GARA > Idatzia > Kultura

Herri Uzta festibal berriak euskal dantza eta musika tradizionalak bilduko ditu

p048_f01_89x89.jpg

GARA | BAIONA

Herri Uzta urriaren 12tik 14ra Luhuso, Ezpeleta, Itsasu eta Arrangoitzen ospatuko den festibal berria da. Gaita Egunak eta Bihar Herri festibalen ildotik, Herri Uzta, Errobi herri elkargoan kokatu da, eskualdeak dantza eta soinuetan duen sustrai berezia omenduz.

Herri Soinu elkarteak bideratua, Iparraldeko Dantzarien Biltzarra lagun, Herri Uzta festibalaren nahia, izenak aditzera ematen duen legez, euskal tradiziotik jalgi musika eta dantzak bildu eta sorraraztea da, hobeki ezagutarazi eta indartzeko. Horrela 300 bat dantzari eta musikarik hartuko dute parte lehen edizio honetan.

Festibalaren lehen egunean dantza sorkuntza guztien zatiak ikusi ahal izanen dira. Larunbatean, hitzaldi, tradizio eta sorkuntza triptikotik abiatuta, Lagunarte taldeak sortu «Zun» obra izanen da ikusgai.

Euskal Herriko makil dantzek ere izanen dute tokirik. Etorkizuna taldeak sortu «Ravel Jauna» ere eskainiko da Harri Xuri aretoan. Ipar Euskal Herriko taldeekin batera Eibarko Kezka, Gasteizko Indarra, Iurreta eta beste hainbat talde izanen dira.

Katalunia

Gonbidatu berezia Katalunia izanen da aurten, horren karietara Perpinyàko Cobla Mil. Lenariak bi kontzertu eskainiko ditu. Euskaldunak sardanen erritmoan dantzan jarriko dituzte katalanek larunbatean Itsasun eta igandean Arrangoitzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo