GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Isilean baina ezkerreko abertzaleen gogoan

Txomin Ziluagaren heriotzaren berri emateko, «buruzagi historikoa» izendapena erabili zuten atzo hedabide guztien gune digitalek, zuzen erabili ere. Eta topikotik urrun, Ziluagak ezker abertzalearen historian ez ezik, Euskal Herriarenean ere aipamen berezia izango du-eta, Telesforo Monzon, Santi Brouard, Jon Idigoras, Jokin Gorostidi eta beste hainbaten ondoan. Euskal abertzaletasunaren bilakaeran berebiziko garrantzia izan duen belaunaldi batekoa zen, frankismo betean euskal kontzientzia nazional eta soziala kalera atera eta zabaldu zuen hartakoa, hain zuzen, eta bere burkide asko legez, jazarria eta kartzelatua. HASI alderdiaren idazkari nagusi eta Herri Batasunako sortzaile eta mahaikide izan ondoren, jardun akademikoari ekin zion UNEDen, baina euskal politikaren nondik norakoari begirik kendu gabe. Azken hamarraldian berriro agertu zen jendaurrean, eta gaur egun abian den prozesura iristeko bere ekarpena egin zuen, bere burua gehiegi nabarmendu gabe, ordea. Eta bere burua nabarmendu gabe joan zen atzo goizean, isilean baina haren lana eta haren konpromisoa ezkerreko abertzale guztien gogoan. Izan ere, haren bizitza Euskal Herriarekiko eta munduko herri guztiekiko konpromisoak betetako bizitza izan da. Ezagutu dutenek, baina baita haren ibilbidearen berri dutenek ere, badakite, halaber, esandako guztia ez dela hil ondoko lausengu merkea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo