GARA > Idatzia > Kirolak> Futbola

CFA

Jarraian bi partida galdu eta gero, nabarmen egin du okerrera Avironen egoerak

AVIRON 0

O. LYONNAIS B 1

 

 

Jon LEUNDA

Herenegun iluntzean jarraian bigarren porrota jaso eta gero, nabarmen egin du okerrera Baionako Avironen egoerak. Gainera, galtzea ez da okerrena, golak sartzea zenbat kostatzen zaion ikustea baizik. Golik sartu ezean ezin da partidarik irabazi, eta horixe da gertatzen dena.

Olympique Lyonnaisen bigarren taldearen aurka lehen zatian erabaki behar zuen partida Baionako taldeak. Ez zuen asmatu kanpotarren atearen aurrean, nahiz eta horretarako aukerak izan zituen, eta aurkariek, berriz, izan zuten abagune bakarra baliatu zuten gola sartzeko, eta horrela ezin da partidarik irabazi.

Lehen hogei minutuetan bost aukera garbi izan zituzten euskaldunek, eta ezin izan zuten kanpotarren atea zulatu. Etxekoak jaun eta jabe ziren, baina kanpotarrak Ximunen ate ingurura gerturatu ziren lehen aldian, Herissonek penaltia egin zuen, eta Ximunek Baionakoei adierazitako aurreko biak geratu baldin bazituen ere, oraingoan ezin izan zuen, eta Lyongo taldea aurretik jarri zen markagailuan.

Atsedenera joan aurretik partida berdintzeko aukerak izan zituzten etxekoek, baina ez zuten asmatu. Bigarren zatian, berriz, kanpotarrak ongi itxi ziren, eta kontraerasora jokatu nahi izan zuten, eta horrela egin zuten. Aviron nahi eta ezin ibili zen bitartean, frantziarrek gol gehiago sartu ahal izateko aukerak izan zituzten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo