Anaia Musulmanek erregimen zaharraren inpunitatea salatu dute
Anaia Musulmanen Askatasuna eta Justizia Alderdiak Egiptoko fiskal nagusiaren dimisioa eskatu eta protestarako deia zabaldu du; manifestariak «erailtzeaz» -besteak beste- akusatuta zeuden Hosni Mubaraken erregimeneko hainbat goi kargudun absolbituak izan ostean.
GARA | KAIRO
Anaia Musulmanek Hosni Mubaraken Gobernuko errepresiogile eta hainbat goi kargudunen absoluzioa dela-eta atzoko eta gaurko antolatutako protestetan parte hartzeko deia zabaldu zuten, Egiptoko fiskal nagusiaren dimisioa eskatzeaz gain.
Iraultza arabiarraren baitan, «gameluen bataila» izenekoan, manifestarien aurka oldartzeagatik auzipetutako Hosni Mubaraken Gobernuko 24 arduradun absolbitu zituen asteazkenean Kairoko Zigor Auzitegiak.
Auzipetuei, tartean Fathi Surur eta Safuat Sherif, Parlamentuko bi ganberen lehendakari ohiei, 2011ko otsailaren 2 eta 3 artean Tahriren manifestarien aurkako «erailketak, hilketa saiakerak, erasoak eta kalte fisiko sendaezinak eragin izana» egotzi zizkieten. Guztira, bi egun horietan hogei lagun inguru hil ziren protestetan.
Anaia Musulmanak egiptoar herriaren epaia izan behar zuena entzutean «harritu» egin direla adierazi dute eta akusatu guztiak berriro epaitu ditzaten eskatu dute.
Injustizia hori dela medio, Anaia Musulmanek, nazio mailako beste indar politikoekin batera, atzo herrialde osoan zehar antolatuta zeuden protestetan parte hartzera dei egin zuten, baita gaurko iragarri dute martxa nazionalerako deia ere.
Egiptoko iraultzak iraun zuen 18 egunean 850 pertsona inguru hil ziren.
Mubaraki biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten «manifestarien erailketen arduradun izateagatik», baina berarekin errepresioaren gidaritzan aritu ziren sei segurtasun arduradun absolbituak izan ziren. Manifestariak «hiltzeaz akusatuta» zeuden polizia asko ere absolbitu egin zituzten, jendartean Poliziaren inpunitate orokorrarekiko beldurra zabalduz.
Mohamed Mursik Egiptoko fiskal nagusia kargugabetu zuen atzo, manifestariak «erailtzeaz» akusatuta zeuden Hosni Mubaraken Gobernuko hainbat goi kargudunen absoluzioa dela-eta.