GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Maite Aristegi Amaiurko diputatua Madrilgo Kongresuan

Konponbide haizea Kolonbian ere

Konponbide haizea dakar udazkenak. Aieteko Adierazpena eta ETAren iragarpenaren urteurrenean, Eskoziaren eta Kolonbiaren argazki ederrak ikusi ditugu: bertako agintariak lanerako prest. Gurean aldiz, bake eta normalizazioaren alorra lehor dago

La próxima vez que hablemos, que sea de paz», hala entzun genion FARCeko gerrillariari, Piedad Cordobari, bahitutako polizia eta militarrak askatzerakoan mintzatzean. Apirilean izan zen hori. Eta iritsi da bakeaz hitz egiteko garaia. Baita Kolonbian ere. Herrialde hori, munduko gatazka latzenetarikoa sufritzen duena (Afganistangoa baino intentsitate handiagoko gerra urteetan), Iberiar penintsula gehi Frantzia besteko lurralde zabaleko 48 milioi kolonbiar kateatuta dituena, askatzeko bidean egon daiteke. Oso bake garrantzitsua, dudarik gabe, Latinoamerika guztiarentzat, baita guretzat ere.

Zailtasunak zailtasun, konstatazio batek ekarri ditu Osloko mahairaino. Kolonbiako jendarteak oso ondo baitaki zer eragin duen ia 50 urteko gerrak; milaka hildakoz gain, militarizazioak dakarren pobrezia, bazterkeria, injustizia, suntsipena, sarraskiak, milioika pertsona, bereziki umeak, goseak eta garapenik gabe, milaka preso politiko eta atxiloketa, aurkari politikoei jazarpena; azken batean, giza-eskubideen etengabeko bortxaketa. Eta aspalditxotik esaten: buka dadila behingoz sufrimendua! Eta ikusitakoak ikusita, Gobernua ere garaipen militarraren ezinaz eta porrotaz jabetuta eta, nahiz eta gerrilla ahulago egon, konponbiderako bide bakarra berba egin eta adostasunetara iristea da.

Eta erresistentziatik eraikuntzara pasatzeko nahia ageri da: hauts eginda dagoen herrialde ederra berregiteko ardura etiko eta morala. Borrokagatik etendako jendarte sarea astiro-astiro berriz josteko beharra.

Baina honaino ez dira berez iritsi: «gatazkaren bukaera eta bake iraunkorraren eraikuntzarako» akordio honetara ailegatzeko bide luze eta malkartsua igo da. Eta hau posible egin duten guztiak zoriondu beharra dago. Jendarte zibilak oro har pilak jarri ditu, bai, baina nola ahaztu justizia nahiaren bultzadan emakume mugimenduek egindako lana? Gerrillarengana hurbildu, beronen aldebakarreko pausoak lortu (bahitutakoen liberazioa, gerrillaren intentsitatea jaitsi) eta FARCen eta ELNren agiri eta programa bateratu horretara iristeko hainbat urtetan jasotako esperientziaz ederki baliatu dira: hala, emakumeek duintasunaren aldeko borroka askotatik barneratua, Erdialdeko Amerikan izandako negoziazio prozesuetatik ikasia aplikatu eta bultzatu dute. Horregatik, asko dira diotenak prozesu hau aurrekoen aldean desberdina dela; noski, esperientzia txarretatik zer ez egin ikasten delako, baina baita emakumeek bake prozesuetan duten indarra errotzen ari delako, nahiz eta negoziazio mahaietan presentzia hori hain nabarmena ez izan.

Nazioartearen babesa eta bultzada ere ezinbestekoak izan dira hizketan hasteko. Eta horiek ere zoriondu eta eskertu beharra dago. Kuban hitz egiten jardun ondoren, Oslo esanguratsuan bilduta, Txileren eta Venezuelaren babesarekin, Obama bera, Vatikanoa, Brasilgo Gobernua, EBeko kanpoko harremanetarako arduraduna eta Espainiako Gobernuaren bozeramailea ere (kanpoan uso, etxean otso) alde mintzatu dira.

Kasu honetan bai frogatzen dela Mandelak zioena: «Egin liteke, bai, borondate politikoa izanda, eta nazioarteko komunitateak babesten duenean».

Nazioarteko babes honek zein jendartearen bultzadak soilik berma dezake inork atzera ez egitea. Ibilbide honetan FARCek bere bakerako borondatea azaldu badu ere, ez da lortu paramilitarren arma-hotsa isiltzea. Su-eten giroa lortzea da orain behar-beharrezkoa; kolonbiarren giza eskubide guztiak bermatuta egon daitezela, horrek lagunduko dio prozesu honi benetan aurrera egiten. Badirudi bide horretan ELN ere laster gehitu daitekeela: hori ere beharrezkoa da benetako konponbidea aurkitzeko.

Argi dago kolonbiar herriak ez duela bortizkeria aukeratu. Eta erantzun armatua isiltzea ez da nahikoa izango. Gatazkaren muinera joan beharko da benetako bakea lortzeko. Biztanleen %1ek lurren %63ko jabetza duen tokian nekazaritzaren benetako erreforma eta garapena ezinbestekoak izango dira. Parte hartze politiko eta sindikala kriminalizatua, gatazkaren ondoriozko espetxeratuak, biktimak, bahituak... milaka zenbatzen diren tokian, narkotrafikoaren eragina bazter guztiak usteltzeraino iritsi denean... argi dago hasteko nazioarteko zuzenbide humanitarioa oinarri, justizia trantsizionala landu eta elkarbizitzarako minimo horiek adostu beharko dituztela. Ez dute ez lan makala!

Bihoazkie hemendik gure animoa eta indar on guztiak bake prozesu hau justizia-arrakastaz bururaino eraman dadin. Kolonbiar herriak Euskal Herria eta bereziki ezker abertzalea bidelagun izan ditu eta etorkizunean ere bake justu eta iraunkor bat bilatze honetan hala izango ditu.

Konponbide haizea dakar udazkenak. Aieteko Adierazpena eta ETAren iragarpenaren urteurrenean, Eskoziaren eta Kolonbiaren argazki ederrak ikusi ditugu: bertako agintariak lanerako prest. Gurean aldiz, bake eta normalizazioaren alorra lehor dago. Konpondu beharko luketenek, beti ezetza eta mendeku nahia. Baina herriaren zati handi batek hitz egin du: orbel-papeletak benetako konponbide eta bake justu baten alde mugitu dira. Mugi bada, eskura dezagun Kolonbian zein Euskal Herrian amestutako burujabetasuna!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo