GARA > Idatzia > Euskal Herria

Aske geratu dira igandean atxilotutako gazte bilbotarrak

Auzitegi Nazional espainolak 2.000 euroko fidantzapean aske utzi ditu pasa den larunbatean Bilbo eta Arrigorriagako herrien artean dagoen Seberetxeko bidean atxilotutako lau gazteak. Ustez telefono errepikagailu bat hondatzeko asmotan zebiltzala-eta atzeman zituzten. Gazteen abokatuak adierazi bezala, hauek ez dute inolako tratu txarrik jaso.

p017_f02.jpg

GARA | MADRIL

Iker Hernandez, Eneko Eguren, Liher Bilbao eta Ibon Santamaria gazte bilbotarrak kalean dira jada, atzo Auzitegi Nazional espainolak 2.000 euroko fidantzapean aske utzi eta gero. Halere, fiskalak ez ditu atzera bota akusazioak, eta zenbait murrizpen ezarri dizkie laurei: lau egunen buruan ordaindu beharko dute fidantza, astero aurkeztu beharko dira komisarian, eta ezin izango dira Estatu espainoletik irten. Atzo iluntzeaan, 300 lagun bildu ziren Santutxun gazteei ongietorria emateko.

Santiago Pedraz epaileak erabaki zuen lau gazteak askatzea, atzo goizean, ordu erdi laburreko deklarazioa hartu eta gero. Deklarazio hartze hau printzipioz arratsaldean egin behar zuen, baina prebisio guztiak hautsiz, epaileak goizean egin zuen, gazteak laster kaleratuz.

Ibon Santamaria otxarkoagarra, eta Eneko Eguren, Liher Bilbao eta Iker Hernandez santutxuarrak pasa den igandeko goizaldean atxilotu zituen Guardia Zibilak, Arrigorriaga eta Bilbo udalerrien artean dagoen Seberetxeko bidean. Indar okupatzaileak A-68 errepidetik gertu dagoen telefono errepikagailua saboteatu nahi izana egozten diete lau gazteei.

Atxiloketaren inguruko zenbait puntu oraindik ez dira argitu, esaterako, gazteak sabotaia egiteko materiala zeramaten atxiloketaren momentuan, edota Guardia Zibilak ze egoeratan harrapatu zituen.

Tratu txarrik ez

Atxilotuak kuartelera eraman eta ordu gutxira, Eneko Eguren Basurtuko ospitalera eraman zutela jakinarazi zuten. Berehala, gazteak tratu txarrak jasan zituela zabaldu zen lagun eta senideen artean., kezka, noraeze eta amorru momentuei paso emanez.

Kepa Manzisidor gazteen abokatuak, GARAri egindako adierazpenetan, tratu txarrak egon izana ukatu zuen: «Ez da inongo erasorik egon kuartelean. Enekok azaldu bezala, atxiloketaren momentuan zauria egin zuen gorputzean, eta arretagatik, Basurtura eramatea erabaki zuten Guardia Zibileko agenteek».

Beste hiru gazteak ere ondo daudela ziurtatu zuen abokatuak, eta «momentu oro komunikatuta izan dituzte, eta tratu ona izan dutela adierazi didate; hau da, egoera onean aurkitu dira orain arte». Epaiketari dagokionez, Manzisidor pozik agertu zen «zentzu onak eta logikak esaten dutena bete egin delako, eta fidantzapean atera direlako», nahiz eta onartu zuenez, «kasu askotan ez dira halakoak gertatzen, eta kartzelara sartzen ditu epaileak era prebentiboan», gehienbat Auzitegi Nazionaletik urteetan zehar pasatu diren ehundaka eta ehundaka euskaldun askoren kasuan.

Elkartasuna euren auzoetan

Atxiloketen berri izan eta berehala, elkartasunaren makina martxan jarri zuten Santutxun eta Otxarkoagan. Igandeko gau partean manifestaldia egin zuten bostehun bat pertsonek Santutxutik abiatuta. Atzo beste martxa jendetsu bat egin zuten, eta gaurko prentsaurrekoa iragarri dute Otxarkoagan, lau gazteen askatasuna eskatzeko eta aro berri honetan «honelako gehiagorik gerta ez daitezen, errepresio jokaerak normalizaziorako oztopoa baino ez direlako» antolatzaileen aburuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo