Nestor Basterretxearen kartelak indartuko du Durangoko Azoka
Azken bost urteotan Durangoko Azoka iragartzen duen kartela lehiaketa bidez aukeratua izan bada ere, ohitura zaharra berreskuratu nahi izan dute Azokaren arduradunek eta hori egiteko enkargua maila handiko euskal artista bati eman diote. Kartela egitean betiko estetikari eutsi dion arren, lantzen dabilen teknika berria erabili du Nestor Basterretxeak: telebistako irudietako pixelei ateratako argazkiak moldatu ditu egitura geometrikoak sortzeko.
Alvaro HILARIO | DURANGO
Nestor Basterretxea (Bermeo, 1924) izan da Durangoko Azokaren arduradunek aurtengo edizioa iragarriko duen kartela egiteko aukeraturiko euskal artista. Azken urteotan lehiaketa bitartez hautatu izan duten arren, lehenengo ohitura berreskuratu nahi izan dute, hau da, lehen lerroko artista bati agindu diote enkargua.
Nahiz eta ohiko estetikari eutsi, azken urteotan lantzen ari den teknika berri bat erabili du Basterretxeak.
Bestalde, krisialdi ekonomikoa dela-medio, 47. edizio honek egun bat gutxiago izango du; abenduaren 6an hasiko da eta hilaren 9a izango da amaiera eguna.
Artearekiko lotura
Eskuzabaltasun osoz jaso zuen Basterretxeak Azokaren enkargua eta era horretan agertu zuen atzo Durangoko San Agustin aretoan egin zen aurkezpenean, beretzat ere «ohorea» dela esanez.
Azken urteetan lantzen ari den teknika berri batean oinarritzen da Basterretxearen lana: telebistako irudietako pixelei argazkiak ateratzen dizkie, eta aurrerago horiei forma ematen die egitura geometrikoak sortzeko -Basterretxearen lana ezagutzen duen edonork erraz ezagutu ahal dituenak-. Aurtengo afixan agertzen diren forma geometriko horiek kolore biziko beirateak osatzen dituzte.
Agerian dago azken urteotako kartelek jorratutako ildo estetikoa (musika edota literatura irudikatzen duten ikurrak azalduz, besteak beste) apurtzen duela Nestor Basterretxearen lan honek, Azokak arte plastikoekiko daukan lotura nabarmentzen duelarik.
Lana aurkezteko ekitaldian, Azokaren zuzendari berri Aiert Goenagak eskerrak eman zizkion artistari «eskainitako eskuzabaltasunagatik eta kolaborazioagatik».
Basterretxeak berak beretzat «ohorea» izan dela azpimarratu nahi izan zuen, Azokak berak bere ekarpenak baino «garrantzia handiagoa» duelako.
Egun bat gutxiago
Azokan egon izan den guztietan, «miretsi» izan duela «ibilitako jendetza eta ekimenaren arrakasta» esan zuen Nestor Basterretxeak, «pena» dela halako ekimen batek «hain egun gutxi irautea» gehituz.
Izan ere, aipatu bezala, krisialdi ekonomikoak eraginda, egun bat gutxiago izango du aurtengo edizioak. Hala ere, Azokaren prentsa arduradun Jon Berezibarrek murrizketa ez dela «Azokaren kalitatearen kalterako» ziurtatu zuen.
Aurreko edizioetan finkatutako ohiturari segituz, 47. edizio honek herri baten kultura omenduko du, euskal ijitoak, hain zuzen ere. Horrekin batera eta gai zehatzik egongo ez bada ere, Nafarroaren konkistaren bosgarren mendeurrena izango dugu Azokaren hainbat ekimenetako jomugan, baita Bizkaiko kultura ere.
Azken urteotako kartelek jorratutako ildo estetikoa apurtzen du Nestor Basterretxearen lan berri honek, Azokak arte plastikoekiko daukan lotura nabarmentzen duena.
Kartela aukeratzeko modua ez ezik, bada beste elementu berririk ere; besteak beste, hauxe izango da 30 urteko Aiert Goenagak zuzenduko duen lehenengo edizioa.