GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

kirol eskalada I Kateatzeak

Ezusteko ederra Iker Pourentzat «Celedon» bidea

Eskalatzaile gasteiztarrak «Celedon» bidea kateatu berri du Ilarduian (Araba). 9a+ zailtasuna proposatu du, zailtasun horretan Pouk sinatu duen hirugarrena. Bitartean, Aleksandra Taistrak bere lehen 8c+ egin du.

p051_f01_199x132.jpg

Andoni ARABAOLAZA I

Iker Pouk makina bat ordu egiten ditu Ilarduian, hots, Leze izeneko kobazuloaren atzealdean dagoen sektorean. Makina bat bideren zurrunbiloan ikusi dugu; batzuk eskalatzaile gasteiztarraren kideek sortutakoak eta beste batzuk bere sinadura daramatenak.

Baffineko espediziotik iritsi bezain pronto, beste helburu batzuen artean, sektore horretan zuen erronka bati buru-belarri ekin zion. «Celedon» du izena, eta orain dela lau urte ekipatu zuen. Eta azkenean amets hori egia bihurtu du. 9a+ zailtasuna proposatu du; hots, eskalatzaileak sinatu duen gradu horretako hirugarren marra. Lehena duela bi urte egin zuen Margalefen: «Demencia senil» (lehen errepikapena). Bigarrena ere Tarragonako eskola berean, baina joan den urtarrilean: «Nit de bruixes» (lehen igoera).

Lasai asko esan daiteke Pourentzat ezusteko ederra izan dela. Eta hori diogu kateatu berri duen marra hori ez delako guztiz bere estilokoa. Aipatu ditugun lehen bi bideak, adibidez, oso «esplosiboak» dira. Hirugarren horrek, aldiz, erresistentzia handia eskatzen du.

Pouk «Celedon txiki» marrari 10 metro gehitu ondoren, sortu zuen «Celedon». Lehen bide hori iaz kateatu ondoren, beste 10 metro horiek igotzea falta zitzaion. 42 metro luze da, eta asko borrokatu behar izan du «izar» hori bereganatu ahal izateko.

Gasteiztarrak berak baieztatu duenez, guztira lau urteko saioak izan dira: «Zenbatu ezinezko saio piloa egin ditut: ikaragarri kosta egin zait kateatzea. Inolako zalantzarik gabe, beharra nuen helburu hau egiteko. Duela urte batzuk pentsatu nuen inoiz ez nuela eskalatuko».

Eskalatzaile arabarrak igo duen marra hori irtena duen pareta zuri batetik doa: «Mina hartzen ez duzun erregeleta horietakoak ditu, eta blokeko pauso asko. Inoiz hornitu eta eskalatu dudan bide ederrenetarikoa izan da».

Lehen 8c+

Pou bezala, Aleksandra Taitras ere protagonista dugu. Izan ere, eskalatzaile poloniarrak beste urrats bat egin du bere ibilbidean. Duela egun gutxi batzuk bere lehen 8c+ sinatu du Rodellarren: «Cosi fan tutte».

Zailtasun hori egin duten emakumezko eskalatzaile gutxi dago, eta Taitras talde horretan sartu berria da. Gainera, 8c+ egiten Poloniako lehen neska izan da.

«Cosi fan tutte» marra Rodellarreko Piscineta izeneko sektorean dago, 55 metro luze ditu eta eroria du. Serge Casteranek hornitu zuen, eta Sasha DiGiulian estatubatuarra (dagoeneko pare bat 9a graduko marra kateatu ditu) lehen emakumezkoa izan zen bidea kateatu zuena. Iaz izan zen hori, eta orain poloniarra marra hori sinatu duen bigarren neska da.

Gogora dezagun Taitrasek 30 urte dituela eta 8c egiten munduko lehen emakumeetariko bat izan zela. Dagoeneko, 8c graduko hiru bide ditu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo