GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Aitor Irigoien Odriozola, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziaduna

«Lost»

Irabaztera ohitutako hauek benetako galtzaile direla erakusten ari dira. Ez, ordea, urte luzeen ostean noizbait galtzea suertatu zaielako. Galtzen ez dakitelako baizik

Oro har ez naiz superprodukzio, best-seller edota arrakasta itzelezko serie edo filmen zalea. Nahiago izan ohi dut hainbesteko ospea eta publizitatea izan ez arren, harribitxiak diren titulu apalagoez gozatu. Lehenengoen adibideetako bat da hain ezaguna izan arren, inoiz ikusi gabea neukan «Lost» («Perdidos», «Galduta») telesaila.

Duela ez asko ikusi nuen lehen aldiz, errepikapen batzuei esker. Guztira hiruzpalau atal soilik, baina nahikoak seriearen amuez, jendea «harrapatzeko» abilezia itzelaz jabetzeko. Ukaezina baita ikusmina, atalez atal, etengabe areagotzeko duen gaitasuna. Hori ondorengo bi ezaugarriekin bikain jokatzen duelako izan daiteke.

Sorpresa: protagonistak, bat-batean, galduta aurkitzea leku arrotz, irla misteriotsu, batean. Norabide gabe, gertatutakoa ulertu ezinean, zer egin jakin gabe.

Misterioa: inor ez izatea hasiera batean, itxuraz, dirudien bezalakoa. Bakoitzak bere iraganaren zati bat ezkutatzen du; inork ez du inor ongi ezagutzen.

Nahiz eta jakin-mina piztu, ez nuen atal gehiago ikusi. Baina, hausnarketarako parada eman zidan serieak. Hain justu, bizitza errealean, esparru desberdinetan, galtzeak eta irabazteak duen pisuari buruz.

Izan ere, gehiegizko garrantzia ematen diogu irabazteari edo galtzeari. Irabaztearekin itsututa bizi garela esan daiteke. Baina, benetan, zer da irabaztea, eta zer galtzea? Epe laburreko emaitzetan oinarri- tzen dugu dena. Azken emaitza soilik baloratzen dugu, eta ez egindako prozesua, bidea, ahalegina, ikasitakoa, gozatutakoa... Esaera zaharrak dio: «Zailena ez da irabaztea, irabaztea merezi izatea baizik». Eta horretarako ezinbestekoa da galtzen zein irabazten jakitea. Lehenik galtzen ikasi behar da, ordea, irabazten jakiteko. Honen adierazle da galtzaile txarrenak irabaztera ohituta daudenak (beti nahi dutena lor- tzera) izatea.

Baina, Mendebaldean nagusi den sistemak bizitza lehia dela eta, irabazteko, denak, edozerk, balio duela aldarrikatzen digu. Eta gehiengo batek lelo hau asimilatu duela dirudi. Azken honek azal baititzake, neurri batean, bestela ulergaitzak lirate- keen egungo hainbat jokabide, injustizia eta gatazka.

Azaldutakoaren adibide andana aurki dezakegu edozein esparrutan. Geopolitikan, AEBen jarrera, potentzia politiko-ekonomiko-kultural hegemoniko gisa, guztiz adierazgarria da. Kanpo politikan, une oro erakusten dute galtzen ez dakienaren jarrera. Gainontzeko herriek erabakitakoa AEBen onu- rakoa ez baldin bada, euren interesekin bat ez badator, onartu ez eta horren aurka tinko egiten dute. Horrek milioika hildako eragitea ekarri behar badu ere.

Zuzenean gauzatu izan dute hori, guda, inbasio eta interbentzio militarren bidez (Vietnam, Afganistan, Irak...). Baita zeharka ere, demokratikoki hautatutako gobernuen aurkako estatu kolpeak, ekintza kriminalak sustatuz, finantzatuz (Kuba, Txile, Argentina, Uruguai, Haiti, Venezuela, Honduras...). «Herrialde bateko biztanleek beraientzat onena zer den ez badakite, guk interbenitu eta erakutsiko diegu» esatera ere ausartu zen AEBetako agintari bat...

Kanpoan ez ezik, etxe barnean ere antzeko jokabidea erakutsi izan dute iparramerikarrek, itzalpeko hainbat gertaera larri lekuko: JFK-ren eta bere anaia Bobby-ren heriotzak, McCarthy-ren sorgin-ehiza, Al Gorek «irabazitako» 2000ko hauteskundeak...

Politikaz harago, kirol arloan ere badira halako galtzaileen kasuak. Futbolari dagokionez, azken urteotan Madrilgo talde nagusiak eta bere entrenatzaileak zeresan handia eman dute, ia beti txarrerako. Hauen galtzen ez jakiteak, beste taldea hobea izan dela aitortu ezinak, muga oro gainditu ditu.

Aipatu guztiek hausnartuko ote dute inoiz ematen ari diren eredu pattalaz, eta honek ekar ditzakeen ondorioez?

Espero gabeko egoera baten aurrean paperak guztiz galtzea; emaitza onartu nahi ez izatea; irabazi duena zoriontzeari uko egitea; autokritikarako gaitasunik eza; arrazoi, zintzotasun zein begirune falta; azpijoko, tranpa, gezur eta irainen erabilera; norbere buruaz harago begiratzeko adore gabezia...

Horrenbestez, nire iritziz, irabaztera ohitutako hauek benetako galtzaile direla erakusten ari dira. Galtzaile txarrak. Ez, ordea, urte luzeen ostean noizbait galtzea suertatu zaielako. Galtzen ez dakitelako baizik. Behin galtzearen ondorioz, guztiz «galduta» antzeman baitaitezke, «Lost» serieko uhartean baleude bezala. Eta horrela jarraituko dute, galtzen ikasten ez duten artean.

Aipatu jokabideak ikusteko, aitzitik, euskaldunok ez dugu hain urrunera joan beharrik. Aski da 2011ko maiatzaren 22ko Udal eta Foru Hauteskundeetatik gaurdaino euskal eskuinak izan duen jarrera aztertzea. Eta, pertsonalki, tristezia (eta neke puntu bat) eragiten dit honek.

Lehiarekin itsututa ez baita inora iristen. Guztiok guztion aurka arituz, norbere garaipena lortu nahian, denon porrota soilik ereingo dugu. Interes pribatuak eta iraganeko liskar antzuak alboratzeko unea da; onura kolektiboa (guztiona) beste ororen gainetik lehenestekoa. Alde guztiek horren oso kontziente izan beharko lukete. Konponbiderako bide bakarra hau izaki. Elkarlanerako garaia da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo