GARA > Idatzia > Euskal Herria

Alderdi eta sindikatu ugarik bat egin dute Baionako manifestazioarekin

Alderdi politiko, sindikatu eta eragile sozial anitzek bat egin dute Herrira mugimenduak euskal preso politikoen eskubideen alde azaroaren 10ean Baionan burutuko duen manifestazio nazionalarekin.

GARA | BILBO

Herrira mugimenduak euskal presoen eskubideen alde datorren azaroaren 10erako Baionan antolatu duen manifestazioari babesa adierazi zioten atzo arlo sindikal, politiko eta sozialeko hainbat eragilek.

Babes manifestua sinatu zuten. «Hamarkadetan luzatu den gatazkari konponbide justu bat eman eta denon artean bakea eraikitzeko aukera berriak zabaldu dira», nabarmentzen du manifestuak. Bide horretan, «beharrezkoa izango da preso eta ihesean diren herritarren afera konpontzea», dio.

Horretarako, Aieteko Konferentzian bildu ziren adituen aholkuari jarraituz, sei aldarrikapen zehaztu, eta herritarrei ere dei egiten diete horien alde agertzeko Baionan: euskal presoak Euskal Herrira ekartzea, gaitz larriak dituztenak askatzea, «Parot doktrina» kentzea, zigorraren bi herenak/hiru laurdenak bete dituztenak askatzea, bakartze zigorrei eta iheslarien jazarpenari amaiera ematea.

EH Bildu osatzen duten alderdiak, EB, HIRU, EHNE, ESK eta LAB sindikatuak, eta mugimendu feminista, internazionalista, antifaxista eta euskaltzaleko ordezkariak dira atxikimendua adierazi duten batzuk.

Presoen aldeko elkarretaratzeak izan ziren atzo Errotxapean (43 lagun) eta Atarrabian (46): Mikel Almandoz aske uztea aldarrikatu zuten honetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo