GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Jaialdi handia antolatu dute urriaren 20rako

J.L.

Harria taldeak ekitaldi potoloa aurkeztu zuen atzo. Harri-jasotzeari buruzko liburu mardul bat egin dute, eta horrekin batera jaialdi erabat berritzailea antolatu nahi izan dute, kirolak eta musika nahastuta, erabateko ikuskizuna izango dena.

Urriaren 20an izango dira ekinaldiak. Hasteko, 11.00etan San Telmo museoan liburuaren aurkezpena egingo dute. Bertan izango dira liburua egiten aritu diren Patxi Jauregi, Miguel Iriarte eta Joseba Urretabizkaia. Bertan azken bi urteetako ikerketaren lana aurkeztuko dute, azken ehun urte hauetako harri-jasotzaile eta harriekin. Liburua, argazki zaharrak eta gaur egungoak batuz, eta Euskal Herriko 105 harri-jasotzaileren lekukotasunak bilduz osatu omen dute, atzo esan zutenez.

Ekitaldi nagusia, berriz, 12.30ean hasiko da Victoria Eugenia antzokian, eta bertan musika, dantza eta kirolak nahastuko dira. Segur aski, antzoki batean ez ziren inoiz egingo kirol errekorrak, baina datorren urriaren 20an izango da horretarako aukerarik, hiru ahalegin egingo baitira.

Dudarik gabe, harria protagonista izan da, kirolariek izango dute lehentasuna, eta protagonismoa eta ikusminik handiena ere beraientzat izango da, eta are gehiago kontuan hartuz gero parte hartzaileak zeintzuk izango diren, egun dauden erakargarrienetakoak izango baitira lanean. Alde batetik, egungo nagusia, Aimar Irigoien, arituko da jo eta su. Errezildarrak bost minutu izango ditu 125 kiloko zilindro zaharrarekin lanean aritzeko.

Lanean ikusiko den bestea hemendik urte batzuetara errezildarraren aurkaria izango dela esaten duten Urdax Magunazelaia izango da. Bizkaitarrak 15 urte besterik ez ditu eta erabat txundituta dauka jendea. 200 kilokoarekin jardungo da lanean, bost minutuan marka handi bat jartzeko asmotan.

Azkenik, Idoia Etxeberria ere bertan izango da. Emakumezkoetan lan handia egiten ari da oriotarra eta harriaren egun honetan bera ere ez da faltako. 150 kiloko harri errektangularra erabiliko du bost minutuan, eta honek ere marka bikain bat egin nahi du Victoria Eugenian.

Bazkaria

Kirolariekin batera, Oreka Tx ere han izango da, baita Kukai dantza konpainia ere, eta Amaren Alaba taldeko kantariek ere ez dute hutsik egingo, jaialdia osatzeko asmoz.

Horrekin amaituko da eguerdi partea, baina ez eguna, horrek jarraipena izango baitu Manteo kiroldegian; bertan 800 bat lagunentzako bazkaria egingo dute. Gainera, liburuan agertzen diren harri-jasotzaileak omendu nahi dituzte.

Bazkari horretan ere musikak eta umoreak tokia izango du, eta lehengo eta oraingo harri eta harri-jasotzaileei buruzko jardunik eta bitxikeriarik ere ez da faltako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo