Euskadiko Orkestra Sinfonikoak abonu denboraldi berrian 25 kontzertu eskainiko ditu
Datozen emanaldietan ikusiko dugunaren erakusle dira Michel Camilo pianistaz lagundurik gaur eta bihar Donostian joko dituzten kontzertuak, eta Bilbon, Gasteizen eta Iruñean jada eginikoak.
GARA | DONOSTIA
Euskadiko Orkestra Sinfonikoak bere kontzertu denboraldi berriko programa aurkeztu zuen atzo Donostian. Orkestraren 30. urteurrena dela-eta, musika klasikoa gizarteratzeko ahaleginak indartu ditu «Musika irekia» izeneko egitarauarekin. Azaldu zutenez, denbora horretan 3.000 emanaldi baino gehiago eskaini ditu orkestrak eta hiru milioi entzuletik gora izan ditu.
Orkestrako indargunea Abonu Denboraldia da, aurten irailaren 28an hasi eta datorren urteko ekainaren 17ra arte iraungo duena. Horren barruan guztira 25 kontzertu eskainiko dituzte, horietatik hamaika Bilbon, bi Donostian, bat Gasteizen eta hamar Iruñean.
Bizkaiko, Arabako eta Nafarroako hiriburuetatik pasa ostean, gaur eta bihar Donostiako Kursaalen izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa. EOS Michel Camilo pianista ari da kontzertu hauetan aurkezten, sari ugari jaso dituen piano-jotzailea.
Emanaldi horiez aparte, egitarauak beste hamabost proposamen ere biltzen ditu. Besteak beste, ezagunak diren errepertorioak zein ezohikoak interpretatuko ditu EOSek. Horien artean, Beethovenen 6., 7. eta 8. sinfoniak, Wagnerri omenaldi bat edo «Shakespeare in Love» ideia gogora ekartzen digun emanaldia. Tesela proiektua ere aipagarria da. Honi esker lau obra berri estreinatuko dira, EOSek lehen aldiz eskaintzen dituen beste hamaika obrekin batera.
Egitarau osatua
Zuzendarien artean ere berrikuntzak izango dira, aurretik orkestrarekin ibilitakoez gain berriak ere izango dituztelako. Bakarlariei dagokienez, puntako instrumentista eta kantariak izango dituzte (F.P. Zimmermann biolin-jotzailea, Asier Polo biolontxeloa edo Arantza Ezenarro sopranoa, adibidez). Horiekin batera, Anthony Lafarguer ikusi ahal izango dugu tinbal-bakarlari gisara.
Abonu denboraldiarekin batera, Orkestrari «behin betiko forma eta nortasuna ematen dion» jarduera-atalaren berri eman zuen Iñigo Alberdik, Orkestrako zuzendari nagusiak. Hala, Musika Gelaren eta Miramongo Matinéen egitaraua zabalduz doazela adierazi zuen. Musika Laborategia ere gero eta handiagoa egiten ari da, oraingo honetan Musikagileak elkartearen laguntzarekin.
Bestalde, Orkestrak lau irteera ere egingo ditu: Soriako Otoño Musical Soriano jaialdira, Madrilgo Unibertsitate Politeknikora, Donibane Lohizuneko Euskal Kostaldeko Musikaldira, eta Versaillesera (Paris). Azken honetan, Biarritzeko Malandain Balletarekin uztartuko dute musika klasikoa.