GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

CLAUSURA DE LA 60 EDICIÓN DE ZINEMALDIA

Hoffmanek batuta astindu du «Quartet» filmeko musikariekin

p014_f02.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Musikari batek musika-tresna alde batera utzi eta orkestra baten aurrean lehen aldiz jartzen denean nota guztiak ondo jotzen direla ziurtatu behar du. Dustin Hoffman aktoreak ere zuzendariaren batuta hartu du bere lehen filma egiteko. Musika, zahartzaroa eta bizitzeko gogoa uztartzen dituen «Quartet» filma zuzendari berriak Donostia Saria jaso zuen egun berean aurkeztu zuen.

Erretiratutako musikarientzako zahar-etxe batean kokatzen da istorioa. Bertan Reggie, Wilf eta Cissie, opera talde bateko kideak, bizi dira. Halako batean, Jean, Reggieren emazte ohi eta taldeko laugarren kidea agertzen da. Honek zenbait buruhauste sortuko dizkie protagonistei.

Hoffmanek film honen bitartez azaldu izan nahi duena da zahartzaroa ez dela pasioak alde batera uzteko arrazoia. «Ezin nituen aktoreak kontratatu musikarien papera egiteko, hobe zen benetako musikariek parte hartzea», azaldu zuen. Hala Britainia Handian zehar erretiratutako puntako musikariak bilatu zituen, eta gogotsu ziren asko aurkitu zituzten. «Zergatik baztertzen du kulturak honelako jendea oraindik, maila berdinean ez bada ere, musika jo badezakete?» galdetu zuen Hoffmanek. «Quartet» filmeko protagonistez aparte, gainerako pertsonaia gehienak munduko orkestra garrantzitsuenetan ibilitakoak dira, eta hala ere, «kaletik ikusiko bagenitu ez genien jaramonik egingo».

Zuzendariaren iritziz, denon helburua da hilezkorrak izatea, eta ezinezkoa denez, behintzat guztien oroimenean iraun nahi dugu. Finean, maite ditugun pertsonak gutaz gogoratzea nahi dugu. Hilezkortasun hori lortzeko bide bat artea dela nabarmendu zuen, ez dagoelako artea ezabatuko duenik. «Jainkoarekin duzun joko bat da, erronka bat», azaldu zuen, jarraian, bizitza paralinpiadekin alderatuz. Bere aburuz, zerbait ezin dugula gehiago egin esaten digute, baina, hala eta guztiz ere, aurrera jarraitzea da gakoa.

Gidoia aktoreen eskuetan

Pelikulako laukotea Pauline Collinsek, Tom Courtenayk, Maggie Smithek eta Billy Conollyk osatzen dute. Azken hau, aktore eta umorista eskoziarra, Donostian izan zen Dustin Hoffmanekin batera. Azaldu zuenez, laukoteak filmean abesten ez badu ere, abesten ikasteko eskoletara joan behar izan zuten. Hoffman ikustera joan zen egun batean, eta hunkituta, negarrez hasi zen.

«Ez dira opera abeslariak, aktoreak dira, baina abeslari izatearen oinarria ulertu zuten, eta oso hunkigarria izan zen -adierazi zuen zuzendariak-. Inork ez du Pavarottiren ahotsa aktore baten ahotan ikusi nahi, eta horregatik ez nuen eszena hori gehitu».

Zinemagileak ariketa horrekin nahi zuena da protagonistek atzean zituzten musikarien sentimenduak ulertzea. Une oro pelikulan parte hartzen dutenen egoerara moldatu zuen gidoia filma erarik errazenean aurrera atera ahal izateko. «Plazer bat izan da aktoreak eta aktoreak ez direnak zuzentzea -baieztatu zuen-, zineman izan dudan esperientziarik onena izan da», jarraitu zuen.

Gaineratu zuenez, berak aktore moduan egin dituen antzezpenik onenak esfortzurik gabe egin dituenak izan dira. Horregatik saiatu da filma aktoreen eskuetan jartzen. Badu filosofia bat: beste zuzendariek aurretik egin dituzten akatsak ekiditea. Uste du grabaketa hasten denean aktoreak duela beti arrazoia, eta eszena bat ondo ateratzen ez bada aldatu egin behar dela.

Ildo horretan, Conollyk jokaera hori eskertu zuen esanez berak gogoko duela zuzendaria beste aktore bat izatea, hala jakin badakielako antzezleek zer sentitzen duten. Izan ere, Hoffmanen pelikula berri honetan balio handia du inprobisazioak. Aktore bakoitzak ekarpenak egin zizkion bere pertsonaiari. Hala, Wilfek Cissierengatik sentitzen duen ardura Conollyk berak proposatu zuen.

Hoffmanek aspalditik zuen film bat zuzentzeko ideia, eta hainbat saiakera egin ostean azkenean lortu du «Quartet» filma egitea. «Barne deabruek ez zidaten uzten. Batzuk gainditu ditut, baina oraindik asko gelditzen zaizkit», azaldu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo