Euskal ordezkaritza zabal eta anitza, Pariserat
Iragan irailaren 13an Ipar Euskal Herriko hautetsiek aho batez onartu zuten Lurralde Elkargoaren aldeko aldarrikapena Parisera eramatea. Aste honetan, hilaren 4 eta 5ean, frantses Senatuak lurralde eztabaida abiatuko du, eta 11n Marylise Lebranchu Deszentralizaziorako ministroak euskal ordezkaritza zabal eta anitza hartuko du. Egun horretan jakinaraziko du Hollanderen Gobernuak bere jarrera auzi horretaz den bezainbatean. Abertzaleek, indar gehienek bezala, uste dute «orain dela mementoa» eta, hortaz, itxaropentsu ageri dira. Parisera daramatena ez da proiektu abertzalea, Ipar Euskal Herriko herritar gehienen nahia oinarri duen adostasuna baizik, eta gutxieneko urratsa irizten diote. Alta, itxaropen horrek ezin du halako mesfidantza uxatu, eta bada, izan ere, mesfidantzarako motiborik ere: PSren Gobernu batekin izaniko esperientzia, hain zuzen. 1981ean François Mitterrand presidenteak Ipar Euskal Herrirako departamendua agindu zuen baina, indar guztien adostasunik eza argudiatuta, hitza jan zuen. Alta, orain Gobernuak ez du aitzakiarik, hautetsiek lortutako adostasun anitz eta ia erabatekoa kontuan izanik, are gehiago Aieteko Adierazpenaren eta ETAk bere jardun armatua behin betiko utzi ondoren. Eta, nolanahi ere, bada garaia frantses Estatuak behingoz Ipar Euskal Herriko errealitatea ikusi eta herritarren nahia entzuteko.