Kronika | Beste eztabaida
Hautesle guztiek hautagai guztiak txalotu zituztenekoa
Hautagaien eztabaida nagusia aurreratu egin zuten herenegun gauera Gasteizko Jimmy Jazz aretoan. Telebistako plato bihurtuta, Maite Berriozabal gai-jartzaileak Afrika Baeta kazetariaren papera bere gain hartu eta Manex Agirre, Fredi Paia, Miren Amuriza eta Julio Soto Gasteizko Parlamenturako hauteskundeetako lau hautagai nagusien buruan sarrarazi zituen.
Xabier IZAGA
Serio antzean agertu ziren platoan Antonio (Manex) Basagoiti -elastiko zuria jantzita, lema hau paparrean: «Somos más del 51%»-, Iñigo (Fredi) Urkullu, Laura (Miren) Mintegi eta... laugarren aulkia hutsik zegoen, Patxi (Julio) Lopez berandu iritsi zen-eta. AEBetan omen zegoen. Hura iritsi bitartean, beste hautagaien agurrak hasi ziren. Basagoitik sentimendu «vasco-espainola» nabarmendu zuen; Urkulluk, Jaungoikoa eta lege zaharrak; eta Mintegik, Euskal Herria. Patxi Lopez agertu zen ondoren, barkamen eske, kaskoa eta gorbata jantzita.
Moderatzaileak oraintsu arte Gobernua osatzeko itunari eutsi dietenei haren balorazioa eskatu zien. Lopez arranguratsu agertu zen, gaizki atera dela esanez, eta Basagoitik PSEri bota zion errua, «akojonatu» egin zela erantzunez. Lopezek, jaramon handirik egin gabe, EAJrekin gobernatzeko asmoa agertu zion.
Ondoren, Urkulluren txanda izan zen. Baetak Gobernutik kanpo izan diren lau urteez galdetuta, maltzur erantzun zuen Urkulluk, ondo etorri zaiela esanez, «Juan Jose» erretiratu eta kanpaina egin dietelako. Bizkaian eta Araban inkestak alde dituztela gogorarazi zuen, eta Gipuzkoan zabor artean dabiltzala.
Mintegi guztiekin hitz egiteko prest agertu zen, baina, hala ere, esan zuen ez duela Basagoiti molestatuko, eta ikus-entzuleek Manex Agirre ikusi izan ez balute, aurrean benetako Basagoiti zutela uste izango zuten, lehen «terrorista» zela eta orain poltrona nahi duela erantzun baitzion Mintegiri.
EH Bildukoa faborito argia zuten arren, hautesle-entzuleen hasierako txistuak txalo bihurtuz joan ziren giroa berotu ahala; jakina. Hautagaiek esandakoei ez, baina bertsolari-aktoreen ateraldiei. Gai ugari jorratu zituzten: ETAren erabakia, AHT («Etorkizunerako bidea/ trenbide horretan dago», Urkulluren ustez), preso politikoak, euskara, frackinga, ekonomia... tarteka solas xelebreak baina -edo beharbada horrexegatik- egiantzekoak eskainiz.
Azken agurrean, Patxi Lopezek saio osoan zehar erakutsi zuen «ziurtasuna» agertu zuen, dagoeneko ez dela presidentea eta euskarari, ezkerrari, Euskadiri eta «denari bai baina ez» esanez. Mintegik, berriz, Arnaldo Otegi gogoan, hauteskundeen ostean ere lan egitera deitu zuen: «Astelehenetik aurrera ere/ izango da lan ugeri/ eta gaur arte e(g)in dozuen legez/ lanean indartsu segi».
Horretara amaitu zen eztabaida, gutxienez benetakoak bezain barregarria eta zalantzarik gabe haiek baino entretenigarriagoa.