alpinismoa I Jarduera
«The sanction» bidea entrenatzeko
Roger Christen eta Roger Schaeli suitzarrek Eigerren iparraldeko horman dagoen marra (1.000 m, ED3) errepikatu egin dute.
Andoni ARABAOLAZA I
Roger Schaelik ondo baino hobeto ezagutzen ditu Eigerreko iparraldeko hormak dituen ia zirrikitu guztiak. Goi mailako erronkak sinatu ditu hormatzar mitiko horretan, eta joan den udan beste «koska» bat egin dio bere ibilbide oparoari. Hori bai, goi mailako beste helburu batzuetan ez bezala, oraingoan Roger Christenekin eskalatutako bidea entrenamendu gisa hartu du.
Bi alpinista suitzarrek «The sanction» marra hautatu zuten. Daniel Anker eta Michel Piolak duela 24 urte estilo alpinoan eta hiru egunetan zabaldu zuten. North Corner eta Geneva Pillar-en artean dagoen 1.000 metroko marra horretan 7a zailtasuneko tarteak gainditu behar dira, eta, oro har, ED3 zailtasuna proposatu zuten. Bada, alpinista suitzarrek egun bakar bateko eskalada saioan Anker eta Piolaren bidea errepikatu zuten. Antza denez, lehen errepikapenetako bat da (agian lehena) Christen eta Schaelik osatutako sokadarena. Gogoratu behar da Miso Sabovcik eta Dodo Kopold eslovakiarrek oso lotura interesgarria egin zutela paretaren ezkerraldean, North Pillar sekzioaren inguruan; baina, berez, ez zen errepikapen osoa izan.
Eskalada asmo hau Schaelirena zen; izan ere, une honetan Karakorumen egiten ari den espedizioarentzat lagungarri gisa hartu zuen. Aipatu marra igo ahal izateko, bi saio behar izan ditu. Lehenean, Max Grossmarekin. Lehen luzea egin ondoren, rapelatzea erabaki zuten, besteak beste, arroka asko erortzen ari zelako eta paraboltak (soilik bileretan daude) erabat herdoilduta zeudelako. Bigarrenean, berriz, Schaeli Christenekin joan zen. Bidearen lehen luze gogorrak (7a zailtasunekoak) gainditu ostean, oso erritmo bizian jarraitu zuten. Zortzi eta erdiak ziren bi suitzarrak mendebaldeko ertzetik irten zirenean.
Hasiera gogorra
Grossmanekin eginiko lehen saiotik bi egunera, Schaeli «The sanction» bidearen sarreran zen berriz. Jakin bazekien, paretaren hainbat tarte erabat heze eta puskatuta zeudela. Halere, ezusteko bat baino gehiago izan zituen: «Bigarren luze gogorrean neurri handiko arroka zati bat eskuetan geratu zitzaidan. Une berezia izan zen; izan ere, oreka mantendu nuen. Eskerrak, behealdean bost metrora nuen irtengune bat zegoen, haren kontra jo banu...».
Alpinista suitzarrak adierazi duen bezala, zailtasun tekniko handienak bidearen lehen luzeak dira: «7a zailtasunetik ez dira pasatzen, baina kontuan hartu behar da pareta alpino batean zaudela eta arrokaren kalitatea ez dela oso ona. Rogerrek ezin izan zuen bidearen giltza era librean gainditu. Nik, aldiz, kateatu nuen, baina bi saio behar izan nituen. Tarte hori gainditu ondoren, beste luze bat eskalatzea erabaki nuen. Egoera hobetu ezean, eskalada bertan behera utzi behar genuen, baina, zorionez, bideak beste aurpegi bat erakutsi zigun».
Bideak dituen 1.000 metroak eskalatu zituzten, eta arratsaldeko zortzi eta erdiak zirela, bi alpinista suitzarrak mendebaldeko ertzera iritsi ziren: «Anker eta Piolaren bidea jarraitzea ez da batere erraza. Oso iltze gutxi daude, eta paraboltak soilik bileretan. Izaera berezia du marra horrek, eta uste dut hori mantentzen jarraitu behar dela. Horrekin esan nahi dut herdoilduta zeuden paraboltak soilik aldatu behar direla. Gainerakoa bere horretan utzi behar da».