GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Bi kontu eta desira bat

Orduko garai haietan esaten zen, marxismoaren hitz potoloetan esanda, historiaren motorra klase borroka zela. Ordurako, baina, zahar usaineko erromantikoek zioten amodioa zela gauzak eta egoerak mugitzeko benetako motorra. Maitasunak, bere lehen unetik, «tontoleszentziatik» alegia, esplikatzen zituela jendearen jokamolde eta ekintzak. Gero, minkide batek pista berri bat eman zidan: ez klase-borroka ez amodioa, aspermenak esplikatzen du dena. Jendea aspertu egiten da eta horregatik hain zuzen, horrek bultzatuta, egiten ditu egiten dituenak.

Sarritan pentsatu izan dut aspermenaren ahalmen miragarri horren inguruan. Aspertu egiten dela jendea, eta dibertitzeko batzuk, ezer hoberik egiteko ez dutelako bestek... benetan uste dut badagoela benetako egia puska bat hor. Egunotan Arnaldo Otegiren «Argien aroa» liburuarekin piztu diren ika-mika eta marmarrak, esan direnek eta esan gabe jakitera eman direnek baieztatu dute nire ustea.

Liburua irakurtzeko aukera izan dut, erdaraz, gozo-gozo. Eta bizpahiru irakurgai batera tartekatzeko ohitura dudanez, ba Joseba Sarrionandiari «hAUSnART» aldizkarian egindako elkarrizketa mardularekin batera irakurtzea egokitu zait. Gauza asko irakurri ahal izan dira Arnaldoren liburuaren inguruan; bi nahi nituzke aipatu. Bata, politikaren mamizko kontu bat da. Bestea, pertsonala. Eta bukatzeko, desira bat formulatu.

«Euskalduna naiz, euskaraz bizi nahi dut, baina euskal nazio proiektu politiko bat, izatekotan, erdalduna ere izango da. Proiektu hori ez da berez etorriko, eraiki besterik ezin da egin». Bai, ados naiz Sarrionandiarekin. Hori politika serio baten funtsezko funtsaren funtsa dela kaskarrean sartzen ez bada... Arnaldo Otegi ezagutzeko aukera izan dugunontzat, euskararekiko, euskal nazioaren proiektu politikoarekiko bere konpromiso pertsonala zalantzan jartzeak ez dauka izenik.

Aspertzea, libre! Jakina. Baina dena ez da zilegi. Ezta euskalgintzarako ere. Denok bezala, nahi eta ezinaren mundukoa baita, eta autokritika beharra gorri kolorekoa du, eta atera ditzala zalantzen plazara bere ideiak dantzara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo