Ritxi AIZPURU Musika argitaratzailea
Musikaren txaloak
Musika mota guztietan konbentzionalismoak daude, bakoitzak bereak ditu, eta konbentzionalismo horiek hankaz gora bota nahi diren arren, hor segitzen dute. Erlijio termino bat maiz erabili ohi da kantari batzuen portaera erritual eta liturgikoa dela esateko. Rockean ohitura zaharrak dio ikus-entzuleek ongi pasa dezaten algara, oihu eta alkohola ia derrigorrezkoak direla, sexua guztietan baitago. Edo agian ideia hau ere konbentzionalismo hutsa al da? Musika klasikoaren inguruan bada araua dioena ezin dela txalorik jo kontzertuaren hainbat pasartetan. Dena delako arauen ehunekorik handiena XX. mendearen hasieran ezarri ziren, tradi- zionalismoan ainguraturik. Zergatik ezin da txalo zaparrada jo Mussorgskiren «Erakusketa bateko margoak» pieza-sortan eta bai EL&P hirukoak egindako izen bereko rock-operaren abesti bakoitzaren amaieran? Musika klasikoaren «txalo-araudiak» talka handia egiten du musika horrek pasarte batzuetan duen indar eta erritmo igoerekin. Eta zergatik egon behar da ixil-ixilik bakarlari batek barneko poesia samurki gureganatzen duenean? Zuzeneko motz eta biziak ditut gustukoen. 50-60 minutuko zuzenekoa nahikoa da, eta are gehiago etenik ez bada egiten abestitik abestira. Entzuleari ez zaio eman behar inolako atsedenik txaloak jotzeko, txundituta utzi behar da. Su-etenik gabeko zuzeneko arinek eta emankorrek eraldatuko lukete entzulea eta musikaria bera ere bai. Musikariek askoz hobeto prestatu beharko lituzkete etenik gabeko zuzenekoak. Txalo itzelak bukaeran, merezimendu osoz. Bis-ik ez, mesedez.