GARA > Idatzia > Mundua

NATOk Afganistan uztea da gerra amaitzeko bidea, talibanen esanetan

AEBak eta bere aliatuak Afganistan inbaditzen hasi zirenetik atzo hamaika urte bete zirenez, talibanek agiri bat plazaratu zuten okupazioaren aurkako borrokan jarraituko dutela esateko eta gatazka konpontzeko bide bakarra NATOk herrialdea uztea dela gogorarazteko.

GARA |

Talibanen agiria erredakzioetara iritsi baino lehenxeago AEBetako Armadak baieztatu egin zuen larunbatean bi soldadu hil zituztela milizianoek Asiako herrialdearen ekialdean, talibanei leporatutako eraso batean. «Los Angeles Times» egunkariak eman zuen militar okupatzaileen mezuaren berri, bestelako daturik erantsi gabe.

Larunbateko bi soldadu horiek kontuan hartuta, talibanek Afganistango ekialdean eta hegoaldean egindako hiru erasoetan sei soldadu galdu dituzte estatubatuarrek azken astean. Inbasioa hasi zenetik AEBetako 2.100 militar hil dituzte afganistandarrek.

AEBek zuzendutako inbasioa «basatia, krudela eta zapaltzailea» da, talibanek plazaratutako testuak dioenez.

NATOk Afganistanen dituen tropak bertatik ateratzea litzateke gatazka geldiarazteko «oinarrizko konponbidea».

2001eko irailaren 11ko New Yorkeko atentatu ikaragarrien aitzakiarekin abian jarritako inbasioa ere aztertu dute orduan Afganistango agintea utzi behar izan zuten talibanek. «Operazio hura egiteko aitzakiak erabili zituzten, beraien benetako helburuak estali nahian: federik gabeko boterea hedatzea Afganis- tanen eta eskualde osoan», diote talibanek.

«Bakearen, oparotasunaren eta garapenaren izenean, afganiarren bihotzetara beldurra eramaten dute eta Guantanamon, Irakeko Bagramen eta beste espetxe sekretu batzuetan sekulako basakeriak egiten dituzte, gizadiak inoiz ulertuko ez dituen basakeriak», irakur daiteke atzo ezagutzera emandako idatzian.

Shahamat webguneak zabaldu duen agiriak afganiarren erabakitasuna eta kemena goraipatzen ditu. Nahiz eta okupatzaileek beldurra eta kartzela sekretu horiek erabili, «nazioarteko indarrak ez dira gauza izan afganiar musulmanen borondatea eta erabakitasun islamikoa menderatzeko, talibanak gaizki hornituta egon arren, uste sendoak baitituzte».

«Uste sendo» horiei esker, Afganistango talibanek «lezio historikoak eman dizkiete amerikar inbaditzaileei» eta horren eraginez, okupatzaileek «dagoeneko ahaztu egin dituzte inbasioa abian jartzeko erabili zituzten aitzakia guztiak».

Agiriaren egileek diotenaren arabera, nazioarteko indarrek uste baino lehenago jakinarazi behar izan dute herrialdea utzi egingo dutela eta horixe da Afganistango gatazka konpondu dezakeen neurri bakarra, «Afganistango Estatu Islamiarrak beti esan duen moduan». Garaipena oso hurbil ikusten dute Afganistango talibanek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo