URRIAREN 21EKO HAUTESKUNDEAK
Mintegik dio amaitu egin behar dela hezkuntza eredu «neoliberal eta elitista»
Mikel PASTOR | LEIOA
Laura Mintegi unibertsitatera itzuli zen atzo; alegia, ez urteetan bezala klaseak ematera, EH Bilduko kanpainari segida ematera baizik. UPV-EHUren Leioako campusean egindako agerraldiak koalizio soberanistaren gazteentzako programa izan zuen ardatz. Horretarako, EH Bilduren gazteriaren arduradun Andoni Rojoren laguntza izan zuen Mintegik.
Ikasle ohien aurrean inoiz baino indartsuago azaldu zen Mintegi, gazteen grinaz-edo kutsaturik. Horiei zuzendutako diskurtsoan, lehendakarigaiak gazteen lan etorkizunaren gaineko «kezka larria» azaldu zuen. Ohartarazi zuen, bestalde, beste alderdiek, «izena eskuinekoa edo ezkerrekoa izan», eskuineko politikak burutzen dituztela gazte formakuntzan, «enpresentzako langileak sortu nahi dituztelako, eta ez pertsona gisa hezi».
Egoera horri alternatibak eskaintzeko orduan, bizi esperientzia erabili zuen Laura Mintegik. Berak aitortu bezala, «orain dela berrogei urte, unibertsitatea oso elitista zen, soilik dirudunentzat. Lau hamarkada hauetan, gauzak asko hobetu dira, eta nahiz eta akats handiak egin, unibertsalizatu egin da, zabaldu, aukera gehiago eman dira».
Gaurko egoera larrian, ostera, «berriro elitismo hori bueltan dela ikusten dut, berriro soilik dirudunentzat, berriro bakarrik bikainentzat», salatu zuen Mintegik.
«Eredu honen bitartez, Bolonia Planaren bidez, alegia, ezinezkoa da zuentzat lana eta ikasketak uztartzea, eta bat aukeratzera behartzen zaituztete», ohartarazi zuen lehendakarigaiak.
Ikasketak enpresetara bideratze horrek, Mintegiren ustetan, «klaseen arteko aldea handitu egiten du zeharo, eta hori gizartearentzako pobrekuntza da, irakaskuntza pobretzean, denok kaltetzen gaituelako».
Gaur egungo ereduaren kontrako kritikak ez ziren hor geratu: «Hezkuntzan ere ematen den eredu neoliberalari amaiera eman behar zaio, bide guztiz okerra, alderantzizkoa delako, eta ez duelako publikoa eta debaldekoa saritzen, dirudunak baizik», azpimarratu zuen Mintegik.
Hezkuntza eredu propioa
Mintegiren aurretik, Andoni Rojok hitz egin zuen ikasleen aurrean, eta Mintegik gerora argituko zituen arazoei EH Bilduk zer-nolako alternatibak planteatzen dituen izan zen bere diskurtsoaren muina.
Hezkuntza proiektu berri horren helburua, «eredu burujabe, publiko, unibertsal eta euskaldun» bat bilatzea izango litzateke. Horretarako, «gaurko unibertsitate tasa altuen jaitsiera proposatzen dugu, desagertze progresiboaren bidean».
Bolonia Plana bertan behera uztearen alde ere agertu zen Rojo, «hezkuntzaren pribatizazioa bilatzen dutelako». Horren aurrean, eredu publiko indartsua defendatu zuen, «beka eta laguntza ekonomiko zein akademikoetan oinarritua».
Laguntza horiek «berebiziko garrantzia hartzen dute garraioaren arloan, jakin badakigulako zulo itzela dela askorentzat». Gastu horiek ekiditeko, garraio publikoetarako gazte txartel berezia proposatzen du EH Bilduk.
Etxebizitza baterako sarbidea izateko batez ere gazteek zer-nolako arazoak dauzkaten ikusita, proposamena zabaldu zuen Rojok: «Pisu sozial partekatuak eskaintzea, alokairua gazteen diru sarreren %25 behera egongo delarik».