Mikel Aramendi Kazetaria
Nazio Batuak antzoki bihurtuko ote?
Netanyahuren nahigaberik handiena, hala ere, beste saihets batetik dator: gero eta gehiago dira Iranen aurkako eraso bat herrialde horren nuklearizazioaren etengailua ez baizik pizgailua izango dela deritzoten adituak eta diplomatikoakPolitikan ere eraginkortasuna merkataritza-publizitatean bezalaxe neurtu behar balitz, argi legoke Binyamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak tanto polita lortu zuela iragan ostiralean Nazio Batuen Asanblada Orokorraren aurrean antzeztu zuen showarekin: bere irudia munduko hedabide guztietan zen ondorengo orduetan. Interneten ere, txantxa artean, era guztietako ateraldien pizgarri bilakatu da, noski. Ikuspegi horretatik, arrazoi luke Ari Fleischer, Bush II.aren bozeramaile ohiak «sekula ikusi dudan irudi erabilpen eraginkor eta itsaskorrenetakoa» izan zela dioenean. Kontuan izanik Fleischerrek gogoan izango duena Colin Powellek Segurtasun Kontseiluaren aurrean 2003ko maiatzean Saddam Husseinen «armategi kimiko ibiltariei» buruz aurkeztu zuen powerpoint hura izan behar duela ez da harritzekoa hori esatea. Susmoa dut, hala ere, kasu bietan Fleischerrek antzeko papera jokatu duela, eta... Bibi-ren antzezpena Powellena -edo Nikita Khrustxeven zapatarena- bezalatsu amai daitekeela. Lotsa iturri bihurtuta, alegia.
Politika, eta bereziki haren adarrik bihurriena izango den diplomazia, ez da publizitatearen baliokidea, edonola ere. Gehiago esango nuke: diplomaziaren lehen ikasgaia izaten da hurkoaren publizitateari entzungor egin eta «salgaien» benetako tasunak eta salneurriak kausitzea, nork berearen onurarako. Beraz, Borjako Cecilia amonarenaren paretsukoa litzateke Netanyahuren «arrakasta», ikuspegi honetatik. Eta Arafatek olibondo adaxkarekin antzeztu zuenaren mezua oso argia eta itsaskorra izan bazen, Netanyahuk bere komiki irudiarekin eta errotulagailuarekin taularatu duena ez zen ez gardena ez baikorra. Mundu guztiak atera duen ebazpena izan da Israelgo lehen ministroak Estatu Batuetako Presidentetzarako kanpainan esku hartu nahi izan duela, batere atsegina ez duen Obamari presioa areagotuz hautesleria juduaren zalantzak suspertzen ahaleginduz. Baina, inkestak lekuko, ez dirudi oso abagune aproposean aritu denik. Gainerakoan, zuzenean ikus-entzule izan zituen agintedun askok pentsa zezaketena asmatzea ez da zaila: «Hara non munduko potentzia nuklear kontrol-gabeenak casus belli bihurtu nahi duen beste norbaitek antzeko zerbait edukitzea!».
Netanyahuren nahigaberik handiena, hala ere, beste saihets batetik dator: gero eta gehiago dira Iranen aurkako eraso bat herrialde horren nuklearizazioaren etengailua ez baizik pizgailua izango dela deritzoten adituak eta diplomatikoak. Amaiera puntua ez baizik abiapuntua izango litzatekeela, alegia: erasoaren ondoren, berehalako errepresalia eta tentsio-aldi guztiaren ondorioez gain, Irango agintariek nahiko legitimazio edukiko lukete bai etxe barnean bai nazioartean Ez-Ugaltze Tratatuari uko egin eta nazioarteko begiraleak behin-betiko kanporatzeko... eta lehergai nuklearra lortzeko langintzak itzulingururik gabe areagotzeko. Dinamika horren ondorengo urratsak zein izan daitezkeen ikuskizun geratuko lirateke, baina apustu ez liratekeela dibertigarriak izango.
Oraingoz, Nazio Batuen oholtzan ikusi dena irribarrez har daiteke.