Hausnarketak (VII) | URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK
«Jendeak zer nahi duen jakiteko aukera eman behar digute»
Pello Salabururekin izandako elkarrizketan «kezka» da, segur aski, gehien errepikatu den hitza. Kezka, egoera ekonomikoagatik; kezka, egoera horrek hurbileko jendearengan izango duen eraginagatik; eta kezka, krisiaren erantzuleei inork ezer esaten ez dielako.
Iker BIZKARGUENAGA
Herri honi buruzko hausnarketa saileko zazpigarrena da honakoa, eta nabarmentzekoa da GARAk elkarrizketatu dituen lagun gehienek edo guztiek gazteen egoeraren gainean azaldu duten kezka. Pello Salaburuk ere ezinegon hori agertu du. «Gazteei kezkatzeko moduko etorkizuna uzten ari gatzaizkie, une honetan oso iluna». Halaxe esan digu Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohiak, Abandoibarrako bere bulegotik. Esparru politikoari dagokionez, heldu diren urteak interesgarriak izango direla irizten dion arren, berak ere uste du orain ekonomiak eta krisiak dena irensten dutela.
Krisiaren bi aldeak
«Kezka ikaragarria dago, oso handia; egunero iristen zaizkigulako krisiaren inguruko berriak, eta ez bakarrik egunkarietan, bizitzan ere ikusten ditugu, gure inguruan», aipatu du Salaburuk, auzi honek bi alde dituela azalduz. Alde batetik, etorkizunean gerta daitekeenaren gaineko ardura. «Nik baditut semeak, familiagatik kezka badago...» eta, honekin batera, berarentzat harrigarriena dena: «Hau guztia sortu duten erantzule batzuk badaude eta horiei ez die inork ezer esaten. Eta uste dut horrek ere kezka handia sortzen duela». Adibide gisa, egungo Ekonomia ministro espainolaren kasua aipatu du, Luis de Guindosen kasua, alegia. «Lehman Brothers-eko kide ohia da. Saltsa horretan sartu gaituztenek esan behar al digute hemendik nola atera?».
Krisiak berak, eta horrek ekarritako uholdeak, urte luzez irabazitako eskubideak ezabatuko ote dituen galdetuta, Salaburuk dio eskubideetan baino «guk sortu genuen ongizate gizarte horretan atzeraka» goazela. Edonola ere, hor beste arazo bat egon dela nabarmendu du; hots, «ez genuen dirua gastatu dugula». Unibertsitatean gaude, -EHUk Ibaizabalen parean duen eraikin ikusgarrian-, gazte askoren esparru naturala, eta, beren egoerara bueltatuz, lehen aipatutako etorkizun beltz horrek gazteen artean «konfiantza falta izugarria» sortzen duela dio errektore ohiak. «Ilusio falta sortzen du, eta hori da gizarte bati gerta dakiokeen gauzarik txarrenetarikoa. Jendea oso ondo prestatuta dago, ilusio handiz prestatzen du bere burua, baina gero, zertarako? Beharbada hemendik kanpora joan behar izateko? Agian ez kanpoan ez hemen ezer ez aurkitzeko? Hori urte batzuetako lana da, krisian jada bost urte daramatzagu, eta nik ez dut irtenbiderik ikusten. Badakit aterako garela, baina hori gazteei transmititzea oso zaila da». Eta, gainera, bere aburuz, desilusio horrek «neurtzeko zailak diren ondorio batzuk izan ditzake», hots, «etorkizunik ikusten ez baduzu, ez duzu erakundeetan gehiegi sinesten, ez duzu gizartean sinesten, eta, txarrenera eramanez, horrek arazo larriak sor ditzake».
Eta Unibertsitatean, krisiak eraginik ba al du bertan? Galdera horren aurrean Salaburuk nabarmendu du egungo errektorea edo gerentea direla erantzuteko pertsonarik aproposenak, baina bere esanetan, «oraingoz» EHUk ez du krisia hain nabarmen bizi; «hemengo Gobernuak lagundu dio, eta, beraz, ez dugu beste unibertsitateek pairatu duten indarrarekin sentitu».
Gauzak onartu behar dira
Egoera ekonomikoaz harago, beste guztia «bigarren mailan» geratzen ari dela uste du, baina, edonola ere, «oso adierazgarritzat» jotzen du azkenaldi honetan gizartean gertatzen ari den bilakaera: «Independentziaren aldeko indarrak, bueno, ez dakit independentzia hitza den egokiena, batzuentzat bai beste batzuentzat agian ez hain garbi, baina gure arazoak gure kabuz konpontzeko gogo hori, gero eta handiagoa da», adierazi du, eta, alde horretatik, Katalunian gertatu dena ere aipatu du.
Egoera honen aurrean, bai Euskal Herrian bai Katalunian gertatzen ari den bilakaera horren aurrean, berak ez du ikusten «inondik ere» Gobernu espainolak «jarrera demokratikoa duenik». «Atzo Kongresuan gertatutakoa ikustea baino ez dago [iragan asteartean, Kongresu espainoleko gehiengo handi batek, PPk, PSOEk eta UPyDk osatzen dutena, ezezkoa eman zion Katalunian erreferendum bat antolatzeko eskubidearen alde ERCk aurkeztutako proposamen bati]; hori ez da batere demokratikoa», salatu du.
Eta gaineratu du beste estatu edo herrialde batzuetan «horrelako joerak daudenean, lasaitasun handiagoz» hartzen dituztela. «Hemen lasaitasuna falta da, eta ez dut hori ulertzen», azpimarratu du. Horiek hala, Estatu espainolaren jarrera Britainia Handiak Eskoziarekin darabilenarekin alderatu du, edo Kanadak Quebecen duenarekin. «Gero aterako da edo ez da aterako, baina gauzak onartu egin behar dira. Zuk lehenago ezin duzu esan `ez, hau ezin da onartu'. Nola ezin dela?».
Gutxieneko demokratikoa
Krisiak krisi, eta egoera politiko zalapartatsuaz harago, Salaburuk ez du antzekotasunik ikusten egungo testuinguruaren eta duela 30-35 urtekoaren artean. «Inondik inora, egoerak oso desberdinak dira. Duela 35 urte diktadura batetik ateratzen ari ginen, eta diktadura batek ez du honekin zerikusirik. Oso desberdina da. Beste kultura bat da orain dagoena», azaldu du. Edonola ere, bere iritziz, «jendeak protesta egin nahi du, eta protesta egiteko eskubide oso dauka. Eta gure agintariek hori entzun behar dute».
Eta egungo egoerak aurreko garaiekin zerikusirik ez duela esan ostean, nolakoak izango dira hurrengo urteak? Salabururen aburuz, «zailak izango dira», egoera ekonomikoagatik. «Lehen gauza bizitzea da -gaineratu du-, eta bizitzea guretzat ez da Indiako edo Afrikako pertsona batentzat dena, guretzat beste zentzu bat dauka hitz horrek. Beraiek bizitzea ez hiltzeari deitzen diote; guk ez, guk ongi bizi nahi dugu». Eta datozen urteetan gai horren inguruan egongo dira denak, bere ustez.
Hala ere, lehia politikoari dagokionez, egoera «interesgarria» izan daitekeela dio Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izandakoak, «abertzaletasunak orain inoiz baino esparru handiagoa izango duelako, eta horrek mahai gainean jarriko dituelako, etengabe, bestelako eskaera batzuk. Eta hor ikusiko dugu zer gertatzen den». Hori ikusteke dago oraindik, baina «gutxieneko batzuk» onartu beharko liratekeela uste du, eta berriro ere Eskoziako adibidea ekarri du. «Gutxieneko demo- kratiko bat onartu behar digute; horrelako gauzak pentsatzeko, eskatzeko eta defenditzeko aukera eman behar digute; erreferendum batean edo beste nonbait, herriak zer nahi duen jakiteko», dio arizkundarrak.
Bederatzi egun barru hauteskundeak izango dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta Gasteizko Ganberan herri honetako sentsibilitate politiko guztiak egongo dira ordezkatuta, orain ez bezala. Salabururen ustez, egoera horrek lagunduko du egoera politikoan pausoak ematen eta indar politikoen artean harremanak sendotzen, mesfidantzak uxatzen. «Bai, lagunduko du. ETA desagertu denetik gauzak beste modu batera ikusten dira. Nik uste dut hurrengo urteetan jarrera berriak ikusiko ditugula, beste itun batzuk ikusiko ditugu, hori seguru baietz. Noiz, ez dakit. Momentu honetan ezker abertzalea eta PP elkartuko direnik ez zaio inori bururatzen, baina Groucho Marxek esaten zuen politikak ezkontzak baino bizikide arraroagoak egiten dituela».
Euskararen egoera
Salaburu euskaltzaina da eta euskararen egoeraz ere galdetu diogu, aipatu duenez, «lehen baino mila aldiz hobea» den egoeraz. Baina, berak gaineratu du: «Behar bezain ona? Ez, noski». Beraz, «lehen baino askoz hobea bai, nahi nukeen bezalakoa, ez». Auzi honetan, gazteak, krisiak eta egoera ekonomikoak kontuan hartzen ditu Salaburuk bere hausnarketarako. Hasteko, eta gazteei dagokienez, zera dio: «Euskara indartzeak euskal hiztunek hitz egin nahi dutela esan nahi du; nik ez dakit euskaraz dakiten gazteek euskara erabili nahi duten edo ez. Edo erabili nahi duten, erdara erabiltzen den gogo horrekin». Bestetik, egoera ekonomikoaren eta gure gizartearen bilakaeraren ondorioz, gero eta gazte gutxiago dagoela aipatu du, eta gainera «horietako asko kanpora joango dira, kanpokoak etorriko diren bezala». Eta migrazio mugimendu horrek ere «argazkia» baldintzatuko duela nabarmendu du.
«Gure historian lehen aldiz ataka honetan gaude. Euskaraz dakiten gazteak baditugu, gazte urbanoak, formatuak, euskara erabiltzeko gai direnak. Lehenbiziko aldiz historian, euskarak aurrera egin du egin duen indarrarekin. Lehenbiziko aldiz historian, euskarak baditu orain arte izan ez dituen beste arrisku batzuk; eta lehenbiziko aldiz historian, gazteek gai honetan aurrera edo atzera egiteko aukera izango dute. Eta hori fenomeno berria da», dio Salaburuk.
Formakuntza eta frustrazioa
Eta gazteez ari garela, ba al da desberdintasunik duela urte batzuetako eta oraingo ikasleen artean? Bere aburuz, bai. «Nik uste dut jendeak orain batez ere bere burua formatu nahi duela eta hori oso serio hartzen duela, eta hori da egin daitekeen gauzarik hoberena eta herri honentzat gerta daitekeen gauzarik onena. Duela 25 urterekin alderatuta, hori hedatuago dago orain lehen baino». Ez bakarrik ikasleen artean, irakasleen artean ere antzeko aldaketa sumatzen du berak, norabide berean, eta «ikaragarri» pozten du horrek.
Baina, hain zuzen arrazoi horregatik, egungo gazteak inoiz baino formakuntza hobea dutelako, egun bizi duten egoera «frustrantea» dela onartu du, batez ere gazte horietako asko «kanpora joango direlako eta kanpoan aprobetxatuko dutelako hemen eman diegun formazioa eta gastatu dugun dirua. Oso frustrantea da hori».