Hiru emakumek indarrak batu dituzte «As Linhas de Torres» hiru ataleko filmean
GARA | DONOSTIA
Ostegunean Susan Sarandon izan zen argazki kamera guztien helburu. Ordutik Zinemaldiko alfonbra gorritik pasatu diren ospetsu guztiak gizonezkoak izan dira: Richard Gere, Ben Affleck, Barry Levinson, Alan Arkin, Oliver Stone, John Travolta, Benicio del Toro... Atzokoa, aldiz, emakumeen eguna izan zen. «Las Linhas de Torres» telebistarako filmeko protagonistak jarraitzaileak agurtzen eta irribarreak nonahi eskaintzen ibili ziren flash guztiak erakarriz. Catherine Deneuve, Isabelle Huppert eta Marisa Paredes aktoreez ari gara.
Deneuve maiz etorri izan da Donostiako jaialdira eta beretzat ediziorik bereziena, seguruenik, 1995. urtekoa izan zen, urte horretan Donostia saria jaso baitzuen Susan Sarandonekin batera. Aurten ere elkar ikusteko aukera izango dute. Huppertek ere badu bere Donostia saria; 2003an jaso zuen. Urte hartan Sean Penn eta Robert Duvall izan ziren beste sarituak.
Oraingo honetan hiru aktoreak telebistarako mini-telesail formatuan grabatutako lana aurkeztera etorri dira. Deneuvek berak filma ikusi ostean azaldu zuenez, «lan luzea da, baina oso ederra». Huppert ere iritzi berdinekoa da: «Bikaina, hunkigarria eta zirraragarria da. Gerraren bortizkeria erakusteaz gain, oso lan femeninoa da».
Marisa Paredesek adierazi zuenez, proiekzioak iraun zuen hiru orduetan «aulkiari itsatsita» egon zen, baina, bere ustez, hori normala da, berak ere lanean parte hartzen duelako. Hori bai, harritu egin zen ikusleen harrera ona ikusita. «Oso ondo jasan dituzte lanaren hiru atalak», azaldu zuen.
Filmaren bertsio laburra Veneziako zinema jaialdian ikusi ahal izan zen eta oraingoan oso-osorik ekarri dute Zinemaldiko Zabaltegi Bereziak sailera. Guztira hiru orduko proiekzioa da. Filma ikusi nahi dutenek azken aukera izango dute gaur Trueba zinemetan, arratsaldeko lauretan.
Filma, jatorriz, Raul Ruiz zuzendari txiletarraren ideia da, baina hil zenean, bere emazteak, Valeria Sarmientok, berrekin zion proiektuari. Lanak Napoleonen tropek Portugal bereganatzeko egindako ahaleginak kontatzen ditu.