European Amlin Challenge
Avironek aurkaririk errazena izango du lehen jardunaldian
Lapurtarrek Mogliano talde italiarra hartuko du 20.00etan Jean Dauguerren.
Jon LEUNDA
Avironek hirugarren garaipena eskuratzeko aukera paregabea dauka gaur, Jean Dauguer estadioan Mogliano talde italiarra hartuko baitu 20.00etan. Multzoko talderik ahulena da, eta lapurtarrek graipena lortzeaz gain, erasoko puntua ere lortu beharko lukete. London Waps eta Newport dira multzoko beste bi aurkariak.
Hasiera kaskararen ostean, badirudi barealdia iritsi dela Lapurdiko hiriburura, eta azken bi partidak irabazi egin ditu, eta horietako bat Biarritzen zelaian. Neurketa honek ez dauka besteekin zer ikusirik, ez eta lehiaketarekin ere, hau Europako Amlin Challengekoa delako, baina garaipenak beti izaten dute balio handia, eta are gehiago baionarrek pasa dituzten azkeneko hilabeteak kontuan hartuta.
Hala ere, Avironentzat, eta bera bezala lehian ari diren gainerako talderik gehienentzat bezalaxe, Avironek ere askoz garrantzia gehiago ematen dio Ligari, ez baita ahaztu behar Amlin Challengea Europako bigarren lehiaketa dela.
Hori gaur ederki nabarituko da zuri-urdinen hamabostekoan, ohikoak diren jokalari bat baino gehiago ez direlako arituko. Gaurko partidarako atseden eman die lapurtarren entrenatzaileak jokalari batzuei, eta Chisholm, Roumieu, Igiñiz, Spedding eta Rokocoko ez dira deialdian sartu, eta hauei Mazars, Potgieter eta Ahoetelioa gehitu behar zaizkie, baina azken hauek min hartuta daudelako, eta jokatzeko moduan oraindik ez daudelako.
Deialdian honako jokalari hauek sartu dira: Arganese, Baget, Boutaty, Carrillo, Da Ros, Desmaison, Legras, Linde, Marmouyet, Manukula, Senekal, Tialata, Boyet, Gerber, Heymans, Lacroix, Lovobalavu, O'Connor, Phillips, Rouet, eta Ugalde.
Beraz, berrikuntzen artean Carrillo, Desmaison eta Ugalde dira nagusienak, eta agian gaur denboraldi honetako lehen minutuak izan ditzazkete. Jenderaen aldetik ez dira ikusle asko espero, nahiz eta taldea saiatu den sarrerak merketu eta ahalik eta zalerik gehien eramaten, baina lehiaketa honek ez ditu liga handietako zaleak erakartzen.