ZIENTZIA
Energia berriztagarriak eta internet sarea uztartuz
Nazioarteko krisi ekonomikoa, segurtasun energetikoa eta aldaketa klimatikoari aurre eginen liokeen alternatiba bezala aurkeztua da «hirugarren iraultza industriala». Beste hainbaten artean, Jeremy Rifkin ekonomialariak sustatzen duen teoria horren arabera, ziberkomunikazioaren egungo munduak, egun indarrean den industria ereduan «iraultza handiak» ekarriko ditu. Licenciada en Ingeniería (especialidad de Matemática Aplicada) por la Universidad de Lovaina y doctora en Economía, se incorporó a la Facultad de Ciencias Económicas y Empresariales de la UPV en 2008, tras 15 años de experiencia académica. Ahora también es investigadora de Ikerbasque.
Ainize BUTRON
Hirugarren iraultza industriala, 2007an ofizialki onartua izan zen Europako Parlamentuan, eta gaur egun, erabaki horri esker, egungo gizartea eraldaketa horretara eramango duten lehen zutoinak eraikitzen hasiak dira.
Jeremy Rifkin, ekonomialari estatubatuarra eta teoria horren bultzatzailea, «iraultza» horren nondik norakoak azaltzera hurbildu zen joan den astean Bidarteko Estia ingeniaritza eskolara. 2011n, «The Third Industrial Revolution» izenburuko liburua kaleratu zuen, eta, bertan, bere esanetan, hamar bat urte barru orokortzen hasiko den industria berri horren ardatz nagusiak plazaratzen ditu.
«Historian komunikazio iraultzak gertatzen direlarik, aldaketa handiak gertatzen dira», azaldu zuen zientzialari eta ekonomialariak, Bidarten eginiko hitzaldian.
Industrian gertatuko den eraldaketa nabarmen hori Internet sarea eta energia berriztagarrien garapenean oinarritzen da, eta, gaur egun, indarrean dagoen energia fosilen erabilera bazter uzteko aukera emango du.
Minizentral elektrikoak
Energia berriztagarrien sailean sortu diren tresna guztiei esker, gaur egun, eraikin edo etxe guztietan haizea, eguzkia, biomasa edo hondakinen bidez argindarra ekoizteko aukera dagoela argitu du Rifkinek.
Ekoizpen horretatik ateratzen den energia kopurua etxebizitza batentzat beharrezkoa dena baino handiagoa izango denez, Interneten ereduari jarraituz, norberak energia hori sarean doan zabaltzeko aukera izango du, hirugarren iraultza industrialaren teoriaren arabera.
Eta ekoiztutako energia hori biltzeko hidrogenoa baliatu beharko dela dio Rifkinek, eta, ondotik Internet baliatzen ahalko da garraiatzaile bezala. «Eraikin guztiak minizentral elektriko bilakatuko dira», iragarri zuen zientzialariak. Jeremy Rifkin Europa zein Kanada eta Ameriketako Estatu Batuetako herri, eskualde eta gobernuekin lanean dabilen garapen ekonomikorako talde baten arduraduna da. Talde horren xedea, hirugarren industria iraultza hori prestatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak antolatzea da, eta trantsizio ekonomikoa gauzatzeko planak egiteko tresnak eskaintzea.
Gaur egun arlo horretan ahalegin handiena egin duen herria Alemania da. Rifkinek gogoratu zuenez, Angela Merkel kantzilerrak ekonomia suspertzeko eta etorkizuneko milaka lanpostu sortzeko, hirugarren iraultza industrialak finkatzen duen eredurantz abiatzea aholkatu du.
Alemaniak baliatzen duen argindarraren %20 energia berriztagarrien bidez ekoiztua da, eta zortzi urte barru kopuru hori %35era handitzeko asmoa dauka. «Milaka eraikuntza energia ekoizten ari dira. Hamar urte barru kopurua bikoiztuko da, eta hogeita hamar urteren buruan milioika izango dira. Eskuko telefonoen bidez, informazioa doan bidaltzeko aukera dago gaur egun. Bihar, energia bidaltzen ahalko da. Merkel Alemaniako buru denetik milaka etxek zentralak dituzte», argitu zuen zientzialari eta ekonomialariak.
Eta ekonomia sailean ekarriko lukeen onura azaldu nahian, betiere, Alemaniaren adibidea eman zuen Rifkinek, bertan, energia berriztagarrien garapenari esker, 375.000 lanpostu sortu direla azalduz.
Alemaniako elektrizitate hornitzailea Kanadako enpresa batekin harremanetan jarri, eta etxeetan ekoizten den argindarra nola metatzen ahal den aztertzen dabiltzala ere zehaztu zuen zientzialariak. Hidrogenoarekin egin ahal izateko zerbitzuak kaleratuak dituzte jada Alemaniako bost enpresek.
Belaunaldi aldaketa
Rifkinen iritziz, abian jarri den iraultza belaunaldi eraldaketa bati lotuta dago. Lehen eta bigarren iraultza industrialak «boterearen zentralizazioan bermatu» ondoren, hirugarren iraultzak gizarte ereduaren aldaketa sakon baterantz eramango lituzke herriak, energiaren banaketa eta demokratizazioan oinarritzen baita. «Lehenagoko ereduan murgildu den belaunaldikoek aldaketa horiek txartzat ematen dituzte. Ez da gehiago piramide antolaketa bat izango. Interneten garaian bizi diren guztiek badakite harremana gizakidetik gizakidera izaten dela», nabarmendu zuen. Europa mailan, eredu horretarantz bideratzeko lanabesak abian jarriak, eta Alemanian gauzatzen hasiak badira ere, herri guztiak ez dira maila berdinean barnatuak hirugarren iraultza horren gauzapenean.
Energia nuklearrari lehentasuna ematen dion Estatu frantsesaren adibidea jarri zioten Rifkini, iragartzen duen teoria benetan gauzatzeko bidean ote dagoen galdera egiterakoan. Energien banaketan EDF enpresak du monopolioa Estatu frantsesean, eta, energia berriztagarrien garapenean indar gutxi jartzen ditu gaur egun Gobernuak.
Jeremy Rifkin ez zen kezkaturik agertu Estatu frantsesean sor litezkeen oztopoak aipatzerakoan. Hasiak dira EDF enpresarekin hitz egiten, nola egin daitekeen eztabaidatzeko. «Ez dira pozik, baina, badakite ez dutela hauturik. Trenera igo behar dute nahi hala ez», ondorioztatu zuen.
Herri guztiek elektrizitatea sarearen bidez bidaltzen badute, eta sarera milioika erabiltzaile gehitzen badira, egungo zentral nuklearrek ekoizten duten argindarra «txiki geratuko» dela deritzo ekonomialariak.
«Interneten sorrerarekin eremu askotan sakoneko aldaketak izan dira. Hainbat industriak iraultza handiak jasan dituzte, musikarenak, esate baterako. EDFk ezingo du deus egin horren aurka eta badaki», gaineratu zuen zientzialariak. Hogeita hamar urteko epea ematen du, beraz, Rifkinek, eredu berri hori guztiz orokortua izateko.