GARA > Idatzia > Mundua

Gose greban daude 600dik gora preso kurdu, Ocalanen eskubideen defentsan

Turkiako kartzeletan sakabanatuta dauden 615 preso kurdu gose greban daude, Abdulah Ocalan liderrari senide zein abokatuaren bisitak berrezar diezazkioten eta auzi kurduari irtenbidea ematea helburu. Ankara eurekin bildu da, baina ez du eskariak betetzeko asmorik azaldu.

GARA | ANKARA

Turkiako kartzeletan sakabanatuta dauden preso kurduek gose greba mugagabeari ekin zioten irailaren 12an, Abdulah Ocalan lider kurduari ukatu dioten eta preso guztien eskubide unibertsala den senideen eta abokatuaren bisitak ezar diezazkioten, baita Kurdistanek bizi duen gatazka egoerari irtenbidea aurkitzeko pausoak emateko.

Abdulah Ocalan 1999 sartu zuten preso eta ordutik irla batean bakartuta dute. Kurduen aburuz, bizi duten gatazkaren konponbiderako giltzarrietako bat da Ocalan.

Justizia ministro turkiarrak greban dauden preso kurduei, guztira 58 kartzelatan banatuta dauden 615 preso ingururi, euren protesta ekintza bertan behera uzteko eskatu zien atzo, beti ere Gobernuak presoen eskariak betetzeko asmoa duen ala ez zehaztu gabe.

«Euren gorputzaren, osasunaren eta senideen hobe beharrez ekintza bertan behera utz dezaten eskatu diet», adierazi zien hedabideetako kazetariei Sadulah Erginek, Sincaneko kartzelan, Ankara kanpoaldean, grebalariekin lehen bilera egin ondoren.

Ministroak Turkiako Gobernuak «horrelako ekintzak egin behar ez izateko» lan egiten duela gehitu zuen, Ankarak greban dauden presoen eskariak beteko dituen ala ez argitu gabe.

Kurduen aldeko erakundeen esanetan, greban diren presoen egoera gero eta okerragoa da eta egunek aurrera egin ahala euren bizia arriskuan jartzen ari dira. Horrez gain, Turkiako agintariei gatazkari irtenbidea emateko eta grebalarien egoera gehiago ez okertzeko pausoak emateko eskatu diete.

Gose grebalarien artean, besteak beste, kurduen alderdi nagusi BDPko -Bakearen eta Demokraziaren Alderdia- hainbat buruzagi eta kide garrantzitsu daude.

Guztira, 30 alkate, sei diputatu eta BDPren Kontseiluko 56 kide baino gehiago daude preso gaur egun.

Turkiako justiziak erakunde kurduen aurkako eraso judizialari ekin zion pasa den urtean, ehunka pertsona kartzelatuz, tartean, hainbat kazetari eta politikari.

Eskubide Zibilen aldeko Turkiako Elkarteak 1980tik hona gose greba eginda gutxienez 144 preso hil direla gogorarazi zuen komunikatu baten bitartez.

Gainera, gose grebalariak indarrez, euren borondatearen aurka, elikatzea eta presondegietako gelaxketan kokatzeak, daukaten osasun egoera kaskarra okertzen duela ohartarazi zuen elkarteak, Gobernuari gose grebalariekin elkarrizketarako bideak martxan jartzeko eskaria egiteaz batera.

MANIFESTAZIOA

Turkiako Poliziak gas negar-eragileak erabili zituen atzo Istanbulen gose greban diren presoen alde elkartu ziren 300 manifestari ingururen aurka. Bakirkoy auzoan, emakume kartzela baten parean, egin zuten protesta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo