Etxebizitza sustatzea eta lanpostuak sortzea da Izagirreren lehentasuna
Ekonomiaz luze aritu zen atzo Juan Karlos Izagirre alkatea hiriaren egoeraren gaineko eztabaidan. Udalak %6ko zorra duela onartu arren, Aldundiarekin dituenak 2013an kitatuko dituela esan zuen. PPk alkatearen aurkako zentsura mozioa iragarri arren, EAJk ezetz esan zion.
Oihane LARRETXEA | DONOSTIA
Indarrean dagoen legealdiko hiriaren egoeraren inguruko bigarren eztabaida egin zuten atzo Donostiako Udalean eta, ohiko osoko bilkurek irauten dutena iraun ez zuen arren -hamabi ordu inguru-, ezarritako denbora agortu zuten, ia hiru ordu eta erdi. Juan Karlos Izagirre alkateak hartu zuen aurrena hitza, iazko eztabaidatik gaur arte egindakoaren inguruan errepasoa egiteko.
Lehenik eta behin, eta iazko hitzorduan adierazi zuenari eutsiz, agindu zituzten bi premisak bete dituztela defendatu zuen. Batetik, udal gobernuak ez duela arlo sozialari begira aurreikusita zuen inbertsioa murriztu, hori «balio erantsia» dela uste baitu, eta bigarrena, «ez dagoen dirua» ez duela gastatu. Honela, bere taldeak bederatzi milioi euro aurreztu dituela esan zuen, «kendu behar ez den horretatik kendu gabe, zerbitzu publikoak eta zerbitzu sozialen kalitatea mantenduz».
Ekonomiari buruz luze aritu zen Izagirre. Dirua «behar den horretan» inbertitzea ezinbestekotzat iritzita, ondo kudeatzea garrantzitsua dela erantsi zuen, eta zentzu horretan, Bilduk «eragiketa berria» burutu duela adierazi zuen: sail guztietako zuzendariak deitu zituen, euro bakoitza zertan inbertitzen den jakiteko.
Aurrekontuen harira, Izagirrek datu batekin irudikatu zuen egoera ekonomikora egokitzeko beharra. Aurtengoek, iaz baino 42 milioi euro gutxiago izan dituzte, eta azken bost urteetan adostutakoak baino 115 milioi euro gutxiago; hau da, batez beste urtero 23 milioi euro gutxiago. Gai honen harira, PPko bozeramaile Ramon Gomezek eta EAJko Eneko Goiak alkateari gogorarazi zioten datorren astelehenean agortuko dela datorren urtekoak aurkezteko epea. Udal gobernuak bere proposamena noiz aurkeztuko duen ez zuen esan; izan ere, Finantzen Euskal Kontseilua noiz bilduko zain dago.
Ernesto Gasco PSEko bozeramaileak Izagirreren hitzak goitik behera kritikatu zituen eta egin duen «berrikuntza bakarra Aste Nagusiko entsalada lehiaketa» izan dela esan zion, eta orain matxan dauden hainbat proiektu Odon Elorza alkate ohiak abiarazitakoak direla nabarmendu zuen.
Gomezek ere ez zituen alkatearen azalpenak onartu, eta bere aurka PPk zentsura mozioa aurkezteko asmoa duela jakinarazi zuen. Jeltzaleek, ordea, berehala baztertu zuten ekimen hori babesteko aukera.
Ekonomiaz gain, udal gobernuaren lehentasunez mintzatu zen Izagirre: hiritar gobernua, gatazkaren konponbidea, garapen iraunkorra, kultura eta euskara eta garapen ekonomikoa. Azken honen baitan etxebizitza sustatzea eta lanpostuak sortzea kokatu zituen. Hain zuzen, azken bi horiek direla Bilduren lehentasunak nabarmendu zuen.
Norabide horretan, azaldu zuenez, datozen hilabeteetan udal gobernuak 1.300 lanpostu berri sortzeko lanari ekingo dio, baita hutsik dauden etxebizitzak -10.000 inguru- merkaturatzeko asmoari. Etxebizitzak zaharberritzeko jabeek diru laguntzak jasoko dituztela iragarri zuen.
Gascok eta Gomezek azterketa gainditu ez izana egotzi zioten alkateari. «Ni ez naiz hona azterketa bat egitera etorri -erantzun zien-, donostiarrei kontuak ematera baizik; beraz, nota lekuz kanpo dago».
Ramon Gomezek (PP) kulturan inberti dezala eskatu zion alkateari. Paradoxikoki, Madrilek 120.000 euro gutxiago emango dizkio datorren urtean Zinemaldiari, baina Gomezek gai hori saihestu zuen. «Udal gobernu honetaz ari gara», esan zuen.