GARA > Idatzia > Ekonomia

Arcelorrek negoziazioa baztertu eta lan erreforma ezarri nahi duela dio LABek

Arcelorrek Gipuzkoan dituen hiru zentroetako langileek urriaren 31ra arte dute epea zuzendaritzarekin akordio batera iristeko; hala ez bada, lan erreforma baliatuko du enpresak. Besteak beste, soldatak txikitu, lanorduak handitu eta antzinatasuna ezabatu nahi du zuzendaritzak.

p030_f02.jpg

Iraia OIARZABAL | DONOSTIA

Enpresaren egoera ekonomikoa okertu egin dela argudiatuta, langileen lan baldintzak aldatu nahi ditu Arcelorrek Gipuzkoan. Hala adierazi zuten atzo Donostian Olaberria, Zumarraga eta Bergarako lantegietako LABeko ordezkariek. Zuzendaritzak negoziazio kolektiboaren aurrean hartu duen jarrera salatu zuen Jon Ander Goñi LABeko Metal arloko ordezkariak.

Enpresak mahai gainean jarritako neurrien artean, langileen soldata %34 jaistea, 2015. urtera arte soldata izoztea, 96 lanordu gehiago ezartzea eta antzinatasuna ezabatzea daude. Goñiren ustez, proposamen hori «Estatu mailako akordio markopean dauden lan zentroei luzatutakoa baino proposamen askoz atzerakoiagoa da».

Gainera, urriaren 31rako akordio batera iritsi ezean, enpresak lan erreformak ematen dituen aukerak «indarrez inposatuko» dituela ohartarazi zuen. «Arcelor Mittalek Gipuzkoako lan zentroetan inposaketa eta mehatxuak erabiliz ekin dio negoziazio kolektiboari», salatu zuen Goñik. Era berean, enpresak negoziatzeko benetako borondatea ote duen galdegin zuen.

Argudiorik ez

Lan baldintzak aldatzeko, enpresak inongo argudiorik ez duela aurkeztu adierazi zuen Goñik. Horrela, langileek hitzarmena aldatzeko egitasmoa ezagutzeko eskubidea dutela baieztatu zuen, eta enpresa erabaki horretara eraman duten arrazoiak azaltzen dituen dokumentua aurkeztea ere nahitaezkoa dela adierazi zuen, horregatik txostena mahai gainean jartzeko eskaera egin zion zuzendaritzari.

«LABek ez du inposaketa, beldur eta mehatxuan oinarritutako lan harreman eta negoziazio eredurik onartuko», azpimarratu zuen Metaleko ordezkariak. Zentzu horretan, soilik elkarrizketan eta elkarren arteko errespetuan oinarritutako negoziazioa onar dezaketela gaineratu zuen.

Egoera zein den ikusita, LABeko ordezkariek mobilizazioetara jotzeko beharra defendatu zuten eta erantzun bateratu bat emateko deia luzatu zieten gainontzeko sindikatuei. Oraingoz, Olaberriko ordezkaritza sindikalak mobilizazio bateratua deitu du astelehenerako.

Halaber, LABeko kideek ezinbestekotzat jo zuten zuzendaritzak bere jarrera aldatzea eta, zehazki, Hego Euskal Herrian dituen zentroetan negoziaziorako euskal eremua aitortu eta errespetatzeko eskatu zioten.

sidenor

Fakturazioa murriztu dela argudiatuta, Gerdau Sidenorren ere hitzarmen kolektiboa aldatzeko asmoa agertu du zuzendaritzak, enpresaren «bideragarritasuna» bermatze aldera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo