GARA > Idatzia > Mundua

Misilen lehian Indiak Txina du aurkari nagusi, Pakistani begirik kendu gabe

Eremuko superpotentzia bilakatzeko ahaleginean, India bere armategi militarra hobetzeko lanean buru-belarri ari da, eta bere xedea globala den heinean, Txinari begira badago ere, ez du Pakistanekin historikoki duen lehia atzean utzi.

p027_f01-250x120.jpg

Igor G.BARBERO | EFE

Aurten, Indiako Armadak gutxienez ahalmen nuklearreko zazpi misilekin egin ditu probak. Gehienek 2.000 kilometrotik gorako eragin-esparrua dute eta batek 5.000 kilometroko irismena, Txina bertako edozein puntu kolpatzeko haina.

Pakistanek ere Indiak bezain betea izan du agenda aurten, baina bere probak distantzia laburreko jaurtigaiekin egin ditu (700 kilometro), guztiak ere Indiak izan dezakeen balizko OBJETIBO bati zuzenduak.

Proba EROALDI hau, kontu berria ez den arren, munduan dauden armada jendetsuenak dituzten hiru potentzia nuklearren eremuaren koordenatu korapilatsuak dakartza gogora.

Proba horiei, gainera, gaurtik Indiako Armadak Pune hirian aurrera daramatzan joko militarrak gehitu behar zaizkie, Pakistanen gauzatzen ari direnekin bat egin dutenak.

India eta Pakistan hiru gerratan eta beste hainbat gatazka txikiagotan lehiatu dira 1947an britainiar inperioarengandiko independentzia eskuratu zutenetik, eta egun, bake prozesua martxan izan arren, ez dute euren arteko gatazka atzean uztea lortu, bereziki Kaxmirren baitan sortutakoa.

Ekuazio honi Txina gehitu behar zaio, Pakistanen aliatu estrategikoa eta Indiarekin talkan dagoena hedapen egitasmoei eta mugei dagozkien liskarren ondorioz -70eko hamarkadan izan zuten gerraren abiapuntua izan zena-, elkarlan komertzial gero eta handiagoa izan arren.

Humayun Khan Islamabadeko Defentsa Unibertsitate Nazionaleko kidearen esanetan, misilen proba etengabeak ez dira «erreakzio» bat, «planifikatutako zerbait» baizik. Errealitatea da eremu horretan ez dagoela Pakistan eta India baino «konfrontazio potentzial handiagoa» duten herrialderik.

«Pakistanek distantzia laburreko misilak probatzen ditu India mehatxua dela uste duelako». Indiak, aldiz, beste helburu batekin egiten ditu probak, «munduari azaleratzen ari den superpotentzia bat dela erakutsi nahi dio».

Khanen hitzetan, Indiaren «helburua globala izan arren», Indiako kupula militarretik eratorritako deklarazioen arabera, Pakistanen asmoak «ez dira oso argiak» eta ondorioz «prest egon behar» dutela deritzote.

New Delhin -kezka nagusia Indian jarduten duten talde matxinoei Pakistanek eskaintzen dien babesean oinarritzen da- egungo testuinguru nuklearrak ohiko gerra baten aukerak murrizten dituela uste da.

«Ez dut bateratasunik ikusten Indiaren mundu mailako rol garrantzitsuago bat betetzearen aurreikuspenekin eta Pakistanekiko ustezko armamentu lehiaren artean», dio Smruti Pattanaik Ikerketa eta Analisi Institutuko kideak.

Adituaren ustez, «Pakistan ahuldu egin da azken urteetan. Ez da 1990eko hamarkadan zen bera». 90eko hamarkadan bi herrialdeak potentzia nuklear bilakatu eta alarma gorria piztu zuten intentsitate baxuko gatazka baten ondorioz Karsilen (Kaxmir).

«Barne arazo eta aldebiko arazo ugari ditu, Afganistanek terrorismoaren aurkako borrokan bezala, eta azken urteetan bi aldeak harremanak hobetzen saiatu dira. Konfrotazioa ez den lehentasunak dituztela pentsatu nahiko nuke».

Dena dela, Pattanaik India eta Pakistanen arteko mugak Txinarekin duenak baino arreta gehiago jasotzen duela adierazi zuen «tartean sentimendu asko daudelako».

Pattaniren hitzetan, «Txinako mehatxua elitistagoa den ustea dute, herriak ez du sentitzen eta defentsa analisten kontutzat jotzen da, baina Pekinen hazkundea ikusita, ezin da jakin muga arteko gatazkei irtenbide militar bat emango dien ala ez».

Norgehiagoka testuinguru honetan, analistek arlo militarrean Pakistan eta Indiaren arteko desberdintasunak handiak badira, New Delhiren eta Pekinen arteko aldea tamaina berekoa edo handiagoa dela diote, mundu mailan duten garrantziaren parekoa.

Stockholmeko Bakerako Ikerketen Nazioarteko Institutuaren arabera, Txinak 2010ean 142.800 milioi dolar gastatu zituen defentsan (BPGren %2,1), Indiak 48.800 milioi (BPGren %2,7) eta Pakistanen 6.282 milioi (BPGren %2,8).

Ezberdintasun horiek ez dute ekiditen gertakari baten ondorioz edozein momentutan lurraldeko tenperatura azkar igotzeko aukera, 2008n Bombayen Pakistango talde armatu baten eskutik izandako atentatu baten ostean gertatu zen moduan.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo