GARA > Idatzia > Ekonomia

Negozio ideiak abian jartzeko gidaliburua idatzi du Iñazio Irizarrek

«El plan de negocio en la práctica» gidaliburuak negozio bat abiatzeko urratsak modu praktikoan azaltzea du helburu eta bereziki ekintzaileei zuzenduta dago. Izan ere, ekintzailetasuna sustatzea gizartea eta ekonomia iraultzeko ezinbestekoa da, Irizarren iritziz.

p036_f02.jpg

Iraia OIARZABAL | DONOSTIA

Ekintzailetasunari bultzada bat eman nahian, «El plan de negocio en la práctica» liburua argitaratu du Iñazio Irizar Mondragon Unibertsitateko irakasle eta Euskalit-eko aholkulariak Gipuzkoako Aldundiarenkin batera. Atzo egindako aurkezpenean, liburua praktikotasunean oinarrituta dagoela azaldu zuen Irizarrek.

«Giza kapitala ondo badabil, gizartea ere ondo dabil», hala aitortu zuen Irizarrek eta premisa horretan oinarrituta, giza kapitala aberasteko ekintzailetza sustatzea eta laguntzea beharrezkoa dela nabarmendu zuen.

Ekintzailetza mota berezi bati eman zion lehentasuna Irizarrek, barne ekintzailetzari hain zuzen ere. Jadanik martxan dauden enpresetan negozio ideia berriak garatzea baita, bere ustez, enpresa bera aurrera ateratzeko giltza.

Gainera, barne ekintzailetza enplegua sortzeko baliabide aproposa dela baieztatu zuen. Horregatik, ekintzaile eta langile autonomoentzako egindako liburua da Irizarrek idatzitakoa. Era berean, langabezian dauden pertsonentzako ere lagungarria izan daitekeela uste du, ekintzailetza «autoenplegua» sortzeko bide gisa ulertzen baitu.

Praktika, urratsez urrats

Ekintzailetza eta kooperatibismo arloetan ibilbide luzea egindakoa da Irizar. Unibertsitatean eskolak emateaz gain, argitalpen ugari egin ditu bi gaiok jorratuz.

Azken liburu hau idazteko orduan erabilgarritasuna izan du helburu; hortaz, liburu osoa irakurri ordez, nork bere beharren arabera erabiltzeko pentsatua dago. Sei ataletan banatuta negozio plan baten oinarrizko ezaugarriak azaltzen ditu urratsez urrats. Berezitasun gisa, atal bakoitzaren amaieran saihestu daitezkeen akatsak zerrendatzen ditu.

«Tresnak jarri behar dira jendearen eskura», aipatu zuen Irizarrek, eta horixe da liburu honen xede nagusia. Beldurrak albo batera uzten lagundu eta ekintzailetzak berezko dituen traba eta oztopoei aurre egiten erakutsi nahi du, funtsean, gidaliburuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo