GARA > Idatzia > Euskal Herria

Eguraldi kaskarrak ez dio traba egingo jai giroari Lekunberrin

Nafarroako azken jaiak dira Lekunberrikoak, urria erdialdean ospatzen direnak. Gauzak horrela, bitxikeriatzat jo daiteke txupinazoa gaua heldu denean piztea. Gaur izango dute jaietako egun nagusia, Pilare eguna. Egitarau zabala izango da guztientzat: sukaldaritza lehiaketak, herri kirolak, bertsoak, pilota, musika, antzerkia...

p025_f02.jpg

GARA | LEKUNBERRI

Lekunberrin atzo arratsaldean eman zieten hasiera Nafarroako azken festei, suziria piztuta. Urrian izanda, Lekuberriko txupinazoak ezaugarri bereziak ditu; horietatik nagusia, jaiak eguna ilundua denean hasten direla, arratsaldeko zortzietan pizten baitute suziria.

Asteburu honetan Lekunberrin eguraldia lagun izango dutenik ezin daiteke esan, iragarpenei jaramon egiten badiegu behintzat. Euria eta tenperatura jaitsiera nabarmena egongo dela iragarri dute.

Dena den, jaietarako gogoa itotzeko eguraldiak kaskarra baino kaskarragoa izan behar du, eta ziur asko Lekunberriko biztanleak eta ingurutik hurbiltzen direnak euriari eta freskotasunari umore onez aurre egiteko gai izango dira.

Txupinazoa da jaietako lehen ekitaldi ofiziala, baina hori baino lehen Lekunberriko jaiek aurrepen txiki bat izan ohi dute, ofiziala, programan agertzen baita. Herriko erretiratuak Ayestaran hotelean elkartzen dira eta musikak lagunduta bazkaltzen dute. Eguraldi kaskarra festa egiteko oztopoa ez bada, adina ere ez. Eta hala frogatu zuten atzo beste behin Lekunberriko erretiratuek. Giro ezin hobea izan zuten bazkarian.

Txupinazoa piztu eta bost minutura zezensuzkoa izan zuten Lekunberrin. Jaiak ilun hastearen abantailak!

Eta eguerdian erretiratuek bazkaria egin zuten bezala, gauean herriko gazteak elkartu ziren karpan elkarrekin afaltzeko.

Gaur, Pilare eguna

Egun handia izango dute gaurkoa Lekunberrin, Pilare eguna. Goiz hasiko dira festa egiten, 8.00etarako dianak iragarrita baitaude. 11.30ean, berriz, trinketeko partiduak izango dituzte.

Sukaldean trebeak direla herritar guztien aurrean erakutsi nahi dutenek tortilla-lehiaketa izango dute 13.00etatik aurrera Euskaldunan. Parte hartu nahi duenak gaur eguerdira arte du izena emateko epea.

Tortilla gustuko ez dutenak ez dira aspertuko, karpan herri kirolak izango baitituzte. Ugaitz Mugertza eta Julen Kañamares aizkolariak eta Josetxo Urrutia eta Xabier Igoa harri-jasotzaileak arituko dira.

Bazkaldu eta gero, lehiaketa bitxiagoa izango dute karpan bertan. 16.30ean aitzur lehiaketa hasiko da. Eta ordu erdi beranduago Aspeko pilotarien festibala hasiko da frontoian. Bitartean, txikienek haur jokoak izango dituzte Alde Zaharrean. Eta 17.45ean Lekunberri TVren saioa hasiko da.

Bertsolarientzat ere tokia izango da karpan 19.00etan. Alaia Martin, Uxue Alberdi, Oskar Estanga eta Iker Zubeldia izango dira saioan parte hartuko dutenak.

Gaua iritsitakoan, 21.30ean Maskaradaren ikuskizuna hasiko da kiroldegian, eta ondoren zezensuzkoa abiatuko da. Korrika egin eta gero indarrak berreskuratzeko zurrakapotea banatuko da karpan gaueko hamarretan.

Birziklapena ezin da ahaztu

Jaietan ere ingurugiroa zaindu behar dela gogorarazteko batukada «birziklatzailea» Lekunberriko kaleetan barrena ibiliko da, Ainhoa tabernatik abiatuta. Mendialdea Mankomunitateak, Ecoembesek, Ecovidriok, Cranak eta Nafarroako Gobernuak sostengatzen dute ekimen hau.

Egun nagusiari amaiera jartzeko, gauerdian Ukatu Taldea eta Trikidantzen saioa hasiko da.

Larunbatean, berriz, Haurren Eguna ospatuko dute Lekunberrin eta Alde Zaharrean puzgarriak jarriko dituzte. Horrekin batera, ajoarriero txapelketa, herri bazkaria, Larraun-Lekunberri pilota goxua txapelketaren finala, pintxo eguna eta Oihan Vegaren disko jaia ere izango dira, besteak beste, haurrak ez direnentzat.

Igandean arratsaldeko zazpietan emango diete amaiera jaiei lekunberritarrek Rondalla Armoniarekin.

Erretiratuak

Atzo, arratsaldeko zortzietan, txupinazoak hasiera ofiziala eman zien Lekunberriko jaiei. Halere, erretiratuek aurrerapentxo bat izan zuten eguerdian; musika lagun, bazkari ederra egin zuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo