GARA > Idatzia > Euskal Herria

Abertzaleek Ipar Euskal Herriko «nahia» entzuteko eskatu diote PSri

AB, Batasuna eta EAko ordezkari eta hautetsiek mezu zuzena bidali zioten atzo PSri. Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako Lurralde Elkargoaren eskakizunak lortutako adostasunak «herritarren gehiengoaren borondatea» islatzen duen heinean, «arduraz» jokatzeko eskatu zioten, botere politiko nahiko baduela gogoratuta. «Sasi-erantzuna» emango balu, 1981eko «frustrazioa» berritu eta «agertoki politikoa kale itsura» eramango lukeela uste dute.

p014_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

«Alderdikeriak baztertu eta herri honen interesak lehenetsita, arduraz jokatu eta urratsa egin behar du PSk». Hala adierazi zuten atzo, Baionan, Ipar Euskal Herrirako lurralde elkargo bereziaren eskaera hizpide izan zuten alderdi abertzaleetako ordezkariek.

Azken hilabeteetan aitortza instituzionalak izandako bilakaera esanguratsua nabarmendu ostean, Peio Etxeberri-Aintxart, Xabi Larralde eta Argitxu Noblia, AB, Batasuna eta EAko ordezkariek, hurrenez hurren, eta Jakes Abeberri, Alain Iriart eta Daniel Olzomendi hautetsi abertzaleek dei zuzena egin zioten Gobernua eta erakunde gehienak bere esku dituen alderdiari «sortu den aukera paregabea gal ez dezan» eta Ipar Euskal Herriko «nahiari» erantzun diezaion.

Urteetan abertzaleek bakarrik errebindikatu duten berezko instituzioaren eskaera gehiengoari hedatu izanak asebetetzen dituela esan zuten, «adostasuna eskuratzeko ahaleginean» beraiek ere izan duten jarrera arduratsua gogoratuz.

«Abertzale garen aldetik ez da hori gure helburu behinena baina kontsentsuaren onerako arduraz jokatzeko gauza garela erakutsi dugu», esan zuen Abeberrik. «Parisi helaraziko zaiona ez da, hortaz, eskakizun abertzale bat, euskal herritarren nahia baizik», gaineratu zuen Biarrizko hautetsiak.

Aitzakiarik ez

Lurralde elkargo bereziaren inguruan gehiengoaren borondatea batu izanaz gain, «abian den bake prozesuaren testuinguru honetan, dagoeneko borroka armatuaren aitzakiarik» existitzen ez dela kontuan hartuz, «borondate hori aintzat ez hartzea, eskandalagarria eta ulertezina» litzateke, beren iritziz.

«Horrenbestez, boterean dagoen eta urrats politikoak egiteko ahalmen aski duen alderdiaren borondate kontua da», gaineratu zuten, PSri zuzenduz.

Aukerak izan badirela jakitun diren arren, abertzaleak «mesfidati» agertu ziren, 1981ean sozialistek «emandako hitza jan» egin zutela gogora ekarrita. «Egiazko eskuduntzarik ez lukeen sasi-egitura bat proposatuz erantzungo balu, ondoko belaunaldiei duela 30 urte bizi izan genuen frustrazioa transmitituko genieke», esan zuen Nobliak.

Are, abertzaleentzat, Ipar Euskal Herriko «agertoki politikoa kale itsuan jarriko luke eta azken hauteskundeetan posibletzat agertu den aldaketa sozial eta politikoa eraikitzea ezinezkoa bilakatuko litzateke epe motz-ertainean».

LEHENA, EZ iii.a

Alain Iriart kontseilari nagusiak Euskal Herriak «berritzaile» izaten badakiela esan zuen, Marylise Lebranchu ministroak Deszentralizazioaren III. atala deiturikoaren harira. «Euskal Herriarentzat, berez, lehen atala litzateke», gaineratu zuen hautetsi abertzaleak.

Abertzale bat, ministroarekin batzartuko den ordezkaritzan

Pariseko Gobernuari Hautetsien Kontseiluko erabakiaren berri emateko bilera bat izango da, urriaren 11n, Marylise Lebranchu Deszentralizaziorako ministroarekin.

Atzo eman zuten ezagutzera sentsibilitate politiko askotariko sei hautetsik eta Garapen Kontseiluko presidente Jean-Baptiste Etchetok osatuko dutela aipatu delegazioa. Hautetsiak hauek izango dira: Frederique Espagnac (PS) eta Jean-Jacques Lasserre (MoDem) senatariak; Sylvaine Alaux eta Colette Capdevielle diputatuak, biak PSkoak; Max Brisson (UMP) eta Jean-Michel Galant (abertzalea).

Hautetsien Kontseiluak joan den irailaren 6an onartu zuen testua helaraziko diote zuzenean. Bertan, ofizialki eskatzen zaio Gobernuari Deszentralizazioaren III. atalaren eztabaidaren barnean Ipar Euskal Herrirako lurralde elkargo bereziaren sorrera azter dezan.

Erabakia Hautetsien Kontseiluko 72 hautetsitatik 45ek (%78) babestu dute. «Iraileko bilkuran parte hartu ez zutenei ere beren jarrera eskatu zaie», esan zuen Jakes Abeberri Biarrizko hautetsiak. «Horietatik hamalauk ez dute beren iritzia eman nahi izan. Hortaz, guztira, 58 hautetsik adierazi dute beren posizioa. Inoiz, ezta Departamendua eskatu zelarik ere, ez da izan halako adostasunik Ipar Euskal Herrirako berezko esparru instituzional baten inguruan». A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo