GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Kronika | kilometroak 2012

Euskararen indarrak bapo ase ditu Andoaingo kaleak

«On egin» zuten gazte kuadrillek, seme-alabekin gerturatu ziren gurasoek eta besteek gozatzen zuten bitartean lanean aritu ziren boluntarioek. Off egon? Ezta pensatu ere! Halakorik ez zen ikusi atzo Andoainen Aita Larramendi ikastolaren alde ospatutako Kilometroekin. Antolatzaileen esanetan, aurreikusi baino jende gehiago bertaratu zen.

p002_f01.jpg

Oihane LARRETXEA I

Orain arte udararen tankera izan duen urriak euri-tantak beste baterako uztea erabaki zuen atzo. Eta ez zen iraganera begiratzeko eguna, baina bat baino gehiago oroitu zen hogeita bi urte atzera eginda Andoainen ospatu ziren Kilometroekin. 1990. urtea zen, eta kasualitatea kapritxosoa delako izango da akaso, baina edizio hura ere urriaren 7an ospatu zen. Orduko pasadizoak oroitzean eguraldiaz maldizioka erantzun zuten galdetutakoek, hodeiek orduan goitik behera euria baino ez baitzuten bota. Eta horrekin batera, urte osoko lana, milaka pertsonaren ilusioa desegin zen. Baina esandakoa, ez zen gertatutakoaz hitz egiteko eguna, eta jendeak irribarrez zerura begiratu eta eskerrak eman zituen atzo. «Eguzkia aterako zela esan zuten, baino oraingoz lainotuta dago...», zioen Izaskunek. Tira, beti dago botila erdi hutsik ikusten duenik.

Andoainerako bidea hartu zuten trenak jendez lepo zeuden goizean goizetik. Bertan gehienbat «mundua deskubritzen» ari diren nerabe kuadrilla asko eta seme-alaba txikiekin zeuden guraso gazteak. Bagoian ikusten zena atzo anfitrioi izatea zegokion herrian ikusiko zenaren lagin txiki bat besterik ez zen.

Sentimenduak puri-purian, eta «tximeletak sabelean», 11.00etarako bazen eguneko lehen musua lortu zuenik. Inguruko lagunak, oraingoz, begiratuta konformatu behar zuten. Egunak oraindik sorpresa bat edo beste prestatuta izan zezakeen itxaropenez, sakelakoarekin elkarri argazkiak atera eta atera aritu zen neska talde bat. Irudiak, noski, ordu batzuetara sare sozialetan egongo ziren ikusgai.

Begi-bistakoa da belaunaldi bakoitzak bere modura gozatzen duela festan, edo beste modu batera esanda, adinaren arabera hura edo bestea egitera gerturatzen dela jendea halakoetan. Hamasei urte zituzten Ainarak eta besteek. Benetan motzak ziren galtzak soinean, onartu zuten ikastolen aldeko festara lagunekin egotera joaten direla, baina batez ere jende berri ezagutzera. Ezagutu zuten edo ez misterioa da.

Balantzaren beste aldean, guraso gazteak. Ez dituzte hain urruti Kilometroak kuadrillan parranda eginez ospatzen zituzten urteak, baina gaur egun seme-alaba txikiekin joateko garaia da. «Ikastolen alde egitera etortzen gara», zioen Onintza oiartzuarrak. Urtero-urtero joaten dira ikastolen alde Gipuzkoan egiten den festara, egiten den tokian egiten dela.

Batagatik edo besteagatik gerturatu, finean, garrantzitsuena bertan izatea da. Aurten Aita Larramendi ikastolaren alde egiteko txanda zen, ikasturtetik ikasturtera matrikula eskaerak gora egiten duenez, bi eraikinak txiki gelditu dira eta dirua behar dute hirugarrena eraikitzeko.

Egindako lan eta esfortzuari errekonozimendua egiteko omenaldi ekitaldia ospatu zen Bastero kulturgunean, baina honetaz gain, hitzorduak Tolosari begira jartzeko aukera eman zuen, berea izango baita hurrengo urteko Kilometroak antolatzeko ardura. Joxean Oiz eta Jone Urteagak, Tolosako Laskorain ikastolako lehendakari eta zuzendariak, hurrenez hurrenz, «harrotasunez» hartu zuten lekukoa, «erantzukizun handia» izango dela onartuta.

Ibai Iriarte Tolosako alkateak (Bildu), berriz, erakundeek euskararen normalizazioan lagun dezatela eskatu zuen, «euskarazkoa izan arte ahoa irekitzean ateratzen den lehen hitza». 1998an ospatu zuen Kilometroak jaia Tolosak azken aldiz. Orduan ikaslea zela oroitu zuen Iriartek, eta batutako diruarekin egin zen eraikinean batxilergoa ikasi ahal izan zuela goraipatu zuen. Kapritxosoa ez ezik, kasualitatea bitxia ere bada, eta hurrengo edizioak alkatearen paperean hartuko du.

MIREN ERKIZIA eta MARIA JESUS UGALDE I Aita Larramendi ikastolako gurasoa eta irakaslea

Lan handia egin dute urte luzez Andoaingo umeek euskaraz ikasi ahal izan dezaten, eta atzo, Kilometroen baitan, merezitako errekonozimendua jaso zuten omenaldi batean. Ibilbidea luzea izan da, eta hastapenak gogorrak, baina merezi izan duela azpimarratu zuten.

«Hasierako garai zailak ikusita, lortu duguna  miraria iruditzen zait»

Garai zailak izan arren, euskaraz irakatsi eta ikastea kimera baino errealitatea izan zitekeela erabat sinistuta zegoen Maria Jesus Ugalde, Andoaingo Aita Larramendi ikastolan 41 urtean irakasle aritutakoa. Zentroko zuzendaria izandakoa ere bada. Gauza bera sinistuta, alboan zuen atzo Miren Erkizia, guraso elkartearen sortzaileetako bat.
Hain zuzen, ametsa zena egia bihurtzeagatik, eta euskara hutsean oinarritutako hezkuntzaren alde egindako lan eta ahaleginagatik omenaldia egin zieten Bastero kulturgunean, ekitaldi xume baten.

Biek ala biek gogoratu zuten hastapenak ez zirela batera errazak izan, eta une haiek bidean jarri zizkieten oztopoengatik garratzak izan arren, jaso zuten babes eta elkartasunak egoera gozotasunez bete zutela adierazi zuten.

«1981. urtea zen, eta orduan, Meltxor Artetxek guraso elkartea osatzea proposatu zuen. Hilean behin elkartzen ginen –kontatu zuen Erkiziak–, eta bilera haiek gure kezkak, zalantzak eta proposamenak mahai gainean jartzeko baliatzen genituen». Adierazi zuenez, hain justu, bilera horietako batetik atera zen danborradako jantziak nolakoa izan behar zuen.

Guraso gisa baino gehiago, Erkiziak bere burua, eta gainontzeko gurasoena, «militante» gisa ikusten du, borroka handia egin behar izan baitzuten euskararen alde eta euren seme-alabei zegozkien eskubideen alde. «Ikastolan sartzen zinenean, militantzia batean ere sartzen zinen. Denok egiten genuen lan proiektua aurrera ateratzeko: gurasoek, irakasleek, ikasleek…», esan zuen.

Militantzia horren sentipen berbera erakutsi zuen Ugaldek. Orain dela sei urte erretiroa hartu zuen, baina ez ditu ahaztu, ezta ahaztuko ere, irakaskuntzan emandako hamarkada luzeak. Irakasle ikasketak amaitu eta astebetera hasi zen lanbidean. Atzera begiratzen jarrita lortutako guztia egia izatea «miraria» iruditzen zaiola onartu zuen, hunkituta.

Hastapenetan justu-justu 50 ikasle baino ez zituzten, eta gaur egun ia mila ikasle ditu Aita Larramendi ikastolak.

Hasieran gutxi batzuk izan ziren euren seme-alabak euskaraz ikastera eramatera «ausartu» zirenak eta hauen balentria goraipatu zuen; izan ere, frankismo garaia zen eta haur haiei klandestinitatean irakatsi behar zitzaien. Une gogor haietan, ordea, elkartasun handia jaso zuten, eta hainbatek lokalak utzi zizkieten. «Urte hauetan guztietan babestua, maitatua eta onartua sentitu naiz», nabarmendu zuen.

Gertaerak eta garapena ikusita, ez da harritzekoa gurasoen eta irakasleen artean harreman estua dagoela baieztatzea, familia handi bat direla sentitzen dutela aitortu zuten bi omenduek. Gainera, garai batean ikasle izandakoak gaur egun guraso dira, eta irakasle berak ama eta alaba izan ditu ikasle.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo