GARA > Idatzia > Euskal Herria

ZIENTZIA

Artikoko izotzaren desagertzea

Ekosistema aberatsa du Artikoak eta hori galtzea zoritxarra izango da, baina ez litzateke zuzena izango itxaropen faltsuak sortzea.

 

Mikel SUSPERREGI (m.susperregi@carbonicacapital.com)

Sarritan esaten da Artikoa dela gure planetaren eremu sentikorrena tenperatura globalari dagokionez, eta aldi berean berotze globalaren termometro fidagarriena. Aldaketa klimatikoarekin batera eta planetaren berotzearekin, Artikoko izotza urtero etengabe urtzen ari da eta udan zehar erabat murrizten da. Datozen hamarkadetan zalantzarik gabe bere amaiera ikusiko dugu. Aurreikuspen zientifikoen arabera, 2050 baino lehen guztiz desagertuko da Artikoko izotza.

Komikoa iruditzen zait aurreikuspen horrek harridura sortzen duela ikustea, gure ekintzen ondorio zuzena da-eta. Ezin dugu teknologikoki ezer egin hau ekiditeko. Ondorioa ez da apokaliptikoa baina halabeharrezkoa da.

Planetaren sasoiak jarraituz, udan bertako izotza urtu egiten da, eta neguan berriz izoztu. Izotz geruzaren azalerak urtero puntu maximo eta minimo bat ditu (normalean hilabete honetan). Zikloa urtero errepikatzen da.

NASAko zientzialariak duela hogeita hamahiru urte hasi ziren sateliteko irudiak biltzen izotzaren azalera neurtzeko. Irudiek erakusten dute orokorrean 1980tik gorabeherak izan badira ere, murrizketa dramatikoa izan dela.

Sateliteko irudiok erakusten dute adibidez 1991tik 1995era izotzaren azalerak gorantz egin zuela, eta 2000. urtera arte berriz beherantz. 2008tik 2010era gorakada nabarmen bat izan zen, baina geroztik, gaurdaino, gutxitze dramatikoa. Beraz, datuak ez dira sinpleak eta epe luzeko irudiari begiratu behar diogu, ez urtez urtekoari.

Aurten, irailaren 16an, inoiz izan dugun punturik baxuena neurtu zen. Ordura arte udaran izotza urtu egin zen eta hilaren 17tik aurrera berriro izozten hasi da, neguko zikloa hasiz.

Irailaren 16an, Artikoko izotzak 3,4 milioi kilometro karratu zituen, hau da 1980an neurtu zenaren erdia. Beste modu batean esanda, Alaskaren neurriaren bikoitza da galdu den azalera. Azken bost urteetan berriz %20 galdu da, Texasen azalera.

Datuok oso dramatikoak dira, eta azaleraz gain ohartu dira baita ere meheagoa dela izotz geruzaren loditasuna. Beraz, guztira, azaleraren datuek erakusten dutena baino larriagoa da benetako datuek atzean dutena.

Ekosistema aberatsa du Artikoak eta hori galtzea zoritxarra izango da, baina ez litzateke zuzena izango itxaropen faltsuak sortzea.

Bestalde, izotzaren murrizteak aukera berriak sortu ditu. 2005az geroztik Errusiaren ipar kostaldea itsasontziek zeharkatu dezakete Asiatik Europarako bidean. Ondorioz, Koreako itsasontziek bide hori erabiltzen dute udaran, 10.000 kilometroko bidaia da, bi astez luzatzen dena. Artikoa ez balute erabiliko, bidaiaren luzera bikoiztu egingo litzateke Indiako itsasorako bidea hartuz lehendabizi, eta Suezko kanala zeharkatuz ondoren.

Argi dago azpiegitura berri asko behar dela itsas ibilbide horiek prestatzeko, garraio enpresek beharrezkoak diren zerbitzuak izan ditzaten. Aldi berean, Artikoak gas eta petrolioaren esploraziorako aukera berriak zabaltzen ditu, eta tirabira ugari izan dira dagoeneko eremu horren subiranotasunari buruz, Errusia, Kanada eta Korearen artean.

Aukera nire eskuetan balego, itsasontzien parte Artikoko hartzak aukeratuko nituzke, baina oraingo honetan gure ordez badirudi Naturak aukeratuko duela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo