Iagoba Itxaso Alternatibako Komunikazio Kritikorako Mahaia
Informatika herritarra herriarentzat
Guztiok babestu beharreko onura delako, erakundeetako sail guztietatik software askea sustatu beharko litzateke, eta bereziki hezkuntza eta industriatik
Softwarea ezinbestekoa da gure egunerokotasunean. Erabiltzen dugun teknologiaren parte da, eta egiturazko osagaia da erakunde guztietan, enpresa publiko zein pribatuetan.
Banaketa ereduaren eta bakoitzaren izaeraren arabera, bi software mota existitzen dira: alde batetik, software pribatiboa dugu, non Windows moduko sistema eragileak edota MS Office zein Photoshop bezalako aplikazio ezagunak koka daitezkeen; bestetik, software askea daukagu, GNU/Linux sistema eragilea ikur duena eta Open Office edo Firefox bezalako aplikazio arrakastatsuekin.
Zenbaitetan nahiko nahasia da bien arteko aldea, baina erraz uler daiteke desberdintasuna. Software askeak izen hori badauka, nahi duten guztiek hura erabili, kopiatu, aztertu, aldatu eta birbanatzeko askatasuna eskaintzen duelako da; software pribatiboan, aldiz, askatasun hauetako bat edo batzuk jabetza eskubidea dutenen esku galarazten dira. Alegia, askatasun horretarako mugak jartzen dizkigute.
Gure erakundeek software askea zein pribatiboa erabiltzen dute, inbertsioaren zatirik handiena bigarren horretara bideratzen badute ere. Bila daitezke software pribatiboa erabili eta defendatzeko argudioak, baina askea erabiltzearen aldeko arrazoiak, askoz garrantzitsuagoak izateaz gain, demokraziaren berme eta guztiz herritarrak dira.
Ezinbestekoa da erakunde publiko batek erabiltzen duen softwarearen gaineko kontrola izatea eta, zalantzarik gabe, gure sistema informatikoei dagokienez burujabetza ziurtatzeko modu bakarra software askearen aldeko hautua da. Aplikazio pribatiboen kodea itxia da eta, horrexegatik, inoiz ezin dugu jakin bere osotasunean zer dakarren. Software librea, aldiz, herritarren kontrolpean dago. Sistema eragile pribatiboa erabiliz gero, ba al dute herritar zein erakundeek beren sistemetatik pasatzen den guztiaren gaineko kontrola?
Beste alde batetik, gure softwarea sustatzearen inguruko eztabaida dago, noraino jo dezakegun bata edo bestea erabilita. Software askea badarabilgu, gero eta garatzaile gehiagok lan egin eta elkarlanean aritzea ahalbidetuko dugu, kode itxiaren jabeak ezarritako mugak gaindituta. Esaterako, erakunde publiko batetik aplikazio jakin bat garatzeko lehiaketa antolatuz gero, garapena bukatu ostean inork ez du galaraziko herritarrek aplikazioa hobetu edo aldatzea. Are gehiago, etorkizunean software hori gaurkotzeko lehiaketa berria egongo balitz, kode irekiak enpresa desberdinek aztertzea ahalbidetuko luke eta, horri esker, aurrekontu egokiagoa aurkezteko aukera izango lukete, jatorrizko aplikazioa diseinatu zuen enpresarekiko aukera berdintasunean.
Egia da administrazio baten sistemak software askera eraldatzeak baduela kostu bat. Baina egia da, halaber, software pribatiboak lizentziak ordaintzea eskatzen duela, askoz garestiagoa izan daitekeena. Instalazio edo mantentze kostuak, gainera, lehiaketara atera daitezke, tokiko hornitzaileek zerbitzu horiek emateko moduan egongo liratekeela. Alegia, lizentzietan diru publikoa gastatu beharrean, atzerriko enpresetan batik bat, bertoko enpresetan inbertituko genuke. Noski, bada beste aukera bat, beharrizan horiei aurre egiteko lanpostu publiko iraunkorrak sortzea, gure sistema informatikoarekiko burujabetza are gehiago indartuz, enplegu publiko, egonkor eta duinaren alde egiten dugun bitartean.
Software askearen kontzeptuak, gainera, elkarlana bezalako eduki filosofikoekiko lotura du: demokrazia, horizontaltasuna, aukera zein genero berdintasuna eta internazionalismoa. Guztiok babestu beharreko onura delako, erakundeetako sail guztietatik software askea sustatu beharko litzateke, eta bereziki hezkuntza eta industriatik. Ondo aztertuz gero, berehala konturatuko gara ezin dela lortu nazio burujabea, demokrazia erreala eta herritar askatasun erabatekoa, gure instituzioek software askea erabiltzen ez badute.