra hartu zuten saioa ikusten.