GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Sonia Gonzalez sagarroiak@gmail.com

(Europar) mafiaren familia

Inbertsio banku handietako mutilak dira Europako ildo ekonomiko eta soziala markatzen dutenak, eta ildo ekonomiko eta sozial hori aurrera ateratzen laguntzen dutenek banku handietan amaitzen dute

Mafia nahi duzue? Hauek txinatarrak ez badira ere, irakurtzea merezi duelakoan nago.

Gogoratzen duzue Goldman Sachs? Bai, zabor hipoteketan oinarritutako produktuak saltzen zituzten horiek eta aldi berean «lagunen» bitartez produktu horien kontra apustu egiten zuten eta galeren gaineko aseguruak kontratatzen zituztenak... Seguru asko, inork gutxik gogoratzen du subprime sasoi hura, batez ere Europa zorraren krisian sartu zenetik, baina zuotako gehienok ezagutuko dituzue, bai, momentu honetan zorraren krisi horri «irtenbidea» emateko aholku eta jarraibideak ematen dituzten EBZ (erdaraz BCE), NDF (erdaraz FMI) eta abarreko buruak.

Has gaitezen Mario Draghi nire kuttunarekin. Gure Mariok, orain EBZko presidentea denak, ibilbide luzea dauka lehendik. 1991n, Munduko Bankuko zuzendari exekutiboa izan ostean, Italia mailan hasi zen «lanean». Gobernuak etorri eta gobernuak joan, berak Tesoroko zuzendari karguari eutsi zion, 10 urtez. Tarte horretan finantza merkatuei bidea zabalduko zien «Draghi Legeaz» erditu zen eta, bitartean, Pribatizazio Komiteko buru ere bazenez, handik aurrera Italiako enpresa publiko nagusi guztiak pribatizatzea di-da batean etorri zen.

Eni energia enpresa publikoa horien artean zegoen. Eniko higiezinen ondare izugarria Goldman Sachsek eskuratu zuen, merke seguruenik. Esan barik doa Draghi Eniko Administrazio Kontseiluan ere bazegoela. Inork gutxi harrituko da segidan, hurrengo urtetik 2006ra, Goldmaneko Europa saileko presidenteorde bihurtu zela jakindakoan.

Tarte benetan iluna hura. Goldman Sachsek, Draghi buru zela, Greziako Gobernuari bere zorra ezkutatzen lagundu, eta aldi berean zor horren gainean espekulatzen zuen, denok ezagutzen dugun emaitzarekin. Honetan Antonio Borgesen laguntza izan zuen. Azken hau 2000tik 2008ra Goldman Sachseko Europako presidente eta presidenteordea izan baitzen. Ostean, NDFko Europa Saileko zuzendari bihurtu zen Grezia zein Irlandako maileguak ikuskatzeko ardurarekin. Baita Petros Christodoulou ere, 2000ko hamarkadan Greziako Banku Nazionaleko goi karguduna izan zena eta banku horren bitartez 2006tik aurrera Goldmanek asmatutako produktu deribatuak zor grekoa mozorrotzeko bideratu zituena, harik eta Greziako zor publikoaren agentziako arduradun izendatu zuten arte. Eta ez ahaztu Sutherland edo Monti (orain Italiako Gobernuan dagoen hori), Goldman Sachseko filial bateko zuzendaria eta aholkularia izan baino lehen europar komisarioak izan zirenak.

Inbertsio banku handietako mutilak dira Europako ildo ekonomiko eta soziala markatzen dutenak, eta ildo ekonomiko eta sozial hori aurrera ateratzen laguntzen dutenek banku handietan amaitzen dute. Familia handi-handi bat.

P.D.- Goldman Sachsek urteko hirugarren hiruhilekoan 1.172 milioi euro neto irabazi ditu. Bien bitartean, Draghiren mesedea jasotzeko, antza denez, PPren Gobernua erreskate «birtual» bat eskatzekotan dago. Eta, hurrengo baterako utziko badugu ere, «birtualitate» horrek ez gaitu memorandum berri bat sinatu eta baldintzak, hau da, murrizketa eta lapurreta gehiago, irensteaz salbatuko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo