GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Desafioa

Zalduaren eta Irazuren arteko apustuak itxaron egin beharko du

J.L.

Jon Irazuren eta Xabier Zalduaren arteko apustuak itxaron egin beharko du. Biak jokatzeko adostasun batera iritsi dira, baina Irazuk eskuko hatz batean arazoak ditu, eta hamabost egun hartu ditu ikusteko lesio hori nola doan. Dena ongi baldin badoa, jokatuko da. Oraingoz, azaroaren 2an geratu dira Tolosako Kantabrikon, eta orduan jakingo dugu jokatuko duten ala ez.

Gainerakoan, bi aizkolariak ados jarri ziren ostiralean egindako bileran. Hasieran, Zalduak 20 kana-erdikotara jokatzeko bota zion desafioa, eta egur guztiak berak eramatekotan. Zizurkilgoa ez zegoen horrekin ados, eta eztabaidan aritu ostean, bi aizkolariek ados jartzea lortu zuten.

Aizkolari bakoitzak hamar kana-erdiko eta lau oinbiko ebaki beharko ditu. Egur txikiak Xabier Zalduak eramango ditu, eta handiak Jon Irazuk. Apustua urtarrilaren 27an jokatuko da Tolosako zezen-plazan, eta alde bakoitzak 6.000 euro jokatuko ditu dirutan.

Desafio honek izango duen beste aldaketa lekuarena izango da. Hasiera batean Asteasuko pilotalekuan jokatzeko asmoa agertu zuen Zalduak, baina azkenean Tolosako zezen-plazan neurtuko dira. Hori bai, horretarako Irazuk ondo ikusi nahi du bere burua, eskuko hatza ongi izan nahi du, entrenamenduak behar bezala egin ahal izateko.

Zizurkildarra prets zegoen beranduago jokatzeko ere, baina Zalduak ez zuen nahi, eta azkenean bi asteko epea hartu zuen Irazuk apustua jokatzeko erabakia hartu aurretik.

Azkenean jokatzeko moduan baldin badira, Irazuk bere lehen apustua jokatuko du, eta Zalduak, berriz, bere bosgarrena. Zumarragakoak ez daramatza urte asko aizkora munduan, baina apusturako grina handia erakutsi du orain arte.

Erasun, Kastro, Otaegi eta Olasagasti izan dira bere aurreko aurkariak. Aizkoran bakarrik, eta aizkoran eta korrika ere egin izan ditu apustuak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo