URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK I kanpaina barrutik
Emozio detektagailu bat, hautagaiei laguntzeko
Gerardo eta Jose boluntarioek goiz osoa daramate Tecnaliak Miramonen dituen egoitzetako batean probak egiten. Kamiseta kendu, Sentient emozio detektagailuaren uhalari krema pixka bat eman eta bularraldean lotuta hasi da saioa.
Maider IANTZI I
Aulkietan eseri dira eta, bitartean, Enrique Leon Sentiet proiektuaren koordinatzaile eta Tecnaliako ikertzaileak telefono mugikor bana jarri du mahaian. Tresnaren parte dira sakelako hauek eta + eta - balioak ikus daitezke pantailan. Bi ikur hauen erdian barra bat, Gerardoren eta Joseren sentipenen arabera alde batera edo bertzera mugituko dena. Koloreak ere, batena urdina eta bertzearena gorria, ilundu ala argitu eginen dira emozioen intentsitatea erakusteko.
Che Guevararen bideo bat jarrita probatu dute eta nabarmena da bi ikusleen emozioen aldea; pantaila bat gorri-gorri jarri da. «Cherekin beti pizten zaizkio emozioak», aipatu du Leonek irribarrez. Azaldu duenez, zaleek emozio baikorrak izatea espero dute hautagaiek, beraz, zalantzan daudenak interesatzen zaizkie. Ikusleak ez badu politikaria ezagutzen ere nabaritu egiten da. Eta, behin hautagaia ezagutu eta bereganako emozio batzuk sentituta, horiek aldatzea hagitz zaila dela ondorioztatu dute. Horregatik da hain garrantzitsua hautagaiaren eta publikoaren lehendabiziko konexioa. «Esperimentu batzuk egin zituzten politikari batekin konexio positiboa zuen jendea hartuta. Informazio beldurgarria helarazi arren, emozioak ez ziren aldatzen».
Tresna honekin ez diote hautagaiaren irudiari edo ordezkatzen dituen ideia politikoei soilik begiratzen, emozioak mitineko zein momentutan, politikariaren zer txiste edo keinurekin pizten diren ere detektatzen dute. Leonen iritziz, interesgarriagoa da hau kanpainarako, jendeak zergatik erreakzionatzen duen era batean edo bertzean jakiteko.
EAEko hauteskunde hauetarako, alderdi batek (ez du argitu zeinek) Sentient gailua erabili duela kontatu du ikerlariak. Emaitzak hagitz ongi joan ziren, dezente gustatu zitzaizkion. Jada ez zegoen denborarik ikerketa sakonagoetarako, agenda politikoagatik, baina hautagai baten hitzaldiaren aitzinean lagun batzuek nola erreakzionatu zuten ikusi zuten, batez ere zer interakzio zegoen eta zer elementuk eragiten zuten.
Osasunerako ere ona
Edozein estimuluren aurreko erantzunak neur daitezke tresna honekin. Hortaz, erabilera ezberdinak izan ditzake. Sentient egitasmoaren koordinatzailearen ustez, bereziki marketinean eta publizitatean izan daiteke baliagarria. Osasunari ere ekarpena egin diezaioke, emozioak nekez komunikatu ditzaketen pertsonei transmititzen lagunduz. Uliazpirekin lanean ari dira Sentient emozioen itzultzaile izan dadin. Eta jendeak lanean edo eguneroko bizitzan estresa kontrolatzeko ona izan daiteke.
Fidagarritasunari dagokionez, %90era iritsi dira. Baina, Leonen hitzetan, eztabaidagarria da emozioak ikertzean sarri erabiltzen den gauza bat dagoelako, egia absolutua. Egia hau ezagutzeko, ohikoena pertsonek erraten dutenean oinarritzea da. Gerardok eta Josek ere galdetegi bat bete dute, zer sentitu duten eta zer neurritan agertuz.
Pultsimetroarekin bihotz taupaden erritmoa neurtzen dute, eta maila fisiologikoan gertatzen diren aldaketa guztiak detektatu. Baina gauza bat da detektatzea eta bertzea sailkatzea. Eta sailkapena mugatuta dago: baikorra ala ezkorra, eta intentsitate handia ala txikia. Proiektu hau diseinatzen orain dela lau urte hasi ziren eta algoritmo bera erabili dute lau emozio detektatzeko: beldurra, amorrua, poza eta tristura. «Esperimentatzen ari ginen eta aldagarri fisiologiko anitzez gehiago erabili genituen: tenperatura, izerdia... Baina ikusi genuen praktikoagoa eta eskuragarriagoa izanen zela gailu sinpleago bat egitea». Orain, esperimentazio fasea bukatuta, negozio aukeren bila ari dira. Dena den, oraindik zabalik dago aplikazio batzuen esperimentazioa.
Egiten dugun guztian eragiten dutela susmatuta -gauza txikienetan ere bai-, aspaldi hasi ziren psikologo eta filosofoak emozioak aztertzen. Tecnalian, teknologia erabiltzen dute modu erraz eta azkarrean emozioak ezagutzeko, eta kontatu dutenez, elkarri emozioak eragitean, jendearen erreakzioak behatzean, beti harritzen dira.