GARA > Idatzia > Iritzia> Hemeroteka

Rikardo Arregi 2012/9/26

Independentzia eta greba

Deia

Kataluniako independentzia oso gauza txarra omen da entzun eta irakurri dudanez. Benetan txarra, eta ez bakarrik Kataluniako jendearentzat edota Espainiakoarentzat, baita Europako jendearentzat eta Marte planetako balizko bakterientzat ere. (...) Txikitatik izan naizenez ni «kontraesanaren espiritua» (amak hitz horiek erabiltzen zituen) eta nahikoa mesfidati, susmagarria iruditzen zait Kataluniako independentziaren kontra dagoen kanpaina hori. Gaur egungo munduan estatuak gainbehera daudela diote eta absurdoa dela estatu bat aldarrikatzea. Gainbehera egongo dira estatuak, ez dut nik hori ukatuko, baina Europako Batasuneko saltsa ikusita, erraz ondoriozta dezakegu estatu batzuk gainbehera joaten ari direla, baina beste batzuk, aldiz, inoiz baino osasuntsuago daudela. Ez da gauza bera Alemania izatea, edo Malta, argi dago, edo Puerto Rico, askoren utopia berria (hau da hau!).

Antzerako zerbait gertatzen zait irailaren 26ko, gaurko, grebarekin: badirudi greba egiten badugu, pikutara joango dela dena azkar, galerak eskergak izango direla, lan egin nahi dutenek zailtasunak izango dituztela lan egiteko, krisia krisiago izango dela, langabetu konpurua handiagoa eta klima aldaketa bizkorragoa. Orduan, hainbeste galtzen bada greba egun bakar batean, zenbat irabazten da greba egun ez diren beste egun guztietan? Eta garrantzitsuena: grebak egiteak ez du ezer konpontzen, ez dugu ezer lortuko. Greba egiten ez dugun egunetan den-dena lortzen dugu, jakina. Orain dela oso gutxi Portugalen lortu dute gobernuak bertan behera lagatzea ezarri nahi zuen hainbat arau (zerga) berri. Kontraesanaren espirituak irabazi du.

Niri greba egunak gustatzen zaizkit, esan dut dagoeneko: eguneroko bizimodu aspergarrian, eguneroko basamortuan oasi bat dira greba egunak. Norbere burua askeago sentitzeko parada ematen dute, eta norbera ez dagoela hain bakarrik ikusteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo